Lehendakariak Familiartekoei banatu dizkie zeanurin lurpetik arteratako bost milizianoren gorpuzkiak

Argitalpen-data: 

Lehendakaria: gaur desagertutako biktimen familiek jasandako sufrimendu bidegabearen aitorpena egin nahi dugu

Pedro García Gil, Pedro San Millán Beitia e Isaías Rebollo Cardo, José María Alberdi Ruiz eta Valentín Fernández Soto Euskadiko memoria kolektiboaren zati dira, Lehendakariaren hitzen arabera

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da, gaur arratsaldean, Gerra Zibileko bost milizianoak gogora ekartzeko eta beren gorpuzkiak familiarteko eta hurbilekoei banatzeko ekitaldiko buru: Pedro García Gil, Pedro San Millán Beitia e Isaías Rebollo Cardo, José María Alberdi Ruiz eta Valentín Fernández Soto. Gogora Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan, gorpuzkiak Altun mendian atera zituen lurpetik, Bizkaian, Zeanuri udalerrian, 2017ko azaroan. Horiek identifikatu ondoren, Lehendakariak honako hau esan du: “gaur 80 urte baino gehiagoz desagertuta egon diren bost pertsona bilatzeko zikloa ixten da eta ahaztuta eduki nahi izan direnak aintzatesteko zikloa irekitzen dugu”.

Ekitaldia Gogorak Bilbon duen egoitzan izan da. Lehendakariarekin batera, ekitaldian identifikatutako bost pertsonetatik lauren familiartekoek parte hartu dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria izan dira. Gerra Zibileko milizianoen familiek eskerrak eman dituzte Eusko Jaurlaritzak eginiko lanagatik.

Lehendakariak esan bezala, pertsona horiek “gure herrialdearen memoria kolektiboa”ren parte dira. “Desagertutako biktimen familiek jasandako sufrimendu bidegabearen aitorpena egin nahi dugu gaur”, esan du Lehendakariak, bertan izan diren familiei zuzenduta. Lehendakariak konpromisoa hartu du “gure herrialdearen memorian merezi duten lekua emateko”, eta “aurkitzeko lanean jarraitzeko, gure memoria ezer isildu eta ahaztu gabe eraikitzeko”.

Milizianoen bost gorpuzkietatik hiru lurperatu egingo dira, jarraian, Duintasunaren Kolunbarioan, Elgoibarren. Gainerakoen kasuan, familiek beren hilerrietara eramango dituzte.

Lurpetik ateratzea eta identifikatzea

2017ko azaroaren 18an, lurpetik atera ziren gorpu batzuk Altun mendian, Zeanurin, Pedro San Millán Beitiaren gorpuzkiak bilatzen ari zirela; lepoko zenbakidun plakari esker identifikatu zen. Lanak hasita, gerra-lubakia izan zen hartan beste lau gorpu aurkitu ziren, beste identifikazio-plaka birekin eta egunerokotasunean erabiltzen zituzten beste tresna batzuekin batera. Perezagua Batailoiko kideak ziren.

Horietako hiru une hartan zeramaten txapako zenbakiari esker identifikatu ziren (Pedro García Gil, Pedro San Millán Beitia eta Isaías Rebollo Cardo). DNA proba baten bidez egiaztatu zen José María Alberdi Ruizen identitatea, eta ikerketa historikoak Valentín Fernández Soto identifikatzeko probabilitate-maila altuak erakutsi zituen.