Beatriz Artolazabal sailburuak Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko egia argitzeko bide guztiak berriro aktibatzeko eskatu du

Argitalpen-data: 

  • Sailburuaren hitzen arabera, kasuaren egiak Estatuaren aldetik “aitorpena, autokritika eta erantzukizunak hartzea” esan nahiko luke

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, gaur, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu duen Non dago Mikel? dokumentalari buruzko elkarrizketari eman dio hasiera. Sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa, “motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktimei aitorpena eta erreparazioa bermatzeko”, eta Estatuari konpromiso bera eskatzen diola esan du: “Estatuak bermatu egin behar du Mikel Zabalzaren kasuan egiarako eskubidea”; “egia horrek, hala badagokio, aitorpena, autokritika eta erantzukizunak hartzea ekarri beharko luke”.

Sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak 12/2016 Legearen esparruan legez kontrako polizia-indarkeriaren biktimen memoriarekin eta aitorpenarekin duen konpromisoa, eta Zabalza familiari zuzendu zaio, eta berretsi egin du “zuon kausarekin kausa komuna egiteko konpromisoa, zeina gure kausa ere baita: egia”.

Artolazabalek hitz horiek honako hauen aurrean esan ditu: Idoia eta Begoña Zabalza, Mikel Zabalzaren arrebak; Manolo Vizcay, eta Idoia Aierberen eta Ion Arretxeren familiartekoak. Manolo Vizcay, Idoia Aierbe eta Ion Arretxe Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zituen Guardia Zibilak, 1985eko azaroaren 26an. Haietako bik, Idoia Aierbek eta Ion Arretxek, torturen biktima izan zirela salatu zuten; dagoeneko, hilda daude.

Ekitaldian, honako hauek ere izan dira: José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Mónica Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria eta EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Podemos Euskadiko ordezkariak.

Dokumentalari buruzko elkarrizketa

Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas –Pitu– dokumentalaren zuzendariak eta Idoia Zabalza Mikel Zabalzaren arrebak elkarrizketan parte hartu dute. Non dago Mikel? dokumentalak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntza ekonomikoa jaso du. 2020ko Zinemaldian aurkeztu zen eta, gaur egun, zinema-aretoetan ikus daiteke.