Argitalpen-data: 2017/09/30
Euskadik eta Nafarroak Gurseko esparruan exiliatutako pertsonak gogora ekarri eta "askatasunaren eta demokraziaren alde eginiko borroka" aitortu dute
- Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erakunde-ekitaldia antolatu dute Gurseko esparruan (Frantzia); 300 pertsona inguru izan dira bertan
- Urkullu Lehendakariak Gurseko memoria Europara iristen ari diren errefuxiatuen sufrimenduarekin alderatu du
- Gurseko kontzentrazio-esparruan 60.000 pertsona inguru izan ziren 1939-1945 bitartean (6.500 Euskadikoak eta Nafarroakoak), Gerra Zibiletik ihesean zebiltzanak
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erakunde-ekitaldia antolatu dute Gurseko kontzentrazio-esparrua (Frantzia) zegoen lekuan bertan. 300 pertsonak baino gehiagok entzun dituzte Urkullu Lehendakaria eta Barkos presidentea; askatasunaren eta demokraziaren alde egin zuten borroka ekarri dute gogora eta esker ona adierazi diete. Gursen Euskadiko eta Nafarroako 6.500 pertsona baino gehiago izan ziren; Gerra Zibila galdu ondoren, Frantziara joan ziren ihes. Hasiera batean erregimen frankistaren biktimen babeslekurako zena, azkenean, kontzentrazio-esparru bilakatu zen.
Erakunde-ekitaldiko buru Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos izan dira; bertan, Gurseko esparruaren historia kontatu da labur, lore-eskaintza egin da hilerrian eta bertan izan direnek Gurseko basoan berreraikitako barrakoia bisitatu dute. Bi lehendakariekin batera, Akitania Berriko presidentea, Alain Rousset, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko sailburu eta kontseilariak, Gogorako Zuzendaritza Kontseiluko kideak eta beste erakunde-, politika- eta gizarte-ordezkari batzuk ere izan dira.
Iñigo Urkulluk esan du erbesteratuak izan zirenak gogora ekartzea eta esker ona adieraztea Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen duen behar etikoa dela, soziala, politikoa eta instituzionala. Lehendakariak zuzenean hitz egin du erbestealdiaren biktimen familiei buruz: “jakin behar dute herrialde honek gogora dakarrela eta esker ona adierazten duela jasandako sufrimendu bidegabeagatik ez ezik, askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren kausagatik eginiko ahaleginagatik eta emandako laguntzagatik ere”. Urkullu Lehendakariak azken hausnarketa bat egin du eta esan du Gursen memoriak oraineko esanahi sakona duela; izan ere, Gursen jasandakoa gaur egun gudatik ihesi doazen errefuxiatuak Europako mugetan aurkitzen ari diren sufrimendu berdintsua delako.
ERBESTEA - GURSEKO ESPARRUA
Gurseko esparrua, hasieran, errefuxiatuen esparrua izan zen, 1939an eraikia; bertan Gerra Zibileko borrokalari errepublikanoak izatea zen helburu. 1939aren hasieran, euskaldunek eta nafarrek Pirinioak zeharkatu zituzten errefuxiatu gisa, Frantzia errepublikanoan harrera-lurraren bila. Garaituak izan ziren eta askok familiak utzi zituzten atzean. Lehenengo geralekua Argelés Sur Mer hondartza-esparrua izan zen, Kataluniarekiko mugatik hurbil. Eusko Jaurlaritzak agintaritza militar frantsesekin eginiko kudeaketei esker, euskaldun esparruaren barruan mugatutako espazio batean taldekatu ahal izan ziren.
Hala ere, Argelésko egonaldia iragankorra zen. Agintari frantsesek erabaki zuten errefuxiatuak esparru desberdinetan banatzea, eta Gursera iritsi ziren euskal errefuxiatuak 1939ko apirilaren hasieran heldu ziren. Hobeto egokitutako harrera-esparru zela uste zutena, praktikan hobeto antolatutako kontzentrazio-esparru izan zen. Bigarren Mundu Gerra hastean eta Naziek Frantzia okupatu ondoren, milaka judu preso eraman zituzten hara.
Gurseko kontzentrazio-esparruan 52 herrialdetako 60.000 pertsona inguru izan ziren. 1942ko abuztuaren eta 1943ko otsailaren artean, sei konboik pertsona horietako 3.907 Auschwitzera eraman zituzten. Esparrua 1945eko abenduaren 31n itxi zen eta, dagoeneko, ezer gutxi geratzen da; izan ere, barrakoi guztiak suntsitu zituzten eta bertako laurogei hektareetan zuhaitzak landatu zituzten.
Arratsaldean, Iñigo Urkullu Lehendakariak Oloroe-Donamaria hiribilduko domina jaso du.
Azken albisteak
- 2024/10/24
- 2024/10/20
- 2024/10/09