Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur. Biktimarik gabeko desagerrarazpena
Herritarrak itauntzen dituen erakusketa urbanoa da, desagerrarazi zutela 50 urte bete direnean egindakoa. Helburua oinezkoa interpelatzea da, kasu hau eta bere inplikazioak ezagutzen ez dituenaren jakin-mina piztea, baita indarkeriaz betetako iraganari begiratzea zaila egiten zaionaren jakin-mina piztea ere.
Eduardo Moreno Bergaretxeren desagerpenaren kasuak, duela 50 urte, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari bete-betean dagozkion funtsezko gai batzuk jorratzeko aukera ematen du erakusketa honek: motibazio politikoko indarkeriak kolpatutako familia bati eragindako sufrimendua aitortzea, indarkeria deslegitimizatzea eta giza eskubideak eta balio demokratikoak defendatzea.
Erakusketak ikuspegi historikoa, giza eskubideen eta memoriaren ikuspegia uztartzen ditu, eta, bisualki, familiako argazkiek, Eduardoren eskuz idatzitako gutun batek, garaiko prentsako profesionalen argazkiek eta hemerotekak osatzen dute.
Elementu horiekin, testuinguruaren lehen atal batean, frankismo berantiarreko garaia eta Trantsizioa jorratzen dira, lehenik eta behin 70eko Euskadi nolakoa zen ulertzeko, ilusio, muga eta aktibismo haundikoak.
Baina, aldi berean, indarkeria handiko urteak izan ziren, heriotza eta sufrimenduzko arrasto sakona utzi zutenak. Erakusketak indarkeria-giro horren eta askatasunik ezaren ondorioak kontatzen eta jasotzen ditu: heriotzak eta giza eskubideen urraketa larriak. Ildo horretan, biktimak oso presente daude erakusketan zehar; izan ere, azken batean, indarkeria ekintza politikorako bide gisa baliatzearen inguruko hausnarketa kritikoa sortu nahi du.
Bigarren bloke batean, erakusketak Perturren bizitza eta ibilbidea aztertzen ditu ETA politiko militarrean, eta bere bizitzako azken hilabeteak xehetasunez jasotzen ditu. Bigarren zati honetan, desagertzearen egunari buruz ezagutzen diren datuak ere zehazten dira, eta 50 urte hauetan egiletzari buruz aztertu diren hipotesiak aztertzen dira.
Ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik. Desagerpenak eragindako trauma
Erakusketaren azken zatian desagerpena eta haren deribatuak aztertzen dira, giza eskubideen eta memoriaren ikuspegitik.
Erakusketak desagertzeak familiari, batez ere gurasoei, eragindako ondorioak nabarmendu nahi ditu: gertakarien egia ez ezagutzeak sortzen duen sufrimendua eta biktima gisa errekonozitzeko prozesuei nola eragiten dien. Moreno-Bergaretxetarrek 50 urte hauetan gizartearengandik eta erakundeengandik jaso duten arreta salatzen da, Eduardok biktima gisa errekonozimendurik izatea ere ez baitute lortu. Izan ere, nahiz eta azken hamarkadetan aurrerapausoak eman diren giza eskubideen urraketen biktimei dagozkien eskubideen aitortzan, Perturren kasuan, haren familiak ez du ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik lortu. Ondorioz, etengabeko birbiktimizazio-prozesua jasan du.
Ildo horretan, gogorarazten da, halaber, Euskadik iragan hurbilean jasan duen motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan desagerrarazi diren beste pertsona batzuek antzeko erantzun sozial eta instituzionala jaso dutela, berez oso mingarria den trauman sakonduta. Alde horretatik, erakusketaren hainbat puntutan gogorarazten da Perturrez gain desagertuta jarraitzen dutela: José Humberto Fouz, Jorge Juan García, Fernando Quiroga eta José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra"
Familiaren testigantza
Familiaren memoriak, eta bereziki Eduardoren gurasoen memoriak, erakusketa osoa zeharkatzen du, baina batez ere azken panelean jasotzen da. Bideo-laburpenean jasota dator Ines Moreno Bergareche Eduardoren arrebaren, Andrés Müller-Thyssen Bergareche lehengusuaren eta Lurdes Auzmendi orduko bere neska-lagunaren testigantzekin.
Familiaren testigantzen laburpen-bideoa. Iturria: Gogoraren Testigantza-Bankua


