Lehendakariak 1937an Santoñan fusilatu zituzten gudari eta milizianoak ekarri ditu gogora eta esan du errepresioak ez dituela ezabatzen pertenentzia sentimenduak, ez eta ideia politikoak ere
Argitalpen-data:
Ekitaldian fusilatutako gudari eta milizianoen familiak izan dira, bai eta beren talde politiko eta sindikaletako ordezkariak ere
Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da, gaur goizean, 1937an Santoñan fusilatu zituzten pertsonak gogora ekartzeko ekitaldiko buru; ekitaldia GOGORAk antolatu du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Tropa frankistek filiazio politikoagatik edo sindikalagatik exekutatu zituzten gudari eta milizianoen familien aurrean, Lehendakariak esan du “errepresioak eta indarkeriak ez dituztela sekula pertenentzia-sentimenduak eta ideia politikoak ezabatzen”. Ordea, “indartu egiten ditu”, esan du.
Ekitaldian fusilatuen talde politiko eta sindikaletako ordezkariak izan ziren (EAJ-PNV, PSE, PCE, ELA, CNT eta Izquierda Republicana) , bai eta Josu Erkoreka, Cristina Uriarte, Bingen Zupiria eta Mª Jesús San José sailburuak ere. Halaber, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariak eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia izan dira.
Ekitaldian, irudi historikoak ikusi dira, fusilatuek beren familiei bidalitako gutunak eta afiliatuta zeuden sei alderdi eta sindikatuetako kideei eginiko elkarrizketak.
Lehendakariak nabarmendu nahi izan du “gizon horiek beren bizitzaren amaiera arte izandako duintasuna. Garaituak, baina ez abailduak; beren ideiekin sendo eta beren itxaropenaren oinarria etorkizunean zeukaten, nahiz eta heriotza ate joka izan”.
Santoñako fusilamenduak
1937ko abuztuan, Eusko Jaurlaritzak bake-akordioa sinatu zuen tropa italiarrekin, Euskadin gerra amaitzeko. Helburua zen bajak saihestea eta ahalik eta bizitza-kopuru gehien salbatzeko ahalegina egitea. Hala ere, italiarrek ez zuten hitzartutakoa bete eta, hil horren amaieran, tropa frankistak Santoñan sartu ziren eta euskal presoen kargu egin ziren, Duesoko Presondegian.
Urte horretako urriaren eta azaroaren bitartean, 57 preso fusilatu zituzten Dueson. Horietatik, 14 gudari eta miliziano exekutatu zituzten, beren filiazio politikoagatik edo sindikalagatik, urriaren 15ean.