Memoriaren Egunean Lehendakariak nabarmendu duenez biktima guztiek merezi dute aitorpena eta erreparazioa

Argitalpen-data: 

Hiru irizpide nabarmendu ditu Lehendakariak gizartea batzeko eta biktimak aintzatesteko: ez nahastea, ez legitimatzea eta ez baztertzea

Hau izan da ekitaldiaren lema: Memoriaren pedagogia kritikoa. Euskal gizartea: argiak eta itzalak

Ehun pertsona bertaratu dira ekitaldira eta terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen bost alabak, legez aintzatetsiak, hartu dute hitza: Naiara Zamarreño, Ainara Olaciregui, Sandra Carrasco, Maider García eta Jaione San Sebastián

Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusian parte hartu du Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur eguerdian, Donostiako Miramar Jauregian. Ekitaldian, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimetako batzuen alaben testigantzak entzun ahal izan dira (Naiara Zamarreño, Ainara Olaciregui, Sandra Carrasco, Maider García eta Jaione San Sebastián, legez aintzatetsiak). Haien testigantzen ondoren, euskal gizarteak azken 60 urte hauetan jokatutako paperaren analisi kritiko bat egin du Lehendakariak, “argiak eta itzalak” adieraziz. Ondorio gisa, Lehendakariak esan duenez “biktima guztiek merezi dute aintzatespen bat eta ordain bat” eta hiru irizpide etiko gaineratu ditu “batu egin ahal izango gaituztenak”: ez nahastea, ez legitimatzea eta ez baztertzea”

Urkullu Lehendakariarekin batera izan dira terrorismoaren eta indarkeriaren 40 bat biktima; Eusko Jaurlaritzako sailburuak; Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández; Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro; Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando eta euskal instituzioetako ordezkariak.

Argiak eta itzalak

Ekitaldia 13:00etan hasi da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldi batekin eta bertan parte hartu dute terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen bost alabak: Naiara Zamarreño, Ainara Olaciregui, Sandra Carrasco, Maider García eta Jaione San Sebastián. Haien aiten hilketarekin haurtzaroa eta nerabezaroa errotik erauzi zitzaizkien pertsonak dira. Bostek izan dute elkarrizketa bat euskal gizarteak jokatutako paperaren argiei eta itzalei buruz duela gutxiko Memorian eta datozen belaunaldiei memoria kritikoa transmititzeko moduari buruz.

Ekitaldia ixteko, deklarazio instituzional bat egin du Lehendakariak, euskal gizarteari zuzendua. Bere diskurtsoan, euskal gizarteak jokatutako paperari buruzko analisi kritikoarekin jarraitu du eta horretarako Gogora Institutuak landutako dokumentu bateko pasarteak nabarmendu ditu: Memoriaren pedagogia kritikoa. Euskal gizartea: argiak eta itzalak”.

70eko eta 80ko urteei buruz, Lehendakariak aipatu ditu “itzalak, hau da, gizartearen aldetik biktimek sufritutako bazterketa: “1987ra arte bakarrik 586 hildako eragin zituen. Euskal gizartearen, eta bertako erakunde eta instituzioen erantzuna ez zen egon indarkeria hark eskatzen zuenaren eta biktimek merezi zutenaren mailan”. Gainera, gogora ekarri du 80ko urteetan, GALek 29 hilketa eragin zituela eta “biktimek diskriminazioa eta haien existentziaren eta errealitatearen ukapen ofiziala sufritu zituztela.” “Autokritika egiten dugu” esan du Lehendakariak, eta gaineratu duenez “lehenago, hobeto eta batera erreakzionatu behar izan genuen”.

“Argiei” dagokienez, Lehendakariak nabarmendu du 80ko urteen amaieran eta 90ekoen hasieran hazten joan zela gizartearen erantzuna. “1990az geroztik, gizartea gutxika joan zen inplikatzen eta antolatzen terrorismoaren eta indarkeriaren aurka, biktimen alde, giza eskubideen, elkarrizketaren eta bizikidetzaren defentsan”, azaldu du.

Ondorio moduan, hiru irizpide etiko azpimarratu ditu Lehendakariak, “guztiok batu ahal izango gaituztenak” eta “biktimak aintzatetsi ahal izango dituztenak”: ez nahastea, ez legitimatzea eta ez baztertzea.

  • EZ nahastea. Hausnarketa kritiko batek ezin du generikoa bakarrik izan; eskatu egiten du edozein terrorismo edo indarkeria moduren legitimazioaren, konpentsazioaren edo minimizazioaren gaitzespena espezifikoa eta kasu bakoitzean bereizia izatea.
  • EZ legitimatzea. Memoria kritiko batek ezin du onartu aitzakia bakar bat ere erabiltzea edozein terrorismo edo indarkeria modu legitimatzeko, justifikatzeko, konpentsatzeko edo minimizatzeko.
  • EZ baztertzea. Begirada kritikoak ezin du baztertu terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketa modu bakar bat ere. Indarkeria guztiak eta biktima guztiak hartu behar ditu barnean. Giza eskubideak bereizezinak dira.

Giza eskubideak bereizezinak direla eta biktima guztiei aintzatespen bat eta ordain bat zor zaiela esanez amaitu du bere diskurtsoa Lehendakariak.