Begoako hilerrian lurperatutako Gerra Zibileko 60 biktimaren gorpuzkiak berreskuratzeko lanak hasi ditu Eusko Jaurlaritzak

Argitalpen-data: 

  • Gaur hasi dira lanak, senide batzuen presentziarekin, biktimak lurperatu direla dakiten hilerriko lehen eremuan
  • Desobiratze proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadik Gerra Zibilean desagertutako pertsonak berreskuratzeko duten hitzarmenaren esparruan gauzatzen da
  • Begoñako hilerrian egiten den esku-hartze hori, era berean, Bilboko Udalak eremua berreskuratzeko duen proiektu zabalago baten parte da

Eusko Jaurlaritzak gaur hasi ditu Bilboko Begoñako hilerrian lurperatutako Gerra Zibilean hildakoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak. 2003tik dago itxita hilerri hori, eta, gaur egun, Bilboko Udala gorpuzkiak lurpetik ateratzen ari da, gune hori parke publiko bihurtzeko, Begoñako Argia izeneko proiektuaren esparruan. Lehen une honetan, lanak hasi dira Gerra Zibilaren biktimen hilobiak dauden bi eremu edo lurperatze-eremuetako batean, eskuragarri dagoen dokumentazioak dioenaren arabera.

Gaur goizean, Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, bertaratu dira zeregin horien hasierara, eskuragarri dagoen dokumentazioaren arabera leku horretan lurperatuta dauden biktima batzuen senideekin batera. Haiekin batera izan dira José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia; eta Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.

Beatriz Artolazabal sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa Gerra Zibilean desagertutako ahalik eta pertsona gehien berreskuratzeko. "Egia argitzen saiatuko gara, familia guztiek dolua behin betiko itxi ahal izan dezaten", adierazi du.

Gaur, Begoñako hilerrian, zenbait familia izan dira, eta, eskuragarri dagoen dokumentazioaren arabera, haien senideak leku horretan lurperatuta daude, baina, kasu batzuetan, ez da jakinekoa zehazki non dauden.

Gogora Institutuak 1936-1945 aldian Gerra Zibilean hildako biktimei buruz bultzatutako ikerketan oinarrituta, 60 pertsonaren gorpuzkiak, zibilak eta gudulariak, lurperatuta daude bertan. Horien artean, zenbait biktimen familiek ez dakite non eta noiz hil ziren. Horregatik, Artolazabal sailburuak dei egin du gerran hildako senideak non dauden ez dakiten familiak Gogorarekin harremanetan jar daitezen.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Begoñako Argia proiektuari buruz hitz egin du. Proiektu horretan, ia bi mendetan zehar, 1813tik 2003ra arte, ehunka bilbotar izan dira lurperatuak. Alkatearen hitzetan “Argi horrek piztuta jarraitzen du, eta indarrez distiratzen du Gerra Zibilaren biktimengatik, haien oroitzapenagatik, memoriagatik eta duintasunagatik, eta Eusko Jaurlaritzak berreskuratu egin nahi du”.

Artolazabal sailburuak eta Bilboko alkateak proiektu hau ahalbidetzen duen erakundeen arteko lankidetza aipatu dute; Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza eta lankidetza publiko-soziala Gogora Institutuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmenari esker.

Gerra Zibilean hildako 60 biktima

Erregistro zibiletatik, parrokia-liburuetatik eta hilerriko bertako erregistroetatik ateratako dokumentazioa da Gogoraren datu basean jaso dena, Gerra Zibilean 1936-1945 aldian hildakoen datu-basean, eta publikoarentzako eskuragarri jarrita dagoena. Datu base horretan jasotzen denez, gerran hildako 60 biktima daude Begoñako hilerrian.

Horien artean, borrokalariak eta baita biktima zibilak ere, bonbardaketetan hildakoak, zehazki, 1937ko apirilaren 18an Cotorrueloko babeslekuan izandako bonbardaketan hildako pertsona batzuk hilerri horretan lurperatu zituztela ezagutzen da.