Dirulaguntzak eskatzeko epea hasiko da

  • Ez-fikziozko liburuak eta dokumentalak egiteko deialdian uztailaren 5ean hasiko da eskariak aurkezteko epea eta hilabetez egongo da zabalik
  • Elkarte eta fundazioentzako deialdirako eskariak aurkezteko epea zabalik dago uztailaren 29a arte
  • Guztira 212.500€ bideratu dira bi deialdiotarako

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Euskadiko Memoria Historikoa eta Demokratikoa berreskuratzeko diru-laguntzen bi deialdi argitaratu ditu; 212.500 €bideratu dira bi deialdiotara.

Fikziozkoak ez diren liburuak argitaratzeko eta dokumentalak egiteko eskaerak egiteko epea uztailaren 5etik hilabetez egongo da zabalik, eta elkarte eta fundazioei zuzendutako deialdiaren kasuan, dagoeneko epea irekita dago eta uztailaren 29an amaituko da.

Gogora Institutuak diruz laguntzen du Euskadiko memoria demokratikoa berreskuratzeko liburu berriak argitaratzea eta dokumentalak egitea, memoriari buruzko ikus-entzunezko funts bat sustatzeko helburuarekin. Deialdi honetarako 100.000 euro bideratzen dira, eta proiektu bakoitzak 10.000 euroko laguntza izango du gehienez, dokumentalen kasuan, eta 5.000 eurokoa liburuen kasuan.

 Gaiak, liburuena zein dokumentalena, zerikusia izan beharko du memoria historikoaren eta oraintsuko memoriaren egia berreskuratzearekin eta argitzearekin, demokraziaren eta giza eskubideen defentsaren ikuspegitik eta urraketaren salaketaren ikuspegitik.

Bestalde, bigarren deialdiak, elkarte eta fundazioei zuzendutakoak, 1936-1977 aldian Euskadin memoria historikoa eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko borroka berreskuratzeko, ikertzeko eta zabaltzeko proiektuak diruz laguntzea du helburu. Zehazki, Gerra Zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin eta balio demokratikoen errealitatearekin eta egoerarekin lotutako gertaerak eta prozesuak berreraikitzeari buruzko jatorrizko ikerketak diruz laguntzen dira; oroimenezko edo omenezko jarduerak eta dibulgaziozko jarduerak, hala nola jardunaldiak edo mintegiak, erakusketak eta liburuxkak argitaratzea.

 112.500 euro bideratu dira deialdi honetara, baina proiektu bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

Bi deialdietan, izapideak elektronikoak dira, eta informazio zehatza Gogoraren webgunean kontsulta daiteke.