Beatriz Artolazabal: "Erakundeen betebeharra da Gerra Zibilean desagertutakoak berreskuratzea eta kendu zieten duintasuna itzultzea"

Argitalpen-data: 

Beatriz Artolazabal: "Erakundeen betebeharra da Gerra Zibilean desagertutakoak berreskuratzea eta kendu zieten duintasuna itzultzea"
  • Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua, senideekin izan da gaur goizean Aniceto Aguirrebeitia gudulariaren gorpuzkia berreskuratzeko lanetan, Amorebieta-Etxanoko Bizkargi mendian.

  • Gogora Institutuak DNA lagina hartu dio familiari, hildakoaren nortasuna genetikoki zehazteko.

  • Dokumentazio historikoaren arabera, biktima Aniceto Aguirrebeitia Lazpita da, Berrizkoa, Alderdi Komunistako Esteban Salsamendi Batailoiko gudularia gerra zibilean eta 26 urte zituela hil zen.

Gaur goizean Amorebieta-Etxanoko Bizkargi mendian egin diren exhumazio lanetan izan da Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua biktimaren familiarekin batera, bost iloba, Aniceto Agirrebeitia zenaren ahizpen seme-alabak denak. Beraiekin batera izan dira Jose Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogorako zuzendaria; Itxaso Berrojalbiz Amorebieta-Etxanoko zinegotzia eta EAJko legebiltzarkidea eta Miren Gallastegi Gogoraren Zuzendaritza Batzordeko kidea eta PSE-Eeko legebiltzarkidea. Aranzadi Zientzia Elkarteko taldeak egindako hilobitik ateratzeko lanak jarraitu dituzte guztiek.

Beatriz Artolazabal sailburua familiari zuzendu zaio esanez "bizi dugun unea are zirraragarriagoa da zuek hemen zaudetelako eta, batez ere, gure lanak, Aranzadirenak, Gogorarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak, zentzu osoa hartzen du".

Sailburuaren hitzetan, erakundeen betebeharra da gerra zibilean desagertutakoak berreskuratzea, "berreskuratu eta kendu zieten duintasuna itzultzea, eta ahalegin guztiak egiten jarraituko dugu; gaur Anicetok falta diren guztiak ordezkatzen ditu".

Aniceto Agirrebeitia Berrizkoa zen, bost anai-arrebako familia bateko zaharrena, eta Esteban Salsamendi batailoi komunistan borrokatu zuen gerra piztu zenean; 26 urte zituen hil zenean.

Gorpuzkiak aurkitzea eta identifikatzea

Gogora Institutuak DNA lagina hartu dio gudulariaren familiari, gaur berreskuratutako gorpuzkiekin alderatu eta genetikoki hildakoaren identifikazioa egiaztatzeko. Momentuz, identifikazio dokumentazio historikoari esker egin da. Izan ere, gorpuzkiarekin batera aurkitutako 58331 zenbakidun identifikazio-plakak ahalbidetu du aurkitutako gorpuzkiari izena jartzea.

Gorpuzkiak Euskal Prospekzio Taldeko kideek aurkitu zituzten, 2020ko uztailean, Bizkargi mendian (Amorebieta-Etxano), prospekzio lanetan ari zirela. Lan horietan, Euskadiko Gudarostearen identifikazio-plaka bat aurkitu zuten, 58331 zenbakiarekin, beste objektu batzuekin batera.

Dokumentazio historikoari esker, zehazki Euskadiko Gudarostearen nominei esker, jakin ahal izan da 58331 zenbakidun plaka Aniceto Aguirrebeitia Lazpitari dagokiola, Alderdi Komunistako 44. Esteban Salsamendi bataloikoa. Era berean, Kanpainan Hildakoen erregistroak Anizeto 1937ko maiatzaren 16an borrokan hil zela jasotzen du.

Gerra Zibilean desagertutako pertsonen bilaketa

Eusko Jaurlaritza 2003tik ari da Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen Aranzadi Zientzia Elkartearekin egindako lankidetza-hitzarmenaren bidez. Proiektu horren baitan 51 hobi zabaldu dira eta 108 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte.

  • 57 Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan daude. Horietatik 11 identifikatutako pertsonenak dira.
  • 44 hobiak dauden udaletxeetako hilerrietan daude.
  • Gainerakoek familiek aukeratutako beste leku batzuetan hartzen dute atseden.