- Iñigo Urkullu Lehendakariak Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko ekitaldian parte hartu du Turtziozko La Puente jauregiaren lorategian. Jose Antonio Agirre Lehendakaria zela, euskal lurretan Eusko Jaurlaritzaren azken egoitza izan zen lekuan, 1937ko udan, erbestera abiatu aurretik
- Gogora Institutuak erosi berri duen La Puente Jauregia Euskadiko Memoriaren Espazioen Sareko parte izatera bideratuta dago, Lehendakariak aurreratu duenez
- Zuhaitzaren oinean jarritako plakak horrela dio: ‘Erbestera joatera behartuak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren eta herritarren omenez. Erbesteratuak izan arren sekula euskal arima galdu ez zuten guztien oroimenez’
- Gogora Institutuak Turtziozko Memoria Ibilbidea seinaleztatu du herriko hiri-ingurunean
Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean, Turtziozen, La Puente jauregiaren lorategian. Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak berriki erositakoa da etxea eta Gerra Zibilak behartutako erbestearekin lotutako sinbologia biltzen du, 1937ko udan herritarrak eta Agirre Lehendakariaren gobernua bera erbesteratu baitziren.
Bilbo matxinatuen eskuetan erori ondoren, ekainaren 19an, Agirre Eusko Jaurlaritzak euskal lurretan egin zuen azken bileraren buru izan zen, La Puente jauregian, 37ko ekainaren 30ean. Egun hartan ‘Turtziozko Manifestua’ delakoa idatzi zuen, non Agirre Lehendakariak mezu bat bidali nahi izan zion munduari: ‘Lurraldea menperatua izango zen, baina Euskal Herriaren arima ez, ez da inoiz izango’.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gernikako Arbolari eta tokiari lotutako ekitaldi xume baina simbolismos betetako ekitaldian, mundu mailan bizi ditugun garai nahasiak izan ditu hizpide, eta gerrek, gatazkek, totalitarismoek eta populismoak sortzen duten kezka azpimarratu du.
Errealitate horren aurrean, Iñigo Urkullu Lehendakariak "askatasunarekiko, demokraziarekiko eta justizia sozialarekiko" konpromisoa berretsi du. "Mundu bidezkoago eta gizatiarrago batean sinesten dugu, eta horretarako egunero lan egiten dugu", gaineratu du.
Lehendakariaren hitzetan, "bakean eta askatasunean oinarritutako Euskadiren aldeko konpromisoa da, anbizio handikoa eta giza garapenaren indizean leku nabarmena duena, berezko hizkuntza eta kultura duena, Euskadi irekia, bokaziozkoa eta espiritu unibertsala dituena".
Dagoeneko "Euskadiko ondarea" den La Puente jauregi-etxea erosi berri dela aipatu du, eta "Euskadiko Memoriaren Espazioen Sarearen parte" izango dela gaineratu du.
Era berean, tokiaren sinbolismoa nabarmendu du: "faxismoari eta basakeriari aurre egiteko azken gotorlekua izan zen eskualdea; tropa frankisten aurrerabidearen eta krudelkeriaren aurrean biztanleria zibilaren exodoaren sinboloa; erakunde demokratikoen Eusko Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren sinboloa, hemendik munduari mezu historikoa helarazi ziotena".
Agirre lehendakariak 1937ko uda hartan esandakoak eta Turtziozko Manifestuan jasotakoak ekarri ditu gogora,: "Duintasunaren, balioen eta irmotasun demokratikoaren adibide bikaina, gure herria gidatu duen eta gidatzen jarraitu behar duen adibidea"..
Agirrek Turtziozko Manifestuan "Euskal Herriak etorkizunari ilusioz begiratzen" diola aldarrikatu zuen bezala, Iñigo Urkulluk esan du "begira diezaiogun guk ere etorkizunari ilusioz, bakearekiko, askatasunarekiko eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoekiko konpromisotik sortzen den ilusioz".
Bertaratzerakoan, Lehendakariari harrera egin diote Nerea Melgosak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, José Manuel Coterónek, Turtziozko alkateak, eta Martín Pérez Garmendiak, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko presidenteak.
Ekitaldia Nerea Melgosa sailburuaren hitzaldiarekin hasi da. Bertan, Jauretxea erosteko arrazoiez hitz egin du, "horretarako aukera aurkeztu zelako, sinbolismo bereziagatik eta eskualdearekiko konpromisoagatik”.
Sailburuak jakinarazi duenez, espazioaren erabilerak zehazteko lanean ari dira, baina "Euskadiko Memoriaren Espazioen Sarean sartuko den espazio bat da". Historia izango da jauregiaren ardatzetako bat, Eusko Jaurlaritzak euskal lurraldean izan zuen azken egoitza gisa, Turtziozko Manifestua, milaka eta milaka euskal familiaren erbesterako bidea ere izan zelako: "historia bizia, memoria demokratikoa". Ildo horretan, lekua eta ingurua memoria-gune gisa indartuz, Gogora Institutuak, iaz, diseinatu eta seinaleztatu zuen Turtziozko Memoriaren Ibilbidea gehitzen zaio.
Nerea Melgosak azpimarratu du, era berean, "aktibo" bat izango dela eskualdearentzat, "Enkarterriko ondarearekin, nortasunarekin eta ekosistemarekin bat egingo duena eta hura indartzen lagunduko duena". Baina, batez ere, "oroimen-espazio bizia eta dinamikoa" izango da, "guztion erabilerarako eta gozamenerako berreskuratu nahi dugun espazio irekia".
Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak, Ana Otaduik bere hitzaldian ondokoa esan du: “1936ko urriaren 7an Agirre Lehendakariak bere berbaldia honela hasi zuen Gernikako Batzaretxean: Lehenik eta behin, justizia eta askatasunaren etxea dugun Batzarretxe historiko hau omendu nahi dut. Gernikako Arbolaren aurrean usadioak agintzen duen eran. Nik gurako neuke, gaurko landaketa ekitaldi honen bitartez, beste behin ere aitortza egitea Jose Antonio Agirre Lekube gure lehenengo Lehendakariari. Berak inork baino hobeto defendatu eta egikaritu zituen gure Arbola kutunak inspiratzen dituen askatasun eta eskubideak”.
Hitzaldiaren amaitzean, Ana Otaduik kimuaren egiazkotasun-ziurtagiria eman dio Lehendakariari.
José Manuel Coterón alkateak azpimarratu duenez, udalerriak jakin izan du lehen Eusko Jaurlaritza haren memoria gordetzen, biztanleriari ekarri zion erbestealdi behartuarena eta inguruko mendietan izan ziren guduena: "Gure herria inguratzen duten mendiek lubaki itxurako azken batailetako zauriak mantentzen dituzte. Turtziozen, beraz, bizirik mantentzen ditugu Gobernu haren memoria demokratikoa eta gerra krudela ez errepikatzeko konpromisoa. La Puente jauregia ondare publiko gisa berreskuratzeak, herritar gisa, demokraziaren eta askatasunaren balioen transmisioarekin konprometituta jarraitzea ahalbidetzen digu ".
Hitzartzeen ondoren, Gernikako Arbolaren kimua landatu den lursailera hurbildu dira laurak, eta ‘Gernikako Arbola’ doinua entzuten zen bitartean, landatu dute kimu berria. Zuhaitzaren oinean jarritako plaka oroigarriak honela dio: ‘Erbestera joatera behartuak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren eta herritarren omenez. Erbesteratuak izan arren sekula euskal arima galdu ez zuten guztien oroimenez’.
Ekitaldian izan dira José Antonio Rodríguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Julen Arzuaga, Ion Gambra eta Amaia Agirre, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kideak; Ager Izagirre, Administrazio Publikoko foru diputatua eta Rakel Goñi, Aitor Llano eta Bea Ilardia batzarkideak; Raquel Larruskain, Angela Eguia eta Belen Fernández, Galdames, Gordexola eta Lanestosako alkateak, hurrenez hurren; Alfonso San Vicente, Balmasedako alkatea eta Joseba Zorrilla, Zallako alkateordea.