Rodríguez Ranz: 'Nire konpromisoa biktimekin da'

Argitalpen-data: 

José Antonio Rodríguez Ranz-ek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak lehen agerraldia egin du jendaurrean, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatu duen jardunaldian.

Rodríguez Ranz: "Nire konpromisoa biktimekin da"

José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi izendatu berri dute, baina, Gobernuaren egitura berrian, onesten denetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea izango da. José Antonio Rodríguez Ranzek ‘Terrorismoaren bilakaera: ETA eta jihadismoa’ jardunaldian parte hartu du; jardunaldia AVTk (Terrorismoaren Biktimen Elkartea) antolatu du, Donostia-San Sebastiánen. Rodríguez Ranzen lehen hitzak izan dira jendaurrean, izendatu zutenetik, eta esan du ekitaldi horretan parte hartzea “keinu txikia eta, aldi berean, asmoen adierazpena” dela, “pertsona, euskal herritarra eta Gobernuko sailburuorde naizen aldetik, zuei, biktimei, erakutsi beharreko errespetuaren isla”.

Hori horrela, José Antonio Rodríguez Ranzek Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako arduradun den aldetik duen konpromisoa zehaztu du, “zuokin bidea egiteko, ekidistantzia faltsurik gabe, baina eskubide urraketa guztien aurrean begiak zabal-zabalik izanik, eta pertsona guztientzako eskubide guztien printzipioaren defentsan irmo jardunik”.

Gaurko ekitaldia bat dator ETAk jarduera armatua behin betiko eteteko 2011ko urriaren 20an egin zuen iragarpenaren bederatzigarren urteurrenarekin, eta, horren harira, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak esan du ETAren amaieraren hasiera ez dela 2011. urtea, aurretik datorrela, “euskal gizartearen gehiengoak, ETAren jarduera justifikatu ez zuenak, ulertu ez zuenak eta harekin ados ez zegoenak, demokratikoki ETAren indarkeriazko bidegabekeriari aurre egin zionetik. Hura izan zen amaieraren hasiera”. Halaber, hausnarketa kritikoa egin du, berea, “irmoagoa ez izatearren hain gauza funtsezkoaren defentsan, lehen giza eskubidearenean, alegia: bizitzeko eskubidea”.

Harrezkero, sailburuak esan duenez, nabarmen egin da aurrera biktimentzat justizia egiteko orduan, “justizia hori aitorpen, memoria, egia eta erreparazio gisa ere ulertuta. Eta guztion artean egin dugu, erakunde, instituzio, elkarte eta, bereziki, biktimen artean”.

Rodriguez Ranzek 2000. urtean José Luis López de Lacalle erail zutenean bizi izan zuena kontatu du. Orduan José Luis López de Lacalle gogoratzeko idatzi zituen hitzak berreskuratzeko, honako hau esan du: “pentsatu nahi dut oraindik bagarela baterako bizikidetza-esparrua eraikitzeko gai”.