'Miquel Grau 53/1977' eta 'Miguel Mara Iturbide, crimen sin castigo' liburuen aurkezpena

Argitalpen-data: 

Aintzane Ezenarrok bi libururen aurkezpenean parte hartu du gaur arratsaldean Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan, Bilbon. Bi lan dira, 'Miquel Grau 53/1977' eta 'Miguel María Iturbide, crimen sin castigo’ eta legez kanpoko polizia-indarkeriaren, eta eskuin muturreko indarren biktimen zenbait kasu aztertzen dituzte.

Gogora Institutuaren zuzendariak pertsona horien memoria berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, haien kasuek oraindik ez dute behar bezalako aintzatespena izan, bide judizialetik zein administratibotik. Kasu horietan, memoriak funtzio bat betetzen du: “jasan zuten bidegabekeria aitortzea”.

Bi argitalpenek ahaztuenak gogorarazten dituzte, baina, Aintzane Ezenarroren hitzetan, “bidegabekeria ezin da ahanzturan erori”. Hori dela eta, egileei eskerrak eman dizkie gertaeren egia argitzeko egindako ahaleginagatik, eta gogora ekartzeagatik.

Egileek, Llum Quiñonerok eta Xabier Susperregik, aurkezpenean parte hartu dute, eta haiekin batera izan dira, biktima batzuen senitartekoak: Elvira Iturbide, Miguel Maria Iturbideren arreba, Guardia Zibilak 1967an hil zuena, eta Susperregik bere liburuan zabal lantzen duena, eta Pili Zabala, GALek bahitu eta hil zuen Joxi Zabalaren arreba, 1981ean.

Bi kasu horiek Xabier Susperregiren 'Miguel María Iturbide, crimen sin castigo' liburuan jasotzen dira; Llum Quiñonerok 'Miquel Grau 53/1977' obran Miquel Grauren kasua jorratzen du. Miquel Grau Fuerza Nuevako militante batek Alacanten eraso ostean hil zen, egilea bertan zen erasoaren momentuan.