Fermín Monasterioren oroitzapen eta omenaldi-ekitaldian izan da Lehendakaria ETAk hil zuenetik 50 urte bete direnean

Argitalpen-data: 

Fermín Monasterioren oroitzapen eta omenaldi-ekitaldian izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria, ETAk hil zuenetik 50 urte bete direnean. Ekitaldian izan dira Josu Erkoreka, Beatriz Artolazabal, Pedro Azpiazu, Cristina Uriarte, Nekane Murga, Estefanía Beltrán de Heredia eta Mª Jesús San José sailburua, baita Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández eta omenaldia antolatu duen Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro ere.

Fermín Monasterioren oroitzapen eta omenaldi-ekitaldian izan da Lehendakaria ETAk hil zuenetik 50 urte bete direnean

Casilda Iturrizar parkean izan da ekitaldia, eta Bilboko alkate Juan Mª Aburto eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui ere bertan izan dira.

ETAk hildako lehenengo pertsona zibila izandako Fermín Monasterioren familiarekiko hurbiltasuna, maitasuna eta solidaritatea erakutsi ditu Lehendakariak bere jardunean. Iñigo Urkulluk, Lehendakari den aldetik, eta euskal gizartearen ordezkari gisa, argi eta garbi adierazi du injustizia bat izan zela Fermínen hilketa. “Inoiz gertatu behar ez zuen injustizia”, nabarmendu du.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, arrazoi askorengatik kondenatu izan da ETA baina, batez ere, bere atentatuetako bakoitzak sufrimendu konponezina sorrarazi zuelako gizakiengan, “merezi ez zuten haiengan”, gaineratu du.

Iñigo Urkulluk esandakoaren arabera, Fermín Monasterioren heriotza probokatutako heriotza bat izan zen, bizitza erauzi ziona eta Rosariorekin eta bere alabekin batera zituen ilusioak eta bizi-proiektua zapuztu zituena. “Zuen adibideak itxaropena islatzen du etorkizunean”, gaineratu du, Monasterioren familiari zuzenduz. Zentzu horretan, Lehendakariak azpimarratu duenez, mundu hobeago bat eraikitzeko helburuan murgildutako bizipen bilakatu dute jasan duten sufrimendu bidegabea. “Indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzen laguntzen duzue, errespetuan oinarrituta elkar bizitzeko gai dena”, adierazi du.

Terrorismoaren biktimen omenezko Monolitoan egin da ekitaldia. Bertan, Fermín Monasterio lehena izan zela baina biktima errugabeen zerrenda luze batek jarraitzen diola azpimarratu du Lehendakariak. “Biktima bakoitzarekin, biktima guztiak ekartzen ditugu gogora”, gaineratu du.

Bestalde, Fermín Monasterioren memoria zaintzearen alde euskal instituzioek hartua duten konpromisoa adierazi du Lehendakariak, eta etorkizuneko belaunaldiei ezagutzera emateko “inoiz gertatu behar ez zuena, eta berriro ere inoiz gertatu behar ez duten hutsegitea eta izugarrikeria”.

Esandakoaren ondoren, bertaratuek lore-eskaintzan lagundu diote Fermín Monasterioren familiari.