Argitalpen-data: 2015/10/19

Lehendakaria Gogora ren Zuzendaritza Kontseiluaren lehenengo bileraren buru izan da

Zuzendaritza Kontseiluan, Eusko Jaurlaritzaren, Legebiltzarraren, hiru aldundien eta Eudelen ordezkariez gain Eusko Legebiltzarrak izendatutako eta gaian adituak diren hiru pertsona ere badaude

  • Lehen bileran Estatutuak eta 2015-2016 aldirako Jarduera Plana eta 2016rako aurrekontuaren aurreproiektua onartu dituzte
  • Lehen bileran Estatutuak eta 2015-2016 aldirako Jarduera Plana eta 2016rako aurrekontuaren aurreproiektua onartu dituzte

Gogora izeneko Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluaren lehen bileraren buru izan da Iñigo Urkullu lehendakaria; gaur arratsaldean Bilbon egin dute bilera hori. Aipatutako organoa eratuta gelditu da Estatutuak, aurrekontua eta 2015-2016 aldirako Jarduera Programa onartu ondoren. Datorren urteko jarduera Institutua zeharkako 18 proiekturen bitartez finkatzera egongo da bideratuta; proiektuok memoria historikoari eta oraintsuko memoriari buruzkoak dira.

Estatutuak eta aurrekontua

Zuzendaritza Kontseiluak Estatutuen dekretu-proiektua ontzat jo du; besteak beste, Memoriaren Institutuaren helburuak, eginkizunak, zerbitzuak  eta gobernu-organoak arautzen ditu aipatutako dekretuak.  Proposamen hori gobernu-kontseiluari aurkeztuko diote ondoren onar dadin.  Halaber, Institutuaren aurrekontu proiektua (1,5 milioi euro) ere onetsi dute; aurrekontu hori 2016rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren proiektuan jasoko da.

2 fase

Gogora institutuaren lanak, etorkizunari begira, bi fase izango ditu: lehena, Institutua sendotzekoa (proiektua, kudeaketa-taldea, ikerketa, etab.), 2015 eta 2016 urteetan gauzatzekoa, eta bigarrena, hedapenekoa, 2016-2020 legegintzaldian gauzatzekoa. (Gogora k sorrerako printzipio etikoak eta egungo eta etorkizuneko akordioak zainduko ditu.)

Proiektuak

Lehen fase honetan (2015-16), 18 proiektu planteatu dira, kudeaketarekin, ikerketarekin loturan eta hiru oinarri tematiko hauetan sailkatuak: zeharkako proiektuak, Memoria Historikoari buruzkoak (1936--1975) eta Oraintsuko Memoriari buruzkoak (1960-2011). 

Erantsitako balioa

Lehenengo faseari begira, jarduera programak planteatzen du erantsitako balio modura bi ardatz problematiko handi ikustea: iraganeko irakurketak eta hainbat sentsibilitate politiko memoriaren politika publikoen proiekzioan. Ildo horretatik, Institutuak memoriaren politika publikoa bideratuko du  “edozein indarkeriaren kasuan elkarbizitza demokratiko eta inklusiboaren alde, parekatze konpentsazioak onartu gabe eta horietako bakoitzeko hausnarketa kritika eta autonomoa sustatuz diskriminaziorik eta hutsunerik  gabe”. Horretaz gain, jarduera planak eransten du aniztasuna “memoriaren ondare baliotsua” dela, baina, argi eta garbi ezartzen du memoria demokratikoaren muga  “gerraren, totalitarismoaren, terrorismoaren eta edozein indarkeria motaren eta gisa eskubideen urraketa arbuiatu” behar dela ezarriz.

Testuingurua

2014ko azaroaren 27an, Eusko Legebiltzarrak 4/2014 Legea onartu zuen, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa. 2015eko ekainaren 17an, 16/2015 dekretua sortu zen, non Institutuaren jardunaren hasiera-data finkatzen baitzen: 2015eko uztailaren 1a, hain zuen.  Gobernu Kontseiluak, ekainaren 23ko saioan, Institutuaren zuzendaria izendatzeko dekretua ere onartu zuen.  Ekainean bertan, halaber, Institutuaren egoitzaren kokalekua ezagutarazi zuten. Euskadiko Artxibo Historikoa hartzen duen eraikineko hirugarren solairuan egongo da.

Aintzane Ezenarro Institutuko zuzendariak azpimarratu du Gogora akordio anitz batekin abiarazten dela eta adierazi du institutuaren sorrerako printzipio etikoak zainduko dituela eta oraingo eta etorkizuneko kontsentsuak landuko dituela. Era berean, azpimarratu du memoria eraikitzeko garrantzitsua dela  gizartearen eta biktimen parte hartzea.