Juan Larreta Larrea, Antonio Bombín Hortelano eta gazte bat, identifikatu gabea, Traizioaren Bidean, Biasteritik gertu, landa-etxola batean hil zituzten, eta han utzi zituzten beren gorpuak.
2024ko abenduaren 15ean, Eusko Jaurlaritzak, Gogoraren bitartez, Nafarroako Gobernuak, Biasteriko Udalak eta La Barranca elkarteak totem bat jarri dut hiru pertsona hauek erailak izan ziren lekuan bertan, jasan zuten bidegabekeriaren lekuko.
- Juan Larreta Larrea Iruñekoa zen, lanbidez maisua, eta Izaban jardun zuen 1922ra arte. Orduan, lekualdatzea eskatu behar izan zuen, bere ideia aurrerakoiak ez baitzituzten ondo ikusten herrian ‘jauntxo’ desberdinek. Trevianako eskolako zuzendari izendatu zuten, eta bertan jardun zuen exekutatu zutenean. Izquierda Republicana eta UGT sindikatuetako kidea izan zen eta hainbat jarduera sozialistatan parte hartu zuen. Trevianako zirkulu sozialistaren sortzaile, Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen herrian. Juanek eta Rafaela Gardek bost seme-alaba izan zituzten eta Juan alarguna zen eta 54 urte zituen hil zutenean. Semeetako batek, Josék, ihes egin eta Frantziara igarotzea lortu zuen, eta han hazi zen erbestean. Gainerakoak umezurztegi batean sartu zituzten, Ayesa-Elizalde familiak hartu zituen arte. Hil eta lau hilabetera, Juan Larreta Larrea bere maisu lanbidetik kargugabetu zuten.
Harrera egin zien bikote eskuzabal honen alaba, María Luisa Ayesa Elizalde, Julián Larreta Garderekin ezkondu zen eta ezkontza honetatik Asun Larreta Ayesa jaio, Juanen biloba eta omenaldi honen bultzatzailea.
- Antonio Bombín Hortelano, fraide frantziskotarra Angucianan, Castrillo de don Juanen jaioa (Palentzia). Erlijiosoa izateaz gain, ekitaldi politiko sozialistetan ere nabarmendu zen, eta Izquierda Republicana astekariaren kolaboratzailea zen ‘Con-ciencia’ izeneko bere artikuluekin. Bertan, besteak beste, honako hau gogoratzen zuen: ‘herriak ez du ogia bakarrik eskatzen, justizia, zientzia eta arrazoia ere eskatzen ditu’. Bere azken artikulua 1936ko ekainaren 22an argitaratu zen, hilabete pasatxoan komentura joan ziren bila Angucianako jendearen testigantzen arabera ‘fraide eredugarria zen, baina langile jendearekin ibiltzen zen’.
Laguardiako udal epailea, 1936ko uztailean, Bienvenido Martínez García zen, eta bere jarduera arduratsuari esker, aurkitutako gorpuen, autopsien txostenaren eta aurkitu zituzten lekuaren dokumentazio zehatza gordetzen da. Hori dela eta, familiak jakin zuen Juan zela hil zuten hura: ziurtagirian emandako datuengatik eta arroparen deskribapenagatik, Juanek bere emaztea hil zenetik beti hegalean zeraman dolu-ikur bat barne. Haren gorpuzkiak Biasteriko hilerrian lurperatu zituzten, eta, uneren batean hezurtegi orokorrera eraman zituzten arren, dokumentazioan jasotako deskribapen zehatzei esker jakin ahal izan dute familiek biktimen gorpuzkiak hilobiratu zituztela.
Asun Larreta Ayesak, Juanen bilobak, ‘Juan Larreta Larrea. El compromiso personal y familiar de un maestro represaliado (1881-1936-2023’ liburua idatzi du, aitonaren biografia eta haren oroimena berreskuratzeko. Bertan jasotzen da frankismoak errepresaliatutako familia oso baten bilakaera, eta haren memoria eta bidegabeki erail zituzten pertsonak berreskuratzeko eta duintzeko ahalegina.
Juan Larreta Larrearen figura berreskuratzeko bere bilobak egindako lan horri La Barranca elkarteak, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eta José María Jimeno Jurío ikertzaile nafarrak egindakoak gehitu behar zaizkio.