1937ko ekainaren 19tik atzera, frankistek, gutxienez, 278 gudari eta miliziano exekutatu zituzten
Gaur goizean, gudariak eta milizianoak omentzeko ekitaldia egin da Artxanda mendian, ‘Aterpe 1936 – La Huella’ eskulturaren alboan. Elkarte eta fundazio historikoek eta talde memorialistek urtero antolatzen dute ekitaldi hori, Bilbo hiria matxinatuen eskuetan erori zeneko garaia berean, matxinatuen aurka eta Gerra Zibilean demokraziaren alde borrokatu zirenak ohoratzeko.
Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako jarduneko sailburua eta memoria politika publikoen arduraduna, ekitaldian izan da Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko jarduneko zuzendaria, lagun duela. Bilboko Udala ordezkatuz, alkatea, Juan Mari Aburto, eta Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi politiko guztietako zinegotziak izan dira. Haien batera, ekitaldi honen sustatzaile eta antolatzaile-kide diren elkarte, alderdi eta fundazio historikoetako ordezkariak.
Aurtengoan, antolatzaileek -Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, Bilboko Udala eta erakunde historikoek- Euskadin, Bilbo hiria galdu ostean, 1937ko ekainaren 19an, frankismoak exekutatu zituen gudari eta miliziano guztiak omentzea adostu dute.
Gogora Institutuak dituen datuen arabera, data horren ostean, frankistek 278 gudulari exekutatu zituzten, gutxienez: 245 kondenatu eta exekutatu egin zituzten Gerra Kontseiluan Auzitegi Militar batek epaitu ondoren, eta beste 33 judizioz kanpo exekutatu zituzten.
147 Euskadin exekutatu zituzten, 126 Bilbon, 15 Donostian eta 6 Gasteizen; 63 Kantabrian, 46 Santanderren, 10 Santoñan eta 7 Torrelavegan; 15 Asturiasen, 11 Gijonen eta 4 Oviedon. Gainerako exekuzioak Burgosen, Jakan, Madrilen, Alacanten eta Bartzelonan egin ziren, besteak beste.
Iban Garate kazetariak aurkeztutako ekitaldia, elkarte eta fundazio historikoek adostutako manifestua irakurriz hasi da. Izquierda Republicanako Manu Angulok eta EAJ-PNVko Ziortza Alvarezek eman diote ahotsa testuari.
Ondoren, behin hiria frankisten esku erori ostean exekutatutako gudularien lau senidek hartu dute hitza, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok lagunduta. Hauexek izan dira hizlariak:
Iñaki Agirregabiria, Crescencio Pedro Aguirregabiria Onaindiaren biloba, Arana Goiri, EAJ-PNVren Arana-Goiri bataloikoa; Amaia Susilla, Gregorio de Luno Expósitoren biloba, CNTren Malatesta batailoikoa; María Jesús Iturrieta, Luciano Iturrieta Mendizabalen iloba, Meabe-6 Rusia batailokoa, Juventudes Socialistas Unificadas-ekoa eta Javier Olivera Díaz Espada, José María Díaz de Espada Partearroyoren biloba, Izquierda Republicanakoa.
Hitzartzeen ostean, ohorezko aurreskuak omendu ditu gudulari guztiak, eta amaitzeko, bertan izan direnek loreak eraman dituzte ‘Aterpe 1936-La Huella’ eskulturaren oinetara; gudari eta miliziano guztiak gogoratzen dituen eskulturara.
Beste behin, hainbat pertsona ezagun bildu ditu ekitaldi honek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak zein beste erakunde publikoetakoak.