Iigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela memoriari etikoki begiratzea, berriro esateko "bidegabea izan zen, eta horixe da bermerik onena halakorik ez errepikatzeko"

Argitalpen-data: 

Iigo Urkullu Lehendakaria izan da Memoria Eguna ospatzeko ekitaldiko buru eta bertan aurkeztu da 'Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak' dokumentua; hiru biktimaz eta hiru historialariz osatutako lantaldeak egina.

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da, gaur arratsaldean, Bilbon, Memoria Eguna ospatzeko ekitaldiaren buru, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta memoriaren politika publikoen arduraduna ere badenarekin batera. Beraiekin, arloko lan talde osoa: José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria.

 

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako urteroko hitzordu honetan, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza zabala izan du: Josu Erkoreka, lehen lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua; Idoia Mendia, bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enplegu sailburua, eta ia sailburu guztiak.

Eusko Jaurlaritzaren Memoria Eguna ospatzeko erakunde-ekitaldia, era berean, eskenatokia izan da proiektu baten emaitza aurkezteko; zehazki, Euskadin memoriaren gizarte-eraikuntzarako partekatutako oinarriak jasotzen dituen dokumentua hain zuzen. Josu Elespe eta Maria Jauregi ETAko biktimen senitartekoak eta Axun Lasa torturen biktima eta GALen biktima baten ahizpa, eta Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia López de Maturana historialariak dira gaur aurkeztutako ‘Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak’ dokumentuaren egileak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak proiektuaren emaitzak aurkeztu ondoren hitz egin du, eta egileei egindako ahaleginagatik eskerrak eman ostean, esan du partekatutako oinarri horiek adostu izana “bizikidetzarako ekarpen baliotsua dela”.

Aurtengo Memoria Egunaren lema honako hau da: ‘Bizikidetzarako memoria. Memoria para la convivencia Guztion memoria-memoria guztiak’. Lehendakariak honako hau esan du lemari buruz: “Memoria zertarako? Memoria bizikidetzarako". “Memoria, indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etikoetan eta demokratikoetan eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritzen den bizikidetzako eredu baten funtsezko euskarri izan behar duena”.

Iñigo Urkulluk Euskadirako “memoriadun etorkizuna” behar dela defendatu du. “2022ko Euskadira ekarri gaituzten konpromiso, aktibo eta balio guztien memoria; Euskadi, garapen jasangarriko eredu propioa eta aurreratua duen herrialdea. Eta, era berean, hamarkadetako terrorismoaren eta indarkeria politikoaren memoria. Ezin dugu, ez dugu nahi eta ez dugu ahaztu behar. Izan ere, memoria gauzak ez errepikatzeko bermerik onena da, aniztasun politikoan eta gizarte-aniztasunean eredu sendo bat eraikitzeko bermerik onena”, esan du Lehendakariak.

“Ahaztu ezin dugun, behar ez dugun eta nahi ez dugun” iragan horri nola begiratu galdetzean, Urkulluk esan du “gertakarien egia oinarri hartu” behar dela, “gertakari guztiena”. Zientzia historikoaren printzipioetan, ezagutzan eta zorroztasunean oinarrituta begiratzea, “fenomeno historikoak ulertzeko” asmoz, baina “justifikatzeko inolako asmorik gabe”.

Begirada horrek biktimak barne hartu behar ditu; “haiek dira terrorismoaren eta indarkeria politikoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari. Haien begietatik eta haien esperientzietan oinarrituta begiratzea, zalantzarik gabe, gaur egin diezaiekegun aintzatespen-ekitaldi onena da”.

Lehendakariak Euskadin bizikidetza eraikitzeko bide horretan autokritika eta erantzukizuna sartzeko beharra ere aipatu du. “Guztion autokritika, baina, batik bat eta bereziki, hamarkadetan zehar izuaren eta indarkeria politikoaren zuzeneko eta zeharkako arduradun izan zirenen aldetik; izan ere, euskaldun guztiek ez zuten izan eta ez genuen izan erantzukizun bera. Autokritika eta erantzukizuna, zintzoak eta kontsekuenteak”.

Esan du, era berean, bide horrek eskatzen duela nork bere burua justifikatzea alde batera uztea, esanez kasu horretan bidegabekeria etikoa, politikoa eta demokratikoa izan dena, dena eta izango dena baino ez duela justifikatu nahi. Hori horrela, Urkulluk dimentsio etikoak nolako garrantzia duen azpimarratu du: “Etikatik begiratzea”. “Historiatik eta memoriatik begiratzea, biktimen esperientziatik. Begirada autokritikoa, nork bere burua justifikatzea bilatzen ez duena; begirada etikoa ere izan behar da, ondorio nagusi bat dakarrena: bidegabea izan zen. Hura da, zalantzarik gabe, berriro ez gertatzeko bermerik onena”.

 

Ekitaldiaren garapena

Ekitaldiak ordezkaritza instituzional, politiko eta sozial zabala izan du. Bertan izan dira Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak; Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordeko kideak; Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak; Bilboko Udaleko Bake eta Bizikidetzarako Foroko kideak; Bizkaiko Foru Aldundia; Arartekoa; Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetza; eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa.

Giza Eskubideen eta Euskal Unibertsitateen eremuko gizarte-sarea ere ordezkatuta egon da, baita Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, Gazteriaren Euskal Kontseilua, Unesco Etxea ere.

Guztiek babestu dituzte gaurko ekitaldi instituzionalean izan diren terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak.

Pilar Kaltzada kazetariak gidatu du ekitaldia, Ekaitz Goikoetxea bertsolariaren eta Edurne Portela idazlearen ekarpenekin. Kukai Dantza Taldeak ongietorria eman die bertaratutakoei.