Gazteak izango dira Eusko Jaurlaritzak prestatzen duen memoria eguneko ekitaldiko protagonistak

  • Hogei bat neska-mutilek beren esperientziak azalduko dituzte, Adi-Adian heziketa-moduluan parte hartu ondoren
  • Lehendakariak GOGORA Insitutuan ostiralean 17:00etan izango den oroitzapen-ekitaldia itxiko du
  • Gobernuak memoria etorkizuneko belaunaldiei transmititzea zer garrantzitsua den nabarmendu nahi du

Eusko Jaurlaritzak, datorren ostiralean, abenduaren 10ean, Memoria Eguna ospatu nahi du; GOGORA Institutuak antolatu du ekitaldia. Bertan, gazteek izango dute ahotsa. Gobernuaren asmoa da, horrela, memoria etorkizuneko belaunaldiei transmititzea zer garrantzitsua den nabarmentzea eta horiek familiei, heziketa-munduari eta gizarteari oro har eskatzen dietena entzutea.

Ekitaldia 17:00etan hasiko da, GOGORAren egoitzan, Bilbon, eta pertsona guztiak daude gonbidatuta. Bertan, hogei bat neska-mutilek hartuko dute parte, Adi-Adian programan parte hartu zuten gazteek. Heziketa-programa horren helburua da giza duintasunean, bizikidetzan eta enpatian oinarrituta ikastea, ikasgeletako biktimen lekukotzen bitartez. Urkullu Lehendakariak itxiko du ekitaldia.

Gazteek beren esperientzia, hausnarketak eta bizitako emozioak kontatuko dituzte eta euskal ikasgeletan lekukotzak utzi dituzten biktimen iritzia ezagutuko dugu. Era berean, Bilboko Musika Eskolako Gazteen Abesbatzaren emankizuna egotea ere aurreikusten da.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak egun berean goizez Eusko Legebiltzarrak Memoria Eguna dela eta antolatu duen ekitaldian ere parte hartuko du.