Eusko Jaurlaritzak Euskadin sinbologia frankista erretiratzeari buruzko egoeraren inguruko txostena aurkeztu du

Argitalpen-data: 

Jaitsi txostena (PDFa 2,8MB)

Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluan aurkeztutako Euskadin sinbologia frankista erretiratzeari buruzko egoeraren inguruko txostenean adierazitakoaren arabera, Euskadin gutxienez 1.523 sinbolo frankista erretiratu dira. Erretiratutako sinbolo horien artean elementuak, kaleen izenak eta ohorezko tituluak aurkitzen ditugu. Txosten honetan, gainera, sinbologia frankista erretiratzeko burututako jarduketak deskribatzen dira. Gainera, sinbologia hori zein herritan oraindik ez den kendu ere adierazten da;  guztira 15 udalerri dira, Araban 3, Bizkaian 9 eta Gipuzkoan 3.

Guztira erretiratutako 1.523 sinbolo frankistetatik, 1.021 sinbolo 2016tik gaur arte erretiratu dira: 125 Araban, 716 Bizkaian eta 180 Gipuzkoan. Horien artean, gehienak etxebizitzako plakak dira, gutxienez 985. Hala ere azpimarratu behar da erretiratutako sinboloen artean erregimen frankistako 2 armarri ofizial daudela: Ogasunaren Ordezkaritza Bereziko armarria Bilbon, eta Correoseko eraikinean zegoena Barakaldon. Halaber, talde matxinatuaren omenezko 8 monumentu kendu dira, adibidez, Bilbon, Eskoriatzan, Lantaronen, Larrabetzun, Legution edo Ondarroan zeudenak. Horiei gehitu behar zaizkie oraindik jarrita dauden arren, jada goraipamen faxistaren elementurik ez duten monumentuak, adibidez Andoainen, Bilbon eta Oiartzunen. Era berean, pertsonen 9 bereizkuntza, domina eta erretratu, eta erregimen frankistarekin lotutako 16 izen, gutxienez, kendu dira.  

Udalerriak kontuan hartuz, 2014an 128 udalerrik ez zuten sinbologiarik, beste 62k 2016rako erretiratu zituzten, eta 46k azken hiru urteetan erretiratu dituzte.

 

Udalerri kopurua

Sinbologiarik gabe 2014

Sinbologiarik gabe 2016

Sinbologiarik gabe 2019

ARABA

51

31

41

48

BIZKAIA

112

66

83

103

GIPUZKOA

88

31

61

85

EUSKADI

251

128

190

236

 

Oraindik aurki daitekeen sinbologiaren inguruan, txostenean jasotakoaren arabera, Euskadiko 15 udalerritan oraindik badira sinbolo frankistak. Gehienak etxebizitzako plakak diren arren, ondorengo elementu hauek oraindik ikus daitezkeela azpimarratu behar da: Erregimen frankistaren 2 armarri ofizial Gasteizen, katedral berrian dagoena eta Olagibel kaleko antzinako Justizia Jauregian dagoena; mendian ipinitako hildakoen bi gurutze, bata Lemoako harkaitzean (Lemoa) eta bestea Morkaiko mendian (Elgoibar); eta hildakoen omenezko bi monumentu panteoi Getxoko eta Portugaleteko hilerrietan.  Kaleen izenei dagokienez, Elgoibarko, Erandioko, Mutrikuko eta Gasteizko kale-izendegian izen batzuk mantentzen dira hala erabaki dutelako.  

Sinbologia frankista kentzeko jarraipen-txosten hau abenduaren 26ko 52/2007 Legea eta Bizikidetza Plana 2013-2016an eta Gogora Jarduera Programa 2017-2020an jasotako Eusko Legebiltzarraren agindua betez gauzatzen da. Aipatutako plan horiek 2011. urteko Gerra Zibila eta Diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoan eta 2012. urteko Euskal Autonomia Erkidegoko ikur frankistak kentzeko batzordearen gomendio-irizpenean oinarritu dira.