Gogora Institutuak Argentinako diktadura garaiko genero indarkeria eta sexu delituen testigantzak biltzen dituen erakusketa ireki du

Argitalpen-data: 

Arratsaldean Bilbon zabaldu da "Ser mujeres en la ESMA. Testimonios para volver a mirar" izeneko erakusketa. Irekiera egiteko hitzaldia eman dute Museo Sitio de Memoria ESMAren zuzendariak, Alejandra Naftalek, Graciela García Romerok, ESMAtik bizirik atera zen emakumeetako bat, eta Aintzane Ezenarrok, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak.

Bi erakundeen ekimen bateratu hau da Gogora Institutuak, beste herrialde batean egindako memoriaren eraikuntza Euskadin ezagutzeko eta zabaltzeko, nazioartean egiten duen lehena. Aintzane Ezenarrok, Gogoraren zuzendariak, horrelako kolaborazio harremanen garrantzia nabarmendu du "memoriaren eraikuntzan esperientzia positiboak partekatzea garrantzitsua da eta Argentinarekin egitea hasiera ezin hobea da".

Erakusketari dagokionez, zuzendariak genero-ikuspegia azpimarratu du ekarpen nagusi gisa: "kasu honetan, gainera, erakusketa honek funtsezko ikaskuntza bat ematen digu, hau da, bere iraganeko gertaera traumatikoei heltzeko orduan genero-ikuspegia kontuan hartzea. Begirada hori da emakumearen benetako papera ikusteko aukera ematen diguna: ez soilik subjektu pasibo gisa, giza eskubideen urraketen biktima gisa, baizik eta demokraziaren aldeko borrokan ari den subjektu aktibo gisa ".

Alejandra Naftal-ek, Museo Sitio de Memoria ESMAren zuzendariak, ekimen honek gizarteek aurre egin beharreko erronkei egin diezaiekeen ekarpenaz hiz egin du eta “nola prebenitu, ohartarazi, eztabaidatu eta aurre egin giza eskubideen urraketak gerta daitezkeen modu anitzei". Bere hitzaldian Argentinako testuinguru historikoa azaldu du, krimen horiek epaitzeko garatu den prozesu judiziala, prozesu horretan izan diren aurrerapausoak eta atzerapausoak izan ditu hizpide, eta aurrepauso horiek sendotzeko memoriaren eraikuntzan adostasunak bilatu eta sortzearen garrantzia nabarmendu du, Museo Sitio de Memoria ESMA bera sortzeko prozesuan egiten ahalegindu direna. "Adostasun politiko eta sozialetan oinarritutako konstrukzio-esperientzia bat, espazio horiek hezkuntza-tresna ez-formaltzat hartuta, leku gisa: hausnarketarako eta eztabaidarako, berriz ikasteko espazio sinboliko gisa, eta, batez ere, memoriak transmititzeko eta eraikitzeko, egungo arazoetatik abiatuta”.

Museo Sitio de Memoria ESMA, Argentinako diktadura militarrean (1976-1983), herrialdean izan ziren ezkutuko tortura eta atxiloketa zentroetako bat izan zen, eta, beraz, espazioari memoria esanahia ematea erronka handia izan da "museoa ebidentzia fisiko, material eta judiziala da giza eskubideen urraketagatiko epaiketetan eta estatu-terrorismoaren funtsezko froga" esan du Alejandra Naftal-ek.

ESMAn, emakumeenganako indarkeria espezifikoak hainbat forma hartu zituen; hitzaldian, alderdi hori, Graciela García Romerok bere kontakizun pertsonalaren bidez jorratu du, izan ere, ESMAtik bizirik atera zen pertsona da bera. 27 urte zituela bahitu zuten, torturatu, eta berarekin batera gatibu zeudenek jasandako bortxaketak kontatu ditu: "Emakumeen aurkako eraso estrategia sistematiko bat da, ekintzaile politiko gisa urratzeko".

Irekiera ekitaldian Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan dira, Eusko Jaurlaritzako beste kide batzuekin batera.

Erakusketa zabalik egondo da datorren azaroaren 12a arte, astelehenetik ostiralera, 9etatik 18:30ak arte, Gogoraren egoitzan (María Díaz de Haro 3, Bilbo).


Erakusketa

"Ser mujeres en la ESMA. Testimonios para volver a mirar " erakusketa aurtengo udaberrian zabaldu zen lehenengoz zen Buenos Airesko Museo Sitio de Memoria ESMAn, eta herrialdetik kanpo erakusten den lehen aldia da hau. Bertan, genero indarkeria eta sexu-delituak kontatzen dituzten 28 emakumeren testigantza judizialak agertzen dira. ESMAko “Zereginen Taldeak” zentro honetan egindako delituak dira, Argentinako diktadura militarrean (1976-1983), zentro hau herrialdean izan ziren atxiloketa, tortura eta hilketako zentro klandestinoetako bat izan zen. Garai horretan Argentinan legez kanpoko 700 zentro baino gehiago egon ziren.