Gerra Zibileko 14 gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian

Argitalpen-data: 

  • Indusketaren bigarren fasearen lehen emaitzak dira. Lehenengo fasean, 2023ko abenduan, 54 gudari eta milizianoren gorpuzkiak desobiratu ziren
  • Gogora Institutuak inguru horretan desagertutakoen 35 familiarekin du harremana, eta horietatik 17k dagoeneko eman dute DNA lagina, identifikazioa bideratzeko
  • Gogora Institutuak familia gehiagoren bila jarraitzen du, harremanetan jar daitezen eta, horrela, balizko identifikaziora eraman dezakeen prozesua has dadin

Egun, 14 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian, eta aztarnek adierazten dute herriko Odol Ospitaletik edo zuzenean inguruko gerra-fronteetatik eramandako gudarien eta milizianoen gorpuzkiak direla.

Aintzane Ezenarro, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, hilerrira hurbildu da, gaur goizean, desobiratze lanak  jarraitzeko. Berarekin batera izan dira, Gerra Zibilean desagertutako pertsonen hainbat familia.

Aste honetan zehar egingo dira bigarren fase honetako desobiratze lanek aurrera egin ahala, hobian lurperatutako biktimen gaineko informazio gehiago izando da. Lehenengo fasean, 2023ko abenduan, 54 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ziren. Kasu horretan, gorpuzkien analisian eta hobian aurkitutako materialean oinarrituta, hipotesia da gorpuzkiak Amorebieta-Etxanotik gertu dauden gerra-fronteetan hildako borrokalarienak direla, hala nola Bizkargin hildakoak, edo Zornotzako ospitale militarrean hil ziren borrokalarienak.

Gorpuak lurpetik ateratzeko lanen ondoren eta identifikazio-prozesuari bide emateko, iazko abendutik, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua inguru horretan desagertutakoen 35 familiarekin harremanetan jarri da, eta dagoeneko horietako 17ren DNA lagina lortu du, identifikatu ahal izateko.

Memoriaren Institutuaren helburua da profil horri erantzuten dioten desagertuen ahalik eta familia gehienekin harremanetan jartzea: zonaldeko gerra-fronteetan edo Amorebietako ospitale militarrean hildakoak, non lurperatuak izan ziren jakin gabe.

Horretarako, Gogora Institutuak berriro deitu die desagertutakoen familiei, Institutuarekin harremanetan jar daitezen eta, horrela, balizko identifikaziora eraman dezakeen prozesua has dezaten.

Ondoko helbide elektroniko edo telefonoaren bidez egin daiteke: gogora@euskadi.eus | 944032845

Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko programa

Lehenengo zein bigarren fase honetan, gorpuak lurpetik ateratzeko lanak hilerriko eremu mugatu batean egiten dira. Eremu hori bere horretan mantendu da urte hauetan guztietan, eta dokumentazio historikoak adierazten zuen gerran hildako pertsonak lurperatu zirela bertan.

Esku-hartze hori Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen "Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko" programaren barruan dago, eta esku-hartze horrek, zehazki, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza du. Identifikazio genetikorako beharrezko lanak EHUko Biomics laborategiarekin egiten dira.