Altun mendia hobia (Zeanuri, Bizkaia)
KOKAPENA | Altun mendia, Zeanuri (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 5 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 5 |
DATA | 2017ko azaroaren 18a eta 19a |
José María Alberdi Ruiz (1911 Abanto Zierbena, Bizkaia - 1937 Zeanuri, Bizkaia) ezkongabea zen, meatzaria lanbidez eta 10. "Perezagua" batailoiko 4. konpainiako kidea. Borrokan hil zen 1937ko apirilaren 7an Zeanuriko Altun mendian, Barazar inguruan. 26 urte zituen.
Valentín Fernández Soto (1913 Barakaldo, Bizkaia -1937 Zeanuri, Bizkaia) ezkongabea eta 10. "Perezagua" batailoiko 4. konpainiako kidea. Borrokan hil zen 1937ko apirilaren 7an Zeanuriko Altun mendian, Barazar inguruan. 24 urte zituen.
Pedro García Gil (1918 Muskiz, Bizkaia - 1937 Zeanuri, Bizkaia) jornalari lanbidez, ezkongabea eta 10. "Perezagua" batailoiko 4. konpainiako kidea. Borrokan hil zen 1937ko apirilaren 7an Zeanuriko Altun mendian, Barazar inguruan. 22 urte zituen.
Isaias Rebollo Cardo (XXXX – 1937 Zeanuri, Bizkaia) Milizianoa, hasiera batean Arrigorriagako Meabe zutabean izena eman zuena. 1936ko irailetik 1937ko 1. hamabostaldira arte Meabe-2 "Stalin" batailoiko kidea izan zen. Gerora zauritu eta osatu zenean, 10. "Perezagua" batailoiko 4. konpainian izena eman zuen, eta Zeanuriko Altun mendian hil zen borrokan, Barazar inguruan, 1937ko apirilaren 7an.
Pedro San Millan Beitia (1911 Elantxobe, Bizkaia -1937 Zeanuri, Bizkaia) jornalari, ezkondua eta 10. "Perezagua" batailoiko 4. konpainiako kidea. Borrokan hil zen 1937ko apirilaren 7an Zeanuriko Altun mendian, Barazar inguruan. 26 urte zituen.
Euskal Prospekzio Taldeko zenbait kidek Gerra Zibilarekin lotutako elementuak bilatzeko miaketa bat egin zuten Altun mendian, Barazar mendatetik gertu, Zeanuriko udalerrian (Bizkaia). Horrela, 21967 zenbakia zuen identifikazio-plaka bat aurkitu zuten. Talde horrek egindako dokumentazio-lanaren ondoren, zehaztu zuten Pedro San Millan Beitia milizianoari zegokiola, Facundo Perezagua 10. batailoiko 4. konpainiakoa. Ikerketa horretan, gudulari hori 1937ko apirileko lehen hamabostaldian hil zela jakin zuten.
Ondorioz, 2017ko azaroaren 18an eta 19an, aurretik deskubritutako hondar horiek atera ziren. Gogora Institutua arduratu zen lan horiek zaindu eta koordinatzeaz, gertaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltza Nagusiari jakinarazi ondoren. Hondarrak ateratzeko lanetan zehar, bertan izan ziren Zeanuriko alkate Eusebio Larrazabal, Julen Arzuaga legebiltzarkidea, eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, senideekin eta auzokideekin batera.
Lokalizatua zegoen gorpuzkia sigi-saga forma zuen lubaki-lerro batean zegoen eta lurpetik ateratzeko lanetan ari zirela ohartu ziren, berarekin batera beste lau gorpuzki zeudela. Lubakia garbitzean, guztira, beren tresnekin batera ehortzitako bost borrokalarien gorpuak aurkitu ziren. Hezurren hondarrek kontserbazio-egoera ezegonkorra zuten. Izan ere, zati batzuk narriatuta zeuden, euri-uraren eta landaretza-estalkiaren agente tafonomikoen ondorioz.
1. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen, eskuineko besoa enborraren gainean tolestuta eta ezkerreko besoa luzatuta. Eskuineko hanka luzatuta zuen, eta ezkerrekoa angeluan tolestuta, eta oina eskuineko beheko gorputz-adarraren azpian zeukan. Gizonezko heldu gazte baten gorpua zen. Botak kontserbatzen ziren, eta lotutako objektuen artean, gorpuaren gainean aurkitu ziren kasko bat eta aluminiozko plater bat, kantinplora eta guzti. Ezkerreko femurreko tertzio distalean espiral formako haustura bat zuen, zeina heriotzarekin lotuta baitzegoen. Metalezko identifikazio-plaka zirkular bat ere berreskuratu zen, 21967 zenbakia zeramana. Horri jarraikiz identifikatu ahal izan zen Pedro San Millán Beitia.
2. gizabanakoa ahoz beherako etzanera zegoen, besoak enborraren azpitik tolestuta. Beheko gorputz-adarrak luzatuta zituen, eta belaunak eta oinak elkartuta, lubakiaren formara egokituta. 23 urtetik beherakoa zela kalkulatu zen.
Hainbat objektu zituen: metalezko koilara bat, kirtena tolestuta, gerrikotik eskegi ahal izateko; kargagailu bat, bere zeluloidezko zorro eta guzti, kareia imitatzen; zeluloidezko zigarro-iragazki bat, hainbat koloretakoa, banda hori eta berdeekin; kasko bat, deformatua, buruan; gerrikoa eta belarria, eta tatxet-botak. Era berean, identifikazio-plaka bat zuen, 11709 zenbakikoa, Pedro García Gil gudulariarena.
3. gizabanakoa alboko etzanera zegoen, eskuineko aldearen gainean, lubakiaren hormara begira. Eskuineko besoa buruaren gainetik igota zuen, eta ezkerreko besoa leporantz tolestuta. Ezkerreko beheko gorputz-adarra diagonalean zabalduta zuen, eta ezkerrekoa, tolestuta, ezkerrekoaren azpitik. Kalkulu antropologikoaren arabera, 27 urtetik beherakoa zen.
Lotutako elementuen artean gerrikoa, jaka marroi baten pastazko botoiak, kantinplora baten ahoa eta zahagi baten ahoa berreskuratu ziren. Hari lotuta, identifikazio-plaka bat aurkitu zen, 12875 zenbakia zuena, Isaías Rebollo Cardorena.
4. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen, ezkerreko besoa buruaren gainetik tolestuta, eta eskuineko besoa ere tolestuta, abdominalen inguruaren gainetik. Hankak bilduta zituen, ezkerrerantz tolestuta. Hankek perimortem hausturak zituzten, eta ezin ziren luzatu. Oinen ingurua 2. pertsonaren buruaren azpitik zegoen. 25 urtetik beherako gizonezko baten gorpua zirudien. Beheko gorputz-adarretako hezur luzeek perimortem hausturak zituzten, eta horiek eragingo zuten gizonaren heriotza.
Berreskuratutako objektuen artean zeuden burdinazko koilara tolestu bat; larruzko gerriko bat; ispilu-zati bat; txapel beltza; botak; kaskoa, oso ondo kontserbatua, eta hainbat txanpon: 2 pezetako bi eta pezeta 1eko bat, Euzkadiko Gobernuak igorriak 1937an, bai eta 5 zentimoko bi txanpon ere. Era berean, identifikazio-plaka bat zuen, 11455 zenbakiarekin, Valentín Fernández Sotorena, 24 urtekoa bera.
5. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen, ezkerreko besoa buruaren gainetik tolestuta, eskuineko besoa ere tolestuta, abdominalen inguruaren gainetik. Hankak bilduta zeuden, ezkerrerantz tolestuta. Ondoko zuhaitz baten sustraiek hezur-hondar horien kontserbazioan eragin zuten. Beheko gorputz-adarretako hezurrak perimortem hautsi ziren.
Horrela, bada, bost borrokalariren gorpuzkiak atera eta horietako lauk identifikazio plakak zituzten. Hobitik atera aurretik, Euskal Prospekzio Taldeko kideek Euzkadiko Gudarosteako borrokalarien nominen zerrenda kontsultatu ondoren, jakina zen 1. zenbakiko plaka Pedro San Millan Beitiaren plakarekin bat zetorrela, zeina Perezagua Batailoian borrokatu baitzen.
Gorpuak lurpetik ateratzean beste plaka batzuk aurkitu zituzten, eta horri esker egiaztatu ahal izan zuten bost borrokalariak Facundo Perezagua 10. batailoiko 4. konpainiako kideak zirela. Horiek 1937ko apirilaren 7an hil ziren, Altunen, Barazarreko portuan (Zeanuri, Bizkaia).
Dokumentazio historikoaren arabera, 1937ko apirileko lehen hamabostaldian, Altun mendian (Zeanuri) izandako liskarretan, aipatutako batailoiko bost borrokalari hil zirela jakin zen. Aipatutako Pedro San Millan Beitia, Pedro Garcia Gil kaboa, Isaias Rebollo Cardo, José María Albeniz Ruiz eta Valentín Fernández Soto milizianoak ziren.
Pertsona horien senideekin harremanetan jartzea lortu zen, alderaketa genetikoa egitea ahalbidetzen zuten zalantzarik gabeko laginak lortu ahal izateko. BIOMICs laborategian egindako analisiek baieztatu egin dute horien guztien nortasuna.
2019ko urtarrilaren 10ean, Gogora Institutuaren egoitzan egindako ekitaldian eman zitzaizkien gorpuzkiak senideei, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu eta legebiltzarkide, Eusebio Larrazabal Zeanuriko alkatea eta beste agintari batzuk bertan zirela.
Valentín Fernández Soto, Pedro García Gil eta Pedro San Millán Beitiaren gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren. José María Alberdi Ruizen eta Isaias Rebollo Cardoren gorpuzkiak familiek jaso zituzten.