Justizia eta Giza Eskubideen Sailak biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloko hitzarmena bultzatu du Nafarroarekin

Argitalpen-data: 

San José sailburua Nafarroan duen homologoarekin bildu da eta talde bateratu bat sortzea proposatu du 1936 eta 1945 bitartean espetxeetan izandako giza eskubideen urraketa ikertzeko

 

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék Euskadi-Nafarroa Hitzarmena berritzea proposatu du gaur biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan, bi erkidegoentzat interes komuneko gaietan aurrera egitea ahalbidetzeko. Zehazki, Gogora Institutuko eta Nafarroako Memoriaren Institutuko langileek osatutako talde tekniko bat sortzea planteatu du, frankismoaren errepresioaren biktimei buruzko informazioa partekatzeko, baita gai horri buruzko ikerketa bateratuak ere. 

San Josék bilera egin du gaur Iruñean Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskararen kontseilariarekin, eta Martín Zabalza Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiarekin. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Memoria eta Giza Eskubideen sailburuorde Alfredo Retortillok eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Erakundeko zuzendari Alberto Alonsok ere parte hartu dute.

Bilera horretan ─lehena San Josék ekainean Justizia eta Giza Eskubideen Saila hartu zuenetik─ bi gobernuentzako interes komuneko hainbat gai partekatu dituzte, besteak beste Euskadi-Nafarroa Hitzarmena berritzea biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan. Sailburuak adierazi duenez, akordio hori aurreko legegintzaldian sinatu zen, eta datorren urtean amaituko da indarraldia.

Ildo horretan, proiektua modu berean berritzeko borondatea agertu du, eta batez ere memoriaren gaian lankidetzan aritzetik hasita. Hori abiapuntutzat hartuta, proposatu du “talde tekniko bat sortzea, Gogora institutuko eta Nafarroako Memoriaren Institutuko langileek osatua, errepresio frankistaren biktimekin lotutako bi erakundeen datu-baseetan eskuragarri dagoen informazioa partekatu ahal izateko modua aztertzeko”. Gainera, talde horretan beste profesional batzuk sartzeko aukera ere aipatu du, aditu aholkulari gisa.

Bestetik, María Jesús San Josék aurreratu duenez, 2025etik aurrera Gogora Institutuak “ahalegin handia egingo du Espainiako kartzeletan izandako giza eskubideen urraketari buruzko ikerketa sakona bultzatzeko” 1936tik 1945era bitarteko frankismo garaian. Gaineratu duenez, “gai transbertsala da, eta, Nafarroa eta Euskadi arteko presoen lekualdatze-maila kontuan hartuta, abiapuntu egokia izan liteke bi institutuek baterako ikerlanari ekiteko”.

Azkenik, Hitzarmenaren Garapen eta Jarraipen Batzordeari protagonismo handiagoa ematea proposatu du, bertan jasotzen den bezala, baita urtean gutxienez bi aldiz elkartzea ere, garatzen dituen proiektuetan aurrera egin ahal izateko.