Eginkizunak

Gogora

Eginkizunak

Institutuaren egiteko nagusia memoria kritikoa gorde eta transmititzea da, helburu pedagogiko eta dibulgatzaileekin. Horretarako, memoriaren eta giza eskubideen sustapenaren esparruan lan egiten duten instituzioen eta gizarte-erakundeen jarduera koordinatuko du, eta haien guztien arteko lankidetza sustatuko du, gizartearekin harremanik handiena izateko bidea bermatzeaz gain.

Institutuari eginkizun espezifiko hauek betetzea egokituko zaio:

  1. Oroitzapena: programak, argitalpenak, jarduera akademikoak eta kulturalak antolatuz, bai eta, orokorrean, gizarte demokratiko eta askearen eraikuntzan garrantzitsuak izandako pertsonen eta gertaeren lekukotasuna eta memoria bizirik mantentzeko ekitaldiak ere.
  2. Kontserbazioa: Euskadiko memoria demokratikoaren ondarea euskarri material guztietan gordetzeko lana eginez. Horretarako, bere jardueran, memoriari lotutako elementuen eta tokien inbentarioak eta informazio-funtsak sortu eta mantenduko ditu: ondasunak, gune fisikoak, gizarte-inguruneak eta gizarte-identifikazioa eta -aintzatespena lortzeko beste batzuk.
  3. Ikerketa: ikerketa sustatuz eta lankidetzan arituz instituzioekin, erakunde espezializatuekin eta gogoeta-foroekin; gainera, behar diren dokumentazio-azpiegiturak sortuko dira, informazioa eta egiazko datuak biltzeko ikerlanen bidez. Horren guztiaren bidez, memoria eta bizikidetza eraikitzea, zabaltzea eta jakinaraztea ahalbidetuko da.
  4. Prestakuntza: pertsonaren funtsezko eskubideen aintzatespena eta errespetua oinarri hartuta oinarrizko bizikidetza- eta memoria-printzipioak ezarriz, bai hezkuntza-komunitatean, bai eskubideen urraketa pairatzeko edo eskubideak urratzeko arriskua egon daitekeen edo birgizarteratze-prozesuen beharra duten kolektiboetan.
  5. Parte-hartzea eta hedapena: memoria-ondarearen berri izateko bidea Administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubide bat dela ulertuta.
  6. IIntegrazioa: lan bateratua eta komunikazioa sustatuz Institutuaren xedeen antzekoak edo osagarriak dituzten instituzioen eta erakunde publiko eta pribatuen artean, behar diren lankidetza- eta laguntza-protokoloak eta -hitzarmenak izenpetuz, memoriaren eta bizikidetzaren azpiegitura-sarea sortzeko, eta haren barruan Institutuaren helburuekin bat datozen edonolako zentroak sartzeko.
  7. Kontsulta: Institutuaren xedearekin zerikusia duten gaiei buruz txostenak eginez, administrazio publikoek eskatuta.