Beatriz Artolazabal "Euskadiren memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko ematen ditugun pausoak gure herrian elkarbizitza eraikitzek"o ematen ditugun pausoak dira"

Argitalpen-data: 

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Aniceto Agirrebeitia Esteban Salsamendi batailoi komunistako milizianoaren gorpuzkiak eman dizkio familiari, DNA laginak erkatuta haren nortasuna zehaztu ostean.
  • Haren gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko Bizkargi mendian hobitik atera zituzten 2020ko abenduan, eta Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ditu gaur familiak.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak Aniceto Agirrebeitia Lazpitaren gorpuzkiak eman dizkio familiari, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan egin den ekitaldian. Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak lagundu diote.

Beatriz Artolazabal, gorpuzkiak ematerakoan, familiari zuzendu zaio "gaur euskal erakundeetatik lagundu nahi genizuen, uste baitugu betebehar hori dugula Euskadin memoriaren politika publikoen arduradun garen aldetik", "Gure hurbiltasun eta maitasun guztia" transmititzeko, "Zuen senideak, zortzi hamarkada baino gehiago geroago, Duintasunaren Kolunbarioan bakean atseden hartzen duen unean".

Artolazabal sailburuak bere hitzaldian azpimarratu duenez, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektua onartu eta hurrengo egunean, gaurkoa bezalako ekitaldiek "memoriaren politika publikoen garrantzia eta erabilgarritasuna oso ondo sinbolizatzen dute". Zentzu horretan, "Euskadiren memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko ematen ditugun pausoak gure herrian elkarbizitza eraikitzeko ematen ditugun pausoak dira", gaineratu du. "Harro nago Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Aniceto bezalako pertsonei duintasuna itzultzen laguntzeaz".

Familiak Aniceto Agirrebeitia Lazpitaren gorpuzkiak jaso ditu, eta, jarraian, Duintasunaren Kolunbarioko horma-hobi batean ehortzi ditu, Gerra Zibileko beste 58 pertsonaren gorpuzkiekin batera.

Ekitaldian izan dira, Agirrebeitia familiaz gain, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko ordezkari politikoak: EAJ-PNVko Maitane Ipiñazar, EHBilduko Julen Arzuaga, PSE-EEko Miren Gallastegui eta Elkarrekin-Podemoseko Jon Hernandez. Haiekin batera, Elgoibarko alkate Ane Beitia eta udalbatzako kideak, eta Euskal Prospekzio Taldeko, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Elgoibar 1936 bertako elkarte memorialistako kideak.

Beatriz Artolazabal sailburuak eskerrak eman dizkie erakundeei, elkarte memorialistei eta Aniceto Agirrebeitiaren gorpuzkiak familiari emateko aukera izan dezaten lan egiten duten eta laguntzen duten pertsona guztiei. "Zuen adoreari esker gauzatu ahal izan dira, erakundeen bidez, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak aurkitzeko eta identifikatzeko memoria-politika eraginkorreko hamarkadak".

Gorpuak hobitik ateratzeko eta DNA bidez identifikatzeko prozesua

Aniceto Agirrebeitia Lazpitaren gorpuzkiak 2020ko udan aurkitu zituzten, eta 2020ko abenduan lurpetik atera, Amorebieta-Etxanoko Bizkargi mendian. Aztarnen ondoan 58.331 zenbakiarekin aurkitu zen txapa identifikatzaileari esker, lehenengo identifikazioa egin ahal izan zen, Euzkadiko Gudarostearen dokumentazioa kontsultatuta. Aniceto Agirrebeitia Lazpita zen, Esteban Salsamendi batailoiko milizianoa, EPK Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako batailoikoa. Dokumentazio honen bidez, bere heriotzaren data ere jakin ahal izan zen: 1937ko maiatzaren 16a, 26 urte zituen. Berrizkoa zen, bost anai-arrebako familia bateko zaharrena, ogibidez okina.

Informazio horri esker, familia aurkitu ahal izan zuten, eta DNA laginak erkatu ostean, hildakoaren nortasuna zehaztu ahal izan zuten.

Gerra Zibileko desobiratzeak Euskadin

2001. urteaz geroztik, 46 desobiratze egin dira Euskadin: 24 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban.

Desobiratze horietan, 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira, 108 gizon eta bi emakume; horietako 27 identifikatu ahal izan dira, horietako bat emakumea, Monica Barron del Val.

Hilobitik ateratako biktima gehienak gudulariak ziren, 70, baina epaiketaz kanpoko 26 biktima eta 14 hildako ere berreskuratu dituzte.

Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan, gaur egun, 59 pertsonaren gorpuzkiak daude, horietatik 10 identifikatuta.