"Memoria eta hezkuntza lekukotzen bidez" erakusketa zabalik egongo da Bilbon azaroaren 10 arte

Argitalpen-data: 

"Memoria eta hezkuntza lekukotzen bidez" erakusketa zabalik egongo da Bilbon azaroaren 10 arte

Terrorismoaren, legez kanpoko poliziaren indarkeriaren eta Gerra Zibilaren biktimen lekukotzen bilduma bat erakusten du “Memoria eta hezkuntza lekukotzen bidez” erakusketak. Bertan, biktimen bizipenak ikusi eta entzun daitezke eta, modu horretan, memoria hori berreskuratu eta zabaltzeaz gain, lekukotza horiek bakearen, giza eskubideen eta bizikidetzaren kultura sendotzeko duten indarra erakusten da.

Horretaz gain, biktimen memoria hezkuntzaren esparrura eramateko eta memoria transmititzeko egindako ekimen batzuk ere ikus daitezke, Gogorak memoria demokratikoa berreskuratzeko eta transmititzen duen lanaren erakusgarri.

Ikusgai dauden edukiak ikus-entzunezkoa dira eta erakusketak gune bat eskaintzen dio bisitariari bere hausnarketa elkarbanatu eta memoria eraikitzen laguntzeko.

Erakusketan ikusgai dauden lekukotzek Gogoraren ikus-entzunezko memoria-funtsa osatzen dute. Haien ahotsen bidez, gertaera traumatiko eta bidegabe batzuen bizipena berreskuratzen da, eta, gainera, giza eskubideen edozein urraketak dakarren larritasuna transmititu nahi da.

Erakusketa urriaren 1etik azaroaren 10era egongo da zabalik, Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan, Gogoraren egoitzan (Maria Diaz de Haro 3, Bilbo), 09:00etatik 18:30era.