Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, María Jesús San José, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Alberto Alonso, Quintana de la Serenan (Badajoz) izan dira, Francisco Barquero Tejadoren gorpuzkiak familiari emateko.
Aldez aurretik, goizean, Maria Jesus San Josek eta Alberto Alonsok Castuerako kontzentrazio-esparrua egon zen lekua bisitatu dute. Esparru horrek garrantzi berezia du, eta Urduñako espetxe zentralari eta frankismo garaiko Euskadiko beste espetxe batzuei lotuta dago. Kontzentrazio-esparru horretatik presoak beste espetxe batzuetara lekualdatzen eta banatzen ziren.
Urduñaren kasuan, hildako 225 pertsonatatik 104 Castuerako kontzentrazio-esparrutik ekarritakoak ziren, eta horietatik gehienak Extremadurakoak ziren.
Espetxean hil zen 26 urte zituela
Franciscoren gorpuzkiak Urduñako hilerritik berreskuratu ziren 2014an, beste 13 pertsonarenekin batera, eta Duintasunaren Kolunbarioan ehortzita egon dira gaurdaino, ‘identifikatu gabe’ bezala adierazita.
Francisco Barquero Tejado, Quintana de la Serenakoa (Badajoz), nekazaria zen eta ez zegoen ezkonduta. Atxilotu eta Castuerako kontzentrazio-esparrura eraman zuten 1939ko ekainean, behin gerra amaituta zegoela. Urte horretan bertan, dagoeneko Castuerako Espetxe Zentralean preso zegoela, Gerra Kontseiluak 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zion eta, azkenik, Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten 1940ko otsailean.
Han hil zen, 1941eko maiatzaren 9an, heriotza-agiriaren arabera, abitaminosiak jota, 26 urte zituela. Ziurtagirietan jasotako heriotza-arrazoien atzean garaiko espetxeetako bizi-baldintza kaskarrak ezkutatzen dira.
93 pertsonatik 36 identifikatu dira Urduñan
Aste honetan bertan jakinarazi diren azken bost identifikazioekin, 36 dira dagoeneko izen-abizenak dituzten gorpuzkia. Francisco Barquero Tejadorekin batera identifikatutako pertsonak hauek dira:
- Francisco Ávila Martínez, Ontur-ekoa (Albacete)
- Juan Carreras Calzado, Hornachosekoa (Badajoz)
- Antonio Corbacho Merino, Alange (Badajoz)
- Francisco Navarro Márquez, Hornachosekoa (Badajoz)
Identifikatutako pertsonen zerrenda osoa eta kasuaren testuinguruari buruzko informazioa kontsultatzeko, kontsultatu: https://labur.eus/orduna

