Burdinazko zubia 2 hobia (Donostia, Gipuzkoa)

KOKAPENA Burdinazko zubia, Donostia (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 4
DATA 2009ko uztailaren 3a eta 4a

Donostian, 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak porrot egin zuen lehen fasean, baina urte bereko irailaren 13an hainbat zutabe sartu ziren hirian, erregimen errepublikazalea baztertzeko. Matxinatuen eta leialen arteko borroken ostean, errepublikazaleek Donostiako 156 bizilagun fusilatu zituzten, hirian bertan. Hilketa horietako gehienak 1936ko uztailaren 30ean izan ziren, eta hauetariko asko, Burdinazko Zubia izenekoaren inguruan gertatu ziren (orduan, Iparraldeko Trenbideko Zubia izenez ezagutzen zen horretan). Donostian sartu, eta ondorengo hilabeteetan, tropa matxinatuak hiriko 400 bizilagun, errepublikazaleak, erail zituzten. Fusilamendu gehienak Hernanin, Oiartzunen eta Beran izan ziren, baina beste leku batzuetan ere egon ziren, besteak beste, Bidebietako tiro-poligonoan, Ulia mendian, bai eta Burdinazko Zubiaren inguruan ere.

Beraz, Burdinazko Zubi ingurua hilketak egiteko erabili izan zen gerraren hasieratik. Ondorioz, heriotzak nork egin zituen ez zegoen argitzerik.

2009ko uztailean, lan batzuk garatu ziren Burdinazko Zubiaren inguruan, hirira sartzeko sarbide berri bat egin eta trenbidearen trazadura aldatzeko. Lan horietan, lehen hobi bat deskubritu zen, eta, egun batzuk geroago, bigarren hobi bat, aurreko hobitik oso gertu.

Bigarren hobia zanga batean zegoen, eta gorpua ez zegoen osorik. Bertan, lau pertsona zeuden ehortzita, eta horietatik hirugarrena emakumezkoa zen.

1. gizabanakoa ahoz beherako posizioan zegoen, eskuineko aldearen gainean bermatuta. Gizonezko heldu baten gorpua zen, 30 eta 50 urte artekoa. Lotutako elementuen artean alkandora bateko nakarrezko botoi bat eta gomazko zolako zati bat berreskuratu ziren.

2. gizabanakoa antzeko adina zuen gizonezko bat zen. Labana bat, metalezko gerriko-belarri bat, nakarrezko hiru botoi eta kautxuzko zola bat aurkitu ziren bere zitzaizkion.

3. gizabanakoa emakumea zen eta 30-50 urte arteko adina zuen. Ahoz beherako etzanera zegoen, goiko gorputz-adarrak irekita eta tolestuta. Hezurduraren goiko erdia baino ez zen geratzen. Hari lotuta berreskuratu ziren bakelitazko kargagailu bat (marka: "Hercules & Kamm"; inskripzioa: "New York. Hamburg GWCª Garantiert 1933”) haga metaliko bat, eta jaurtigai baten zatia.

4. gizabanakoa ahoz beherako etzanera ehortzita zegoen, ezkerreko besoa irekita eta tolestuta, eta eskuinekoa toraxaren azpitik luzatuta; beheko gorputz-adarrak luzatuta eta zabalik zituen. Gizonezko heldu baten gorpua zen, 30 eta 50 urte artekoa. Eskuineko humeroan perimortem haustura bat zuen.

Hezur-hondarrak Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Auzitegi Patologiako Zerbitzura (Gipuzkoako Zuzendariordetza) lekualdatu ziren, bertan azterketa antropologikoa egiteko. Ondoren, Toxikologiako Institutu Nazionalera bidali ziren, eta, han, azterketa genetikoak egin ziren.

Ez zen identifikazio-lana erraztu ahal izateko hipotesirik edo hautagairik planteatu, eta, beraz, ezin izan da jakin noren gorpuak ziren. Azterketa genetikoen arabera, 3 eta 4 gizabanakoaren artean bazegoen kointzidentzia genetiko mitokondriala edo ahaidetasuna, amaren partetik.

Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2018ko otsailaren 9an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian.