María Jesús San José sailburuak eta Iker Santocildes alkateak familiari eman diote Aquilino Florez Bautistaren gorpuzkia, Urduñako espetxe frankistaren biktima

Argitalpen-data: 

  • Aquilino Florez Bautista, Valencia de las Torresekoa (Badajoz), 1941eko martxoaren 12an hil zen, 38 urte zituela. 2022ko abenduan desobiratu zen bere gorpuzkia Urduñako hilerritik
  • Honekin 17 dira Urduñako hilerrian berreskuratu, genetikoki identifikatu eta familiei itzulitakoak
  • 2014tik 93 dira hilerri honetatik berreskuratutako biktimak

Gaur goizean, Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan, Aquilino Florez Bautistaren familiak bere gorpuzkia jaso eta Kolunbarioan ehortzi du.

María Jesús San José, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alberto Alonso, Gogoraren zuzendaria eta Iker Santocildes, Urduñako alkatea izan dira familiari gorpuzkia emateko ekitaldian, udaleko zinegotziekin batera. Modu pribatuan egin da ekitaldia, familiaren nahia errespetatuz.

Aquilino Florez Bautista, Urduñako hilerritik berreskuratu, identifikatu eta familiari emandako 17. pertsona da; guztira 93 dira hilerri honetan berreskuratutakoak. Gainontzeko 76ak genetikoki identifikatzeko lanetan jarraitzen du Gogora Institutuak.

Aquilino jaiotzez Valencia de las Torresekoa zen (Badajoz), nekazaria lanbidez, ezkondua eta 2 seme-alaben aita. Matxinada egotzita, epaitu eta 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 1940ko abenduaren 6an Urduñan espetxeratu zuten, Castuerako Espetxe Zentraletik hara bidalita. 1941eko martxoaren 12an hil zen, dokumentazio historikoaren arabera, erreumaz, 38 urte zituela. 2022ko abenduan desobiratu ziren bere gorpuzkiak Urduñako hilerritik.

Maiatzean Gogoratik jakinarazi zen beste sei pertsona identifikatu zirela, seigarrena da Aquilino Florez Bautista, eta asteotan, seiren gorpuzkiak itzuli zaizkie familiei.

Identifikazio-lanak

Identifikazio lanekin aurrera egiteko senitartekoei deia egiten zaie Gogorarekin harremanetan jartzeko. Informazio guztia: https://labur.eus/orduna webgunean, gogora@euskadi.eus | 944 032845

Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildakoen ondorengoen DNA laginak hezurretatik ateratako laginekin alderatzea. Familiako lagin horiek aukera ematen dute Gogoraren DNA Bankua handitzeko eta identifikatzeko probabilitatea handitzeko; izan ere, askotan, bizirik dagoen senidearen lagin bat baino gehiago eman behar izaten da identifikazioa amaitzeko.