Mendata hobia (Mendata, Bizkaia)
KOKAPENA | Marmiz auzoa, Mendata (Bizkaia) |
BIKTIMAK | 1 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
DATA | 2015eko abuztuaren 26a eta 27a |
Pedro Uriguen Perea (1915 Amorebieta-Etxano, Bizkaia- 1937 Mendata, Bizkaia) "Otxandiano" 37. batailoiko gudularia zen. 1937ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren ondoren, bere batailoia erretiratzen ari zela, Marmizeko Goiti 22 baserrian babesa bilatu zuela uste da. Han, matxinatutako tropek atxilotu eta 1937ko apirilaren 29an hil zuten. Baserriaren jabeek bere gorpua bide ondoko zuhaitz baten ondoan lurperatu zuten.
1937ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren ondoren, Otxandiano batailoi nazionalistatik tropak erretiratzean, soldadu zauritu bat atzeman eta hil zuten soldadu frankistek Mendatan (Bizkaia).
Larrabetzuko (Bizkaia) Karradera taldeak egindako ikerketen bidez jakin zen Alaio auzoko bizilagun batek, Vicente Larruceak, ezagutzen zuela borrokalari hori non lurperatu zuten, Mendatako Marmiz baserritik gertu. Lurperatu zutenek nor zen jakin ahal izan zuten, eta bere familiari jakinarazi zioten auzoko apaizaren bidez, eta dokumentazioa Amorebieta-Etxanoko komentu batera bidali zuten. Komentu horretan gudariaren bi anaia bizi ziren. Hildakoa Pedro Uriguen Perea gaztea zen, 22 urte zituela hil zena. Senitartekoek gurutze bat jarri zuten gaztearen irudiarekin, eta oroitzapenari eutsi zioten urtero egiten zituzten lore-eskaintzekin, haren heriotzaren urteurrenetik gertu.
Familiak eta Mendatako alkateak hala eskatuta, lurperatzea zehazki aurkitu zen, eta 2015eko abuztuan, hezurren hondarrak atera ziren. Bertan izan ziren hildakoaren senideak eta Aitor Esteban legebiltzarkidea.
Lekukotzetan jasotakoaren arabera, gorpua ezpondaren kontra zegoen, partzialki lurperatuta. Ondorioz, kontserbazio-egoera eskasa zuen.
Gorpua ahoz gorako etzanera zegoen, apur bat alboz, eta ezpondan bermatuta. Eskuineko besoa toraxaren gainean tolestuta eta beheko gorputz-adarrak paraleloan luzatuta zituen. Garezurra oso zatituta zegoen, eta deshidratazio-maila altua zuen. Horrek, era berean, esfoliazioa eragiten zuen.
Hezurren hondarren kontserbazioa ezegonkorra zen. Bi humeroen diafisia, kubituaren erdialdea eta eskuineko erradioak berreskuratu ziren. Halaber, bi femurren eta eskuineko tibia eta peronearen diafisiak berreskuratu ziren. Ondorioz, eskuineko saihetsetako hezurrak egoera hobean kontserbatu dira.
Arropetan, jaka edo beroki bateko bakelita beltzezko hiru botoi berreskuratu ziren, bai eta jertse baten artilezko ehuna ere. Torax inguruan eta eskuineko besaurrearen azpian, hainbat objektu aurkitu ziren, ziur aski zaku edo zorro baten barruan eramango zituenak; sardexka eta koilaraz osatutako sorta (artazi forman), alpakazkoa, 15 zentimetro luze eta 4,2 zentimetro zabalekoa; bi munizio-kargagailu oso, eta lau jaurtigai solte.
Senideen DNA laginak Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICs laborategira bidali ziren, hezurren DNA-rekin alderatzeko. Emaitzek senideen eta hezurren arteko ahaidetasun-harremana ezarri zuten. Beraz, hezurrak Pedro Uriguen Perearenak ziren.
Hala, berretsi egin zen Vicente Larrucea Larrabetzuko Alaio auzoko bizilagunak emandako testigantzaren kontakizuna, eta Goiti baserriko jabeek eta familiak ezagutzen zuten ehorzketaren kokapena egiaztatu zen. Batzuek zein besteek lekua gorde dute, gurutze batez seinaleztatua, eta urte hauetan guztietan haren heriotzaren eta ehorzketa-lekuaren oroitzapenari eutsi diote.
2016ko maiatzaren 8an, Mendatako Udalaren egoitzan, senideei hondarrak emateko ekitaldia egin zen, eta hildako gudariei omenaldia eta aitortza eman zitzaien. Bertan egon ziren Josu Erkoreka, Justiziako sailburua; Mónica Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; eta Joseba Maella, Mendatako alkatea.