Aurreko bi kanpainetan 86 pertsonaren gorpuzkiak atera dira lurpetik, eta horietako bi identifikatu eta familiei eman zaizkie
• Hipotesia da gorpuzkiak garaian herrian zegoen Odol Ospitalean eramandako gudari eta milizianoenak direla, edo inguru horretatik gertu zeuden gerra-fronteetatik zuzenean eramandakoenak
Gaur, uztailaren 24a, asteazkena, Amorebieta-Etxanoko hilerrian indusketa lanen hirugarren fasea hasiko da eta uztailaren 28ra arte luzatuko dira lanok. Hirugarren fase honetan, aurreko indusketen ondoko eremuan jarraituko da lanean, non, 2023ko abenduko eta 2024ko martxoko kanpainetan, 86 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ziren.
Dokumentu-zantzuen arabera, berreskuratutako materialak, lurperatzeak eta lurpetik ateratako gorpuzkiak aztertu ondoren, hezurrak hildako gudularienak dira, inguruko gerra-fronteetatik edo udalerriko Ospitale Militarretik eramandakoak.
Aurreikuspenen arabera, indusketek uztailaren 28ra arte jarraituko dute hilerriko eremu mugatu horretan, Gerra Zibiletik bere horretan mantendu den eremuan eta dokumentazioak gerra garaian hildako pertsonak lurperatu zituztela zioen lekuan. Datozen egunetan egiten diren aurkikuntzek indusketa-kanpaina berriekin jarraitu beharra ekarriko dute, hala badagokio.
Identifikatutako eta familiei entregatutako bi pertsona
2024ko maiatzaren 13an, Amorebietako hilerrian berreskuratutako lehen bi identifikatuen gorpuzkiak eman zitzaizkion familiari. Identifikatutako pertsonak Adolfo Cengotitabengoa Izurza (Muskiz) eta Jaime Iñiguez Nieva (Ortuella) dira, biak Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak. Biak egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an; Cengotitabengoa Barazarko frontean, 31 urterekin, eta Iñiguez Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean, 19 urterekin, seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren.
Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa
Orain arte, Amorebieta-Etxanoko hilerrian bi indusketa kanpaina egin dira. Aurretik, 2023ko maiatzaren 5ean, zundaketa bat egin zen Gerra Zibilean hildako pertsonak lurperatu zituztela uste zen hilerriko eremuan. Hipotesia, bai gudako borrokalariak, bai ospitale militarrean hildako zaurituak, bai Amorebietako espetxean hildako emakume presoak egon zitezkeela zen. Hala ere, orain arte berreskuratutako 86 gorpuzkietatik bat ere ez da emakumezkoa.
• Lehen esku-hartzea, 2023ko abendua
Lehen indusketa horretan lau hobi desberdin aurkitu zituzten, eta horietatik 54 pertsonaren gorpuzkiak atera zituzten. Lehenengo hobian, gizabanakoen ezaugarriak, oinetakoak eta lotutako elementuak aintzat hartuta, eta hilerri honetara eramandako gerra-fronteetan hildako borrokalariak direla interpretatzen da. Aitzitik, gainerako hobietako pertsonek ez zeramaten oinetakorik eta batzuk maindire batekin bildu zituzten, artazi kirurgiko batzuk ere berreskuratu zituzten eta, gainera, horietako batek anputazio bat zuen hanketako batean. Horrek guztiak adierazten du, pentsatu bezala, ospitalean zauritutako eta hildako borrokalarienak direla gorpuzkiak.
Lehen esku-hartze horretan egiaztatu zen ehorzketek jarraipena zutela, eta, horregatik, bigarren indusketa-kanpaina bat egin behar zela.
• Bigarren esku-hartzea, 2024ko martxoa
Bigarren esku-hartze horretan, 32 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ziren, eta horietatik bereizitako lau hobi aurkitu ziren. Kasu honetan ere ebakuntza kirurgikoen zantzuak daude, eta, beraz, Amorebieta-Etxanoko ospitalean hildako borrokalariak direla dioen hipotesiari eusten zaio.
Amorebieta-Etxanoko hilerriko esku-hartzeak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen "Gerra Zibileko Desagertuen Bilaketa" programaren parte dira, eta esku-hartze horrek Amorebieta-Etxanoko Udalaren lankidetza ere badu. Identifikazioak EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez egiten dira.
Bi kanpainetan lurpetik ateratako 86 pertsonetatik 84 pertsonaren gorpuzkiak, identifikatzeko zain daude. Horretarako, Gogora Institutuak berriro ere dei egiten die inguru horretan desagertutakoen familiei Institutuarekin harremanetan jar daitezen eta identifikazio posiblea ekar dezakeen prozesuari hasiera eman diezaioten. Horretarako telefono bat eta posta elektroniko bat daude eskura: gogora@euskadi.eus | 944032845