Artolazabal sailburua Begoako hilerriko hobi komunean identifikatutako bost gudularien familiekin elkartu da

Argitalpen-data: 

Hobian aurkitutako bost identifikazio-xaflei esker, identifikatu dira: Ramn Crespo Ortiz, Fernando La Hera Urrutia, ngel Prez Puertas, Inazio Lopetegi Oliden eta Lucas Galvete Gainza. Gainera, Gogora Institutuak beste 64 familiarekin du harremana, oraindik identifikatu gabe dauden gainontzeko 37 biktimen senitartekoak izan daitezkeenak, dokumentu- eta testigantza-zantzuen arabera. Horietako 100 senide inguru izan dira gaur Gogoran.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Tomás Rubín gudariaren gorpuzkiak eman dizkio bere familiari gaur goizean, Bilbon. Rubinen gorpuzkiak aurtengo urtarrilaren 29an berreskuratu ziren, Bilboko Udalaren «Begoñako Argia» proiektuaren testuinguruan.

Tomás Rubínen kasua, lurperatze indibidualizatu eta dokumentatu bat da, hau da, ehorzketa lekua ezagutzen zen, baina, Rubín familiak, hiru semeek barne, ez zekien aitaren gorpuzkiak non zeuden. Gaurko ekitaldian, lurpetik atera ondoren, DNA laginak erkatu eta nortasuna ziurtatu ondoren, Angel Rubín semeak bere aitaren gorpuzkiak berreskuratu ditu. Aita 1936ko abenduaren 3an hil zen.

Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera izan dira, José Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Miren Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia eta Jone Goirizelaia eta Bea Ilardia Bilboko Udaleko zinegotziak.

Gaurko ekitaldian, Beatriz Artolazabal sailburuak Begoñako hilerriko hobi komunetik berreskuratutako 42 gudularien gorpuzkiak identifikatzeko prozesuan egindako aurrera pausuen berri eman du. Begoñako hilerriko desobiratzeekin zerikusia duten ehun bat senideren aurrean egin du.

Sailburuak azaldu duenez, hobian aurkitutako 5 identifikazio-xaflen bidez, pertsona horien nortasuna jakiteko modua izan da, eta, dokumentazioaren arabera honako hauek dira (identifikazio genetikoaren esperoan):

  • Ramón Crespo Ortiz, Fernando La Hera Urrutia eta Ángel Pérez Puertas, UGT sindikatuari atxikitako ‘Jean Jaures’ batailoiko milizianoak.
  • Inazio Lopetegi Oliden, STVko ‘San Andres’ batailoiko gudaria.
  • Lucas Galvete Gainza, Izquierda Republicanako ‘Capitán Casero’ batailoiko milizianoa.

Bost kasu horietan, senideak ere aurkitu ahal izan dira, eta gaurko ekitaldian egon dira. Bost kasu horietan, identitatea ontzat emateko nahikoa dokumentu daude, baina laginen alderaketa genetikoak ahalbidetuko du azkenean haien identitatea zehaztea.

Bestalde, gainerako 37 pertsonen identifikazioan aurrera egin ahal izateko, Gogora Institutuak beste 64 familiarekin du harremana, eta horien kasuak bat datoz identifikatu nahi diren biktimenarekin: gudularia, Artxanda mendiko borroketan hil zena, Bilbo erori aurretik, ekainaren 14tik 18ra bitartean, non lurperatu ez dakitela.

64 kasu horiek babes dokumental eta testimonial maila ezberdina dute, hau da: kasu batzuetan, kasuari babesa ematen dioten dokumentazio historikoa, ikerketak eta/edo elizako dokumentuak daude, eta beste batzuetan, senide bat Artxandako borroketan desagertu zela egiaztatzeko familiaren testigantza baino ez dago.

64 familia horietatik 12k lagina eman zioten Gogoraren DNA bankuari. Gainerakoak lagin genetikoa hartzeko prozesuan daude, ondoren hobitik ateratako hondakinetatik ateratako laginekin alderatzeko. Uste da identifikazio-lanak datorren urteko udaberrirako amaituko direla.

Ehun bat senide izan dira Gogoran gaurko ekitaldian, eta nola garatuko den eta identifikazio-prozesua zein epetan amaituko den jakin ahal izan dute.

Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, dokumentatzeko eta laginak hartzeko prozesuei buruzko alderdi teknikoak eta xehetasunak Lourdes Herrastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak eta Marian Martínez de Pancorbo biologia zelularreko katedradun eta EHUko Biomics laborategiko arduradunak eman dituzte, bai eta DNA laginak senideei hartzeko eta, ondoren, bi laginak alderatzeko prozesuari buruzko xehetasunak ere.

 

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa Gerra Zibileko desagertuen familiekin

Bere hitzaldian, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, memoriari buruzko politika publikoen arduraduna ere badenak, berretsi du Eusko Jaurlaritzak memoriari buruzko politika orokorrak indartzeko konpromisoa duela, eta, bereziki, Euskadin Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta berreskuratzearekin zerikusia dutenak. “Hori egitea betebehar bat da, betebehar demokratiko, instituzional, sozial eta moral bat” eta gaineratu du: “Gerra Zibilean Euskadin desagertutakoak aurkitzeko, lurpetik ateratzeko eta identifikatzeko beharrezkoak diren giza baliabide, baliabide material, zientifiko eta ekonomiko guztiak jartzen jarraituko dugu”.

“Herri honen duintasuna askatasunaren alde borrokatu ziren gudarien eta milizianoen hilobietan eta gorpuzkietan ere badago. Haien gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatu behar ditugu”.

Sailburuak gogorarazi duenez, 1937ko ekainean Artxandan hil ziren gudariek eta milizianoek tropa frankistei aurre egin, Bilboko okupazioa atzeratu eta biztanleria zibila ebakuatzen lagundu zuten. “Beren bizitza kausarik justuenagatik eman zuten, beren herrialdea defendatzeagatik, askatasuna, demokrazia, autogobernua eta justizia soziala defendatzeagatik, ikasgai bat hurrengo belaunaldientzat”.

Beatriz Artolazabalek eskerrak eman dizkie lan hori posible egiteko jarduten erakunde eta pertsona guztiei, hala nola Aranzadi Zientzia Elkarteari eta Euskal Prospektoreak taldeari; oraingoan bereziki, Bilboko Udalaren memoria-politika eta Begoñako hilerrian Gerra Zibiletik gorpuak ateratzeko proiektua bultzatu izana nabarmendu ditu. “Helburu komun batek batzen gaitu, zuen senideen duintasuna berrezartzeak eta aldarrikatzeak, beren herriaren eta askatasunaren alde bizia eman zuten gudari eta milizianoen sakrifizioaren kemenak”.

Ekitaldian bertan izan diren desagertuen familia guztiei desio partekatu bat bete ahal izatea desio die: “Desagertutako zuen senideen gorpuzkiak berreskuratzea”.

Datorren ekainaren 19an Artxandara joateko deia egin die bertaratutakoei, urtero, instituzio, fundazio, sindikatu eta erakunde historikoek Aterpe 1937 eskulturan gudariei eta milizianoei egiten dieten omenaldi pluralera.

 

Tomás Rubín gudariaren gorpuzkia familiari ematea

Ángel Rubínek, Tomás Rubín gudariaren semeak, Beatriz Artolazabal sailburuaren eskutik jaso ditu bere aitaren gorpuzkiak, hil eta 85 urtera. Bere gorpuzkiak berreskuratu ahal izateak berarentzat eta bere familia osoarentzat zer suposatzen duen azaltzeko hartu du hitza Angelek.

Tomas Rubinen gorpuzkiak 2022ko urtarrilaren 29an atera zituzten Begoñako hilerritik, Begoñako Argia 'proiektuaren testuinguruan Gerra Zibilaren biktimak berreskuratzeko prozesuan. Horrela, Anjelek eta haren familiak gorpuak lurpetik ateratzeko lanetan egoteko aukera izan zuten, eta gorpuzkiak genetikoki identifikatu ondoren, berreskuratu ahal izan dituzte.

Ekitaldian Martín Fabo Coberaren familia ere egon da, eta haren kasua Tomás Rubínen kasuaren oso antzekoa da: dokumentatutako ehorzketa bat, non, hala ere, familiak ez zuen haren lurperatze-tokiaren berri. Gorpuzkiak aurtengo martxoan atera zituzten Begoñako hilerritik, eta DNA laginak erkatu eta identifikatu ondoren, familiari emango dizkiote. Martin Fabo Martzillakoa zen jaiotzez, Eusko Alderdi Jeltzalearen 'Otxandiano' batailoian borrokatu zen, eta Bilbon hil zen, 1937ko maiatzean.

 

Tomás Rubín, dokumentatutako ehorzketa kasu bat

Tomás Rubín Marín, lanbidez igeltseroa, Bilboko bizilaguna, Gerra Zibilean gudari gisa borrokatu zen 6 ANV-1 ‘Olabarri’ batailoian. Legutioko borroketan zauritu eta Zornotzako ospitale militarrera eraman zuten. Bertan hil zen 1936ko abenduaren 3an. Azkenenik, haren gorpuzkiak Begoñako hilerrian lurperatu zituzten. Tomas ezkonduta zegoen, eta bikoteak 3 seme izan zituen.

Familiak, tartean hiru semeek, ez zekien aitaren gorpuzkiak non zeuden, baina kasu hori dokumentatuta zegoen, eta, Gogorak bultzatutako, 1936-1945 aldian Gerra Zibilean hildako biktimei buruzko ikerketan, Begoñako hilerrian lurperatuta zegoela jasotzen da.

Bilboko Begoñako Hilerrian hildakoen gorpuzkiak berreskuratzeko egindako lanetan izan zuen familiak horren berri, Begoñako Argia izeneko proiektuaren testuinguruan. Horrela, familia 2022ko urtarrilaren 29an egindako desobiraketan egon izan zen eta DNA laginen erkaketari esker, Tomas Rubin modu genetikoan identifikatu ahal izan da eta azkenik, haren gorpuzkiak familiari eman ahal izan zaizkio.

"Begoñako Argia 'proiekturako egindako dokumentazio-lanengatik, ezaguna zen Gerra Zibilaren testuinguruan hildako pertsonen gorpuzkiak zeudela. Gehienak bakarka hilobiratuak, eta denak agertzen ziren hilerriaren erregistroan, Tomas Rubínena kasu horietako bat da.

 

Identifikatutako bost gudari eta milizianoak

Hobi komunean egindako indusketa-lanetan berreskuratutako bost identifikazio-xaflei esker, bost borrokalari identifikatu ahal izan dira, eta haien familiekin harremanetan jarri. Bost familiak izan dira gaur Bilbon egin den ekitaldian.

Pertsona hauek dira:

  • Ramón Crespo Ortiz, 55.698 plaka zenbakia. Lanestosako bizilaguna, Lanestosako Batasun Errepublikarraren Alderdiko kidea, herriko udalak proposatu zuen ordezko udal-fiskal kargua betetzeko. Gerra Zibilean Lanestosako Defentsa Batzordeko kidea izan zen, eta Eusko Gudarosteko ‘Jean Jaures’ gudarosteko 48. UGT-8 batailoiko gudularia.
  • Lucas Galvete Gainza, 29 958 plaka zenbakia. Olaztin jaioa, Nafarroa. Gerra Zibilean CNTko 36. batailoi anarkistan borrokatu zen.
  • Fernando La Hera Urrutia, 77.779 plaka zenbakia. Malabrigoko (Sopuerta) bizilaguna, ezkonduta zegoen eta alaba bakarra izan zuten, Fernanda. Gerran zehar, miliziano gisa borrokatu zuen 48 UGT-8 batailoian, ‘Jean Jaures’, 25 urte zituela hil.
  • Inazio Lopetegi Oliden, Oikiako (Zumaia) Iparragirre baserriko 74.590 plaka zenbakia. Gerra zibilean gudari gisa borrokatu zuen 50. batailoian, ‘San Andres’ (STV).
  • Ángel Pérez Puertas, 46.024 plaka zenbakia. Barakaldokoa, ezkondua eta bi seme-alaba zituen. Euskal Gudarosteko ‘Jean Jaures’, UGT-8 48. batailoiko gudularia izan zen.

1937ko ekainaren 14tik 18ra bitartean Bilbo inguruko Artxanda mendian izandako borroketan hil ziren guztiak. Dokumentazio historikoaren bidez egindako hasierako identifikazio horren ondoren, DNA laginak hartu eta gorpuzkiekin erkatu ondoren, identifikazio genetikoa egingo da.