Aintzane Ezenarro: "Memoria positiboa da berreskuratu behar duguna giza eskubideen aldeko konpromisoa indartzeko"

Argitalpen-data: 

Gogora Institutuko zuzendariak Anjel Lekuona, naziek hildako busturiarraren omenezko memoriaren ekitaldian parte hartu du. Haren omenez, Stolperstein bat jarri da, nazismoaren biktimak gogorarazten dituen adokin bat, Euskadin mota horretako lehena. Anjel Lekuona, Busturiakoa jaiotzez, 1945eko apirilaren 9an fusilatu zuten, Hradischkon, Hirugarren Reicheko kontzentrazio-esparru batean, preso zegoela. Aurrez, Gerra Zibilean gudari izandakoa, Frantziara erbesteratu behar izan zuen.

Aintzane Ezenarrok, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, eta Aitor Aretxagak, Busturiako alkateak, Anjel Lekuona 1945ean erbesteratutako eta hildako gudari busturiarraren omenezko ekitaldian parte hartu dute gaur eguerdian, Altamira auzoan. Gogorak eta herriko Udalak ekitaldia antolatu dute, eta sustatzaileak Lekuona familia bera eta Hradischko-ko kontzentrazio esparruaren memoria berreskuratzeko taldea dira.

Lekuona familiak eta Hradischko esparruko biktima deportatuen senideek Busturiako udalbatza eta Mikel Garteiz-goxeaskoa Elguezabal Txekiar Errepublikak Euskadirako eta Nafarroarako duen ohorezko kontsula izan dituzte lagun, besteak beste. Gainera, ekitaldian izan da baita ere, Gregorio Urangaren familia. Gregorio eta Anjel batera egon ziren preso Hradischkon, Gregorio bizirik atera zen bertatik, eta bera izan zen eskutitz bidez, Lekuona familiari Anjel fusilatu egin zutela kontatu ziena eta bere gorpuzkia Pragako hilerrian erraustu zutela. 

Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuaren zuzendariak, bere hitzaldian adierazi duenez, memoria demokratikoa berreskuratzea «hainbat eta hainbat pertsonak bidegabeki jasandako sufrimendua gogoraraztea da, baina, batez ere, egoera txarrenetan ere, bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren defentsan oinarritutako gizartea eraikitzeko eta defendatzeko ahalegina gogoraraztea da».

Kasu honetan, Busturiako gudari honen biografia eta 77 urte hauetan bere memoria berreskuratu ahal izateko bere historian parte hartu duten aktore ezberdinak “gizatasunaren adibide” dira, Ezenarroren hitzetan.

“Memoria hori, memoria positiboa, pertsonaren alderik gizatiarrena islatzen duena, giza eskubideen aldeko konpromisoa indartzeko erreskatatu behar duguna da, orain, Europan gerra testuinguru batean, bakea zein ahula den gogoratzeko, bizikidetza demokratikoa zein erraz hausten den gogoratzeko”.

Eta memoriaren berreskurapenaren funtzio nagusietako bat azpimarratu du Ezenarrok “memoriak guztioi lagundu behar digu, baina batez ere gerra eta indarkeria ezagutu ez duten belaunaldi gazteenei, demokrazia galtzean galera norainokoa den ulertzen”.

Hitzaldia amaitzean eskerrak eman dizkie familiari eta Hradischko zelaiko memoria zaintzeko lantaldeari Anjel Lekuonaren memoria berreskuratzeko egindako lanagatik.

Ekitaldia Unai Egiak aurkeztu du, ekimena sustatu duten duen taldeko ikertzaileak, eta Aitor Aretxaga Busturiako alkateak eta Anton Gandarias Anjel Lekuonaren ilobak ere parte hartu dute. Ekitaldian, lore sorta bana eman zaie Graciela eta Elvira Lekuonari, biktimaren arrebei.

Era berean, 8 minutuko bideo bat eman da, Filmak ekoiztetxeak egina, Gogoraren enkarguz. Bertan, Anjel Lekuonaren bizitzaren historia latza kontatzen da, baita familiak, lantaldeak eta Pragako Strasnice hilerriko memoria-zentroak Lekuonaren memoria berreskuratzeko egindako ahaleginak ere.

 

Lehen Stolperstein-a Euskadin jartzea

Hitzaldien ostean, Antonio Medinak, kontzentrazio esparru berean eraildako deportatu baten bilobak, jarri du Anjel Lekuona gogoratzen duen Stolperstein-a.

Anjel Lekuona Beitiaren omenezko Stolperstein-ak bere datu biografiko nagusiak ditu, honela dio:

Hemen bizi izan zen Anjel Lekuona Beitia, 1913an jaioa, Frantzian atxilotua 1943ko uztailaren 10ean; 1944an Buchenwaldera deportatua, Flosserbürgera. 1945eko apirilaren 9an hil zuten Hradischko-n

Galtzadarri gisa lurrean jarritako Stolperstein hau nazismoaren biktimen oroimena bizirik mantendu nahi duen ekimen baten parte da, eta horietako lehena da Euskadin; gaur egun, 75.000 daude 20 herrialde baino gehiagotan zabalduta.

 

 

Erlazionatutako albistea: Eusko Jaurlaritza Angel Lekuonaren omenezko ekitaldian izan da Pragan, nazien kontzentrazio-esparru batera deportatu eta hildakoaren ekitaldian