Gaur eguerdian ireki da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan ‘Hradištko (Txekiar Errepublika), nazien kontzentrazio-esparrua: Anjel Lekuona busturiarraren eta beste askoren deportazioa eta heriotza (1945)’ erakusketa. Busturiako Udalak sustatuta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin, erakusketa apirilaren 16ra arte egongo da ikusgai.
Jagoba Álvarez, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendariak, erakusketaren irekiera ekitaldian parte hartu du, eta deportazioaren biktimen inguruan egin beharreko hedapen- eta dibulgazio-lana azpimarratu ditu: ‘Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan deportazioaren biktimen memoria eta haien esperientzia ezezaguna izan da euskal gizartearen gehiengoarentzat. Deportazioa Europan aski ezaguna den arren, ez da gure memoria kolektiboaren parte izan ".
Etxahun Galparsoro historialari eta ikertzaileak 2020an Gogora Institutuarentzat egindako ikerketa-lanean, deportazioaren euskal biktimen izenak jasotzen dira. Egun ditugun datuekin, berrehun lagunetik gora dira deportazioaren izugarrikeria pairatu zutenak 1940-1945 artean, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Bigarren Errepublikak ordezkatutako demokrazia defendatzeagatik.
Gure historiaren kapitulu hau hobeto ezagutzeko eta biktimak aitortzeko, Jagoba Álvarezek ‘1945-2025 Deportazioaren Memoria’ proiektua izan du hizpide. Gogora Institutuak eta Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak 1940–1945 (arlo horretako memoria-elkarteek osatutako taldea) martxan jarritako proiektua da, nazien kontzentrazio-esparruak askatu zituztenetik 80 urte bete direnean. "Helburu berak batzen gaitu, deportazioaren eta eragin zituen biktimen ezagutzan sakontzea eta jakintza honen dibulgazioa eragitea, eta ez dago hori esateko Unibertsitatea baino leku hoberik”.
Helburua arlo honekin zerikusia duten jarduera guztiak modu koordinatuan egitea da; zabalkundea emateko http://www.labur.eus/deportazioa webgunea sortu da. Aurtengorako programatuta daude, besteak beste, deportazioaren biktimak omentzeko ekitaldia, maiatzean; EHUren Udako Ikastaroa, uztailean; deportazioari buruzko erakusketa, udazkenean.
Gogora Institutuak erakusketa egokitzen lagundu du, eta Hradištko kontzentrazio-esparruan bizi eta jasan zuten deportatu euskaldun eta espainiarrei eskainitako zenbait panel gehitu ditu. Zehazki, Anjel Lekuona busturiarraren ondoan beste 6 presok egin zuten ibilbidea aipatzen da; bera bezala fusilatu zituzten, eta haien errautsak Strasnizeko hilerrian gordetzen dira, Pragako biktimen memoriala dagoen lekuan.
1945eko apirilaren 10ean Anjel Lekuona busturiarra fusilatu zuten Hradištko herrian, Hirugarren Reicheko kontzentrazio-esparruan, Frantziatik deportatu zuten, Gerra Zibilaren ostean erbesteratu zen hara.
Gaur goizeko inaugurazio-ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Aitor Aretxaga, Busturiako alkatea; Estitxu Garai, UPV/EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea; Miren Idoia Etxebarria, Busturiako alkateordea eta Kultura eta Memoria Historikoko zinegotzia; Zuzana Hlavique ková, Txekiar Errepublikako Enbaxadako kontseilaria; Unai Eguia eta Anton Gandarias, Busturia-Hradištko senidetze-batzordeko kideak; Lucie Hasková, Hradištkoko alkateordea eta erakusketaren egilea; eta Markéta Šafránková, Hradištkoko Udaleko garapen-batzordeko zinegotzia eta presidentea.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak hainbat urte daramatza Busturiako Udalarekin elkarlanean Lekuona eta harekin batera deportazioren biktima izan zirenen memoria berreskuratzen. 2022ko maiatzean, bi erakundeen arteko lankidetzaren eta Hradistkoko Esparruaren Memoria Babesteko Lantaldearen bultzadaren ondorioz, Euskadiko lehen Stolperstein -harria jarri zen, Anjel Lekuonaren omenez.
Anjel Lekuonaren biografia eta memoriaren berreskuraketa lanak jasota daude ondoko bideoan: https://labur.eus/Lekuona
Euskaldunen deportazioa 1940-1945: zifrak
2020an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ikerketa bat argitaratu zuen: ‘Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945)’ Ikerketa horretatik honako datu hauek ondorioztatzen dira:
- 253 pertsona deportatu zituzten.
- Horietatik 113 hil ziren eta 125 bizirik irten ziren.
- Ez dakigu zer gertatu zaien beste 15i.
Beraz, ia bizirik atera ziren (% 53) pertsona adina hildako (% 47) egon ziren. Gainera, oso deigarria da Mauthausen eremuko hildakoen kopurua, deportazioan hil ziren euskaldun guztien bi heren (% 65) akabatu baitzituzten.
Ikerketatik, bizirik atera zirenei buruz oso kontuan hartu beharreko zerbait ere ondorioztatzen da: haietako asko askatu ondorengo aste eta hilabeteetan hil ziren. Bada, urte batzuk geroago hil zenik ere, kontzentrazio esparruko atxiloaldiak utzitako arrastoen ondorioz.
Azpimarratu behar da zifra horiek ez direla behin betikoak, dokumentazio berria eskuratzeak aldaketak eragin ditzakeelako.