Gogorak gerra osteko euskal erbestea oroitu du

Argitalpen-data: 

Erakusketa honetan erbestea bizi izan zuten zenbait pertsonen testigantzak daude ikusgai ikus-entzunezko formatuan; gerra eta gerra osteko garaiak jasotzen dituen 50 minutuko dokumentala ikusi daiteke eta erbestealdiaren faseak esplikatzen dituen argazki eta dokumentazio historikoa dago ikusgai.

  • 1936 eta 1937 urteetan 100.000 pertsona atera ziren Euskaditik erbestera, hauetatik 30.000 inguru haurrak ziren, eta 1939an “Erretirada” bezala ezagutzen den horretan, Kataluniatik Frantziara atera ziren 500.000 lagunetatik 10.000 inguru euskaldunak ziren.

Aintzane Ezenarro, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak ireki du gaur arratsaldean Bilbon “Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren“ erakusketa. Bertan izan dira Nekane Murga, Osasun sailburua eta María Jesús San José, Lan eta Justizia sailburua. Gerra Zibilaren osteko behin-betiko erbestealdiaz 80 urte betetzen dira aurten eta gerra garaian izandako erbestealdia ezagutzera emateko helburuarekin egin du erakusketa hau Gogorak. Aintzane Ezenarrok erakusketari buruz eman dituen azalpenetan gogorarazi du 100.000 pertsona inguru izan zirela 1936ko uztaila eta 1937 abuztua bitartean erbestera joan zirenak, horietatik 30.000 umeak. Beranduago, 1939an “Erretirada” bezala ezagutzen den horretan, Kataluniatik 500.000 pertsona joan ziren Frantziara, horietatik 10.000 inguru euskaldunak ziren. Frantziatik ehunka batzuk zeharkatu zuten Atlantikoa, kasu askotan, betirako. Gogoraren zuzendariak adierazi du orduko erbestea ezagutzea egun, gerratik ihesi datozen pertsonen egoerara hurbiltzeko modu bat ere badela.

Irekiera ekitaldian Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendariak ere hartu du hitza erakusketan jarri diren dokumentu historikoen berri emateko eta jarraian, erakusketa bera bisitatu dute bertaratu direnek, tartean, bere garaian erbestera atera ziren pertsonek eta haien familiek.

Erakusketaren edukiak

Irudi historikoez osatutako dokumental batek ematen dio hasiera erakusketari, irudi hauetako asko ezezagunak dira publiko orokorrarentzat, ia ikusi gabeak orain arte. Gogorak 50 minutuko iraupena duen dokumental honetan gerra zibilaren hasieratik Jose Antonio Agirre Lehendakariaren heriotza arteko urteak jaso ditu. Era berean, beste ikus-entzunezko batean ikusgai daude gerrak eraginda, momentu desberdinetan, Euskaditik erbestera ihes egin behar izan zuten pertsonen testigantzak, Gogorak 2018an eta 2019an jaso dituenak. Erbesteko memoriaren parte dira 1937an, Bilbo erori aurretik erbestera eramanak izan ziren umeen testigantzak eta Frantziara ihesean joan eta handik Venezuelara joan behar izan zutenena.

Bestetik, erakusketan hogeita hamar bat argazki historiko daude ikusgai, dokumentazio historikoaz lagunduta, zeinetan 1936tik 1939ra izan ziren erbestealdi desberdinak esplikatzen diren. Josu Chueca, UPV-EHUko historia garaikideko irakasleak eta Iñaki Goiogana, Sabino Arana Fundazioko historialariak, komisariatuta eta Euskadiko Artxibo Historikoaren laguntzarekin osatu da erakusketaren zati hau.

Bertan erakusten diren materialen bitartez azaltzen dira Gerra Zibila hasi zen momentutik bertatik, eman ziren erbesteratzeak; gerra hasi eta berehala eman zena Gipuzkoatik Bizkaia eta Lapurdira, bereziki; 1939az geroztik, Katalunia matxinatuen eskuetan geratu ostean, Frantziarako erbesteratzea, errefuxiatuek izan zuten harrera han, beste herrialde batzuetara egindako erbesteratze luzea eta Eusko Jaurlaritzak erbestean egindako lana.

Erakusketa irailaren 23a arte egongo da zabalik Gogoraren egoitzan (María Díaz de Haro 3, Bilbo).