- Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak ‘FRANCO! FRANCO! FRANCO! Erregimen frankista desmitifikatzeko eta deslegitimatzeko ekimena’ jardunaldian izan da Gogora Institutuak antolatuta
- “Garai hartako ezer ezin da aldarrikatu gure egungo gizarte demokratikoaren oinarri gisa, oinaze, errepresio, sufrimendu eta haustura sozialeko urteak izan ziren"
Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu María Jesús San José komunikabideen aurrean agertu da gaur goizean, "FRANCO! FRANCO! FRANCO! Erregimen frankista desmitifikatzeko eta deslegitimatzeko ekimena" hasi baino minutu batzuk lehenago, Barakaldoko BECeko 1. auditorioan.
María Jesús San Josék azaldu duenez, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren jardunaldi berri bat da, batxilergoko ikasleei zuzendua, "gure iragana modu kritiko eta gogoetatsuan berrikusteko", iaz egin zuen bezala, sufrimenduaren sozializazioaren estrategia eta haren ondorioak jorratzeko, orduko hartan ere , BECen.
Erregimen frankistaren mitoak desegin nahi dituen jardunaldi bat bultzatzeko arrazoiak "ulerterrazak" dira sailburuaren hitzetan: "Gaur egun kezkatuta ikusten dugu gazteriaren zati handi batek iraganari ikuspegi partzial, desitxuratu eta nostalgiko batetik begiratzen diola. Begirada hori mezu interesatuez hornitzen da, demokraziaren zutabeak zalantzan jartzea beste helbururik ez dutenek sortuak, eta demokrazia ahula da beti, definizioz”.
Boterea gerra zibil baten bidez irabazi, eta berrogei urtez, sistema errepresiboa gogor erabiltzen jarraitu zuen erregimen bat "erlatibizatu eta idealizatu" nahi dituzten mezuei buruz hitz egin du. Eta San Josék gogorarazi duen moduan, erregimen hau "ez zen denborarekin desagertu, diktadorea bera hil eta gero ere biziraun zuen, horrela erakusten digu 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotakoak”.
"Garai hartako ezer ezin da aldarrikatu gure egungo gizarte demokratikoaren oinarri gisa, oinaze, errepresio, sufrimendu eta haustura sozialeko urteak izan ziren", gaineratu du sailburuak.
Kontrara, San Josek erregimen frankistaren aurkako gizarte-mobilizazioa ekarri du gogora "langileek, emakumeek, periferietako auzoetako bizilagunek, lehen ikastolen sare klandestinoak izan ziren gure orainaren oinarriak jarri zituztenak".
Ildo horretan, beste behin ere, "balio demokratikoak" aldarrikatu ditu, "Giza Eskubideen, bizikidetzaren eta aniztasunaren defentsarekin konprometitutako herritar aktiboak eraikitzeko funtsezko tresna gisa".
Jardunaldia hasi baino lehentxeago, esan ditu hitzok sailburuak, Barakaldoko BECeko 1. auditorioan, 650 pertsona inguru bildu dira, gehienak Batxilergoko 2. mailako ikasleak. Sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratutakoei: "Gure iraganaren ikuspegi kritikoarekin gero eta konprometituagoa dagoen euskal gizartearen islarik onena dira".
Jardunaldia beraientzat pentsatuta dago, sare sozial eta komunikabideetan frankismoaren ontasunei buruz zabaltzen diren ideia komun faltsuak desmitifikatzeko helburuarekin. Eta, batez ere, frankismoaren errepresio-izaeraz jabetu daitezen laguntzea, oinarrizko askatasunen garrantzia azpimarratuz, sistema demokratiko ororen oinarria baita.
Maitena Salinas kazetariak gidatu du ekitaldia eta hainbat kolaboratzaile izan ditu: Nicolás Sesma eta Mikel Herrán historialariak eta Andrea Momoitio kazetaria.
Ia bi orduz, hainbat gai jorratu dituzte, bideo laburrekin, galdera-erantzunen aplikazio baten bidez publikoaren parte-hartzearekin eta kolaboratzaileen esku-hartzearekin. Jardunaldia hiru gai-multzo handiren bidez egituratu da:
- ‘Frankorekin hobeto bizi ginen?’ Bertan, sare sozialetan frankismoaren inguruan zabaltzen diren eta gazteen artean onarpena duten mito sozioekonomiko nagusiak identifikatu eta azaldu dira.
- ‘Familia perfektua!’ Frankismoak aldarrikatutako familia-ideala aztertu da, baita nagusi diren genero-arketipoak, zurruntasuna eta gizon eta emakumeen bizitzan dituen ondorioak ere, arreta berezia jarriz ezarritako arautik ateratzeak zekarrenari.
- Ezin ezer esan! Atal honetan, bi afera kontrajarri nahi izan dira: gaur egun, bai sare sozialetan, bai hedabide batzuetan askatasunik gabeko egoera bizi dugula dioten mezuak, egiazki, diktadura baten oinarrizko eskubiderik gabe bizitzeak dakarrenarekin.
Atal honi lotuta, legez kontrako polizia-indarkeriak hildakoen senitartekoen testigantzak biltzen dituen bideo bat ikusi da, 1975era arteko biktimak denak. Gogora Institutuaren Testigantza-Bankuan jasotako bizitza-istorioen zatiak dira. Modu horretan erakutsi nahi izan da diktadura-sistema batean bizitzeak dakarren gordintasuna, non ez diren errespetatzen oinarrizko eskubideak, zigorgabetasuna eta biktimen eta haien familien babesgabetasuna nagusitzen diren, inolako eskubiderik aldarrikatzeko aukerarik gabe.
Nicolás Sesma (Gasteiz, 1977) historialaria, Historia eta Espainiako Zibilizazioko irakasle titularra da Grenoble Alpeseko Unibertsitatean. Besteak beste, ‘Ni una, ni grande, ni libre. La dictadura franquista’ (2024, Crítica) liburuaren egilea da.
Andrea Momoitio (Ortuella, 1989) kazetaria da, Ikasketa Feministak eta Genero Ikasketak eta Kazetaritza Digitala Masterra. Pikara Magazine aldizkariaren koordinatzailea da, eta, besteak beste, Público hedabidearekin lan egiten du. ‘Lunática’" (2022, Libros del KO) liburuaren egilea da.
Mikel Herrán (Zaragoza, 1991) arkeologoa eta historia dibulgatzailea da. El Intermedio eta Carne Cruda bezalako komunikabideetan kolaboratzen du, baita sare sozialetan ere, non drag eta performancea erabiltzen dituen iraganaz hitz egiteko. ‘Sodomitas, vagas y maleantes: Historia de la España desviada de Atapuerca a Chueca’ (2024, Planeta) eta ‘La historia no es la que es, es la que te cuentan’ (2022, Planeta) liburuak argitaratu ditu.

