Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik

Argitalpen-data: 

Erakusketa: Ernest Lluch Kulturgunean, Donostia, irailaren 29tik urriaren 20ra zabalik. Irekiera ekitaldi instituzionala irailaren 29an, 19:00etan.

Solasaldia: urriaren 7an 19:00etan, Ernest Lluch Kulturgunean, Donostian, izan zen. Hizlariak: Jerónimo Ríos, Jon Mirena Landa eta Ainara Esteran, moderatzailea: Maitena Salinas. 


Irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean atentatua egin zuenetik. Talde terrorista honen atentaturik odoltsuena da: 4 hildako eta zauritu bat. Soldatapeko bi mertzenario frantziarrek, Lucien Mattei eta Pierre Frugoli (marseillar hampari lotuak), ETAko 4 kide tirokatu eta hil zituzten: Jose Maria Etxaniz Maiztegi, Iñaki Astiasuinzarra Pagola, Agustin Irazustabarrena Urruzola eta Sabin Etxaide Ibarguren. Frantziako nazionalitatea zuen pertsona bat, Jean Iriarte, ere zauritu zuten.  

Gogora Institutuak urteurrena dela eta, bi jarduera osagarri antolatu ditu: erakusketa eta solasaldia. Ekimen honen helburua bikoitza da: alde batetik, gertaeren ezagutza sustatu nahi du eta iragan hurbileko gertakari hau berreskuratu Euskadiko memoria kolektiborako; eta, bestetik, Gogorak biktimen familiei aitortu nahi die 40 urte hauetan jasan duten sufrimenduaren bidegabekeria. Hain modu gogorrean hildako senide baten heriotzak dakarren berezko minari, erakundeen eta gizartearen babes ezak sortutakoa gehitzen baitzaio.

‘Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ izeneko erakusketak atentatuaren nondik norakoak eta erakunde terroristaren ibilbidean izandako garrantzia jasotzen ditu. Erakusketa harago doa, eta GAL, Grupos Antiterroristas de Liberación, ‘estatu-terrorismoa’ deiturikoa gauzatzeko modu gisa zer izan zen ulertzeko edukia jasotzen du, bai eta frankismoko eta trantsizioko azken urteetan jardun zuten eskuin muturreko taldeei lotutako aurrekariak ulertzeko ere.

Erakusketa honek azaldu nahi du zein zen GALen antolakuntza, egitura, nola jardun zuen eta baita egitura eta erakunde publikoetatik gauzatutako terrorismo-mota horren ibilbidea zein izan zen. Zenbait epai judizialek agerian utzi zuten Barne Ministerioko goi-kargudunen, Gobernu Zibilen eta Defentsaren Informaziorako Goi Mailako Zentroaren inplikazioa.

 

13 panelek osatuta, bertan, azalpen-testu, artxiboko dokumentu, eta garaiko hemerotekaren bidez, talde terrorista horren 1983tik 1987ra bitarteko jardunaren jarraipena egin daiteke. Guztira 27 hilketa eta, gutxienez, 24 zauritu egozten zaizkio GALi. GALekin lotutako ikerketa judizial eta kazetaritza-ikerketak ere jasotzen ditu erakusketak. 

Monbar Hoteleko biktimen senitartekoen testigantzek osatzen dute erakusketa, justizia ezak eta erakundeen eta gizartearen babes eta aitortza faltak eragindako minaz dihardute, baita elkarbizitzarako beharrezko ikusten dituzten pausuez ere.

Horrela, erakusketa honek Euskadiren iragan hurbileko gertakari ia-ahaztu honetan jarri arreta jarrita, ‘estatu-terrorismoak’, ‘gerra zikinak’ eta horiek dakarten zuzenbide-estatuaren porrota salatu nahi ditu.

Publikoarentzat zabalik egongo da erakusketa irailaren 29tik urriaren 20a bitartean. Ordutegia, liburutegiaren ohikoa:

Astelehenetik ostiralera: 10:00 - 14:00/16:00 - 20:30

Larunbat eta zubiak: 10:00 - 14:00/16:30 - 20:00

Jaiegunak: itxita

 

Solasaldia

Era berean, Gogora Institutuak solasaldi bat antolatu du urriaren 7an, 19:00etan, ekitaldi-aretoan,  arloko espezialistekin eta biktimen familien ordezkariekin, Maitena Salinas kazetariak moderatuta. Hitzaldiaren helburua estatuak erabilitako indarkeriak suposatzen duen larritasunean azpimarra jartzea da, terrorismoa eta horren ondorioak salatzeko eta ikusarazteko: giza eskubideen urraketa larriak eta zuzenbide-estatuaren porrota eta Espainiako demokraziaren kalitatea murriztea.

Halaber, espazio bat ireki nahi da indarkeria horren inguruan izan diren isiluneei eta ahanzturari buruz hausnartzeko, bai eta memoria-betebeharrari eta bizikidetzarako duen balioari buruz hausnartzeko ere.

Gogora Institutuak biktima horiek eta haien familiek jasan duten sufrimendu bidegabea aitortu nahi du, bai eta jasan duten erakundeen arretarik eza aitortu ere, beste irain batzuekin batera, hala nola, egile askoren zigorgabetasuna eta gertatutakoaren egiaren ezagutzan dauden hutsuneak.

Hitzaldian parte hartuko dutenak:

 

Jerónimo Ríos

Zuzenbidean eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoetan doktorea eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Humanitateetan doktorea. Gaur egun, irakasle laguntzaile doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politiko eta Soziologiako Fakultatean.

Egoitz Gagorekin batera ‘’El terrorismo de estado ante sus víctimas. Conversaciones a propósito del GAL’ liburuaren egilea. Liburu honek estatu-terrorismoari buruzko hausnarketa akademikoa, GALen atentatuen kontakizuna eta GALen eta estatuko beste indarkeria batzuen biktimei egindako elkarrizketak biltzen ditu.

 

Jon Mirena Landa

Zigor Zuzenbideko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria izan da, eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Biktimen Balorazio Batzordeko kidea da.

Haien parte-hartzearekin, GAL bezalako talde baten existentziak eta jardunak eta "estatu-terrorismoak" zer suposatzen duten ulertu nahi da, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidetik. Era berean, euskal kasuan, Estatuaren indarkeriaren biktimentzako erakunde-tratamenduari eta politika publikoei buruzko bere ikuspuntua emango du.

 

Ainara Esteran

Egiari Zor Estatuko indarkeriaren biktimen elkarteko kidea da. Bere lana biktima horien arretari eta laguntzari lotuta dago, eta, beraz, bertatik bertara ezagutzen ditu Estatuko biktimek gaur egun oraindik ere pairatzen dituzten beharrizan materialak eta moralak eta arlo horretan dituzten gabeziak.

 

Hitzaldia Ernest Lluch aretoan izango da, urriaren 7an, 19:00etan. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.