Artzanda zeharkatzen duten burdin hesiaren "Memoriaren ibilbideak" aurkeztu dituzte Bilboko udalak eta Gogorak
Argitalpen-data:
Panelak 2 km-ko ibilbidea hartzen du Artxandako Guduaren gune adierazgarrienetako batzuk bisitatu ahal izateko. Iaztik, Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiren Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat hartzen da Burdin Hesia
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok gaur goizean aurkeztu dute Burdin Hesiaren inguruko “memoriaren ibilbideetako” seinalizazioa Bilboko Artxanda auzoan. Seinalizazio-panel baten bitartez, asmoa da, batetik, herritarrei gotorlekuak duen garrantziaren berri ematea eta, bestetik, Euskadiren Memoria Demokratikoa berreskuratzen laguntzea.
Panela funikularraren geltokiko irteeran dago kokatuta, aurkezpena egin den lekuan. Bilboko alkateak adierazi duenez, halako ekimenek "bidegabe jasandako sufrimenduak” duen garrantzia nabarmentzen dute eta aitortu egiten dute “bizikidetza demokratikoa eta bakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako gizarte bat eraiki eta defendatzeko esfortzua”. Bere aldetik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendariak proiektuaren helburu pedagogikoa azpimarratu du “gure konpromezua da memoria hau ondorengo belaunaldiei transmititzea eta erakustea zer den galtzen dena giza eskubideekiko errespetua galtzen denean: demokrazia eta askatasuna”.
SEINALIZAZIO-PANELA
Aurkeztutako seinalizazioan azaltzen da defentsa-lerro hori Gerra Zibilean sortu zela Bilbo eta inguruak tropa frankistengandik babesteko. Hesiak 80 km hartzen zituen guztira; gotorlekuez eta defentsez beteta zegoen eta Euskadiko 33 udalerri zeharkatzen zituen; gaur egun, horietako 25etan elementuren bat kontserbatzen da. Hesiak zeharkatzen dituen ibilbideen lokalizazio-mapa bat jasotzen du panelak, Artxanda auzotik igarotzean. Panelak 2 km inguruko ibilbidea hartzen du Artxandako Guduaren gune adierazgarrienetako batzuk bisitatu ahal izateko. Funikularraren geltokitik bertatik, memoriaren ibilbide honek zuhaizti bat zeharkatzen du Artxandako behatokiraino; bertan dago “Aterpe 1936” eskultura, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenen oroigarri izateko eraikia. Bilbo gaineko leku horretatik, ibilbideak San Rokerantz jarraitzen du; Artxandako Guduaren funtsezko beste leku bat, alegia. Ibilbidean ipinita dauden panelek aukera ematen dute 1937ko ekainaren 13tik 19ra bertan gertatutakoa ezagutzeko, Artxandako Kasino Handian kokatuta zegoen errepublikanoen azken posizioa galdu zenean, eta ekainaren 19an tropa matxinatuak Bilbon sartu zirenean.
Gainera, panelak Burdin Hesiari buruzko informazioa eskaintzen du; bere diseinuan eta eraikuntzan parte hartu zuten pertsonak, hesia defendatu zuten batailoiak eta erortzea eragin zuten zirkunstantziak, baita Euskadiko Gerra Zibilaren aipamen bat ere. Bestalde, Bilboko Turismo Bulegoan eta funikularrean informaziozko triptikoak eskainiko dira memoriaren ibilbideari buruzkoak.
EUSKAL KULTURA-ONDAREA
Iaztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat hartzen da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eta bi lurraldeetako 33 udalerrik sinatutako akordioaren bidez. Akordio horrek lankidetza-esparru globala ezartzen du, defentsa-lerro hori babesteko, finkatzeko, mantentzeko eta haren balioa nabarmentzeko.
Informazio gehiago: https://goo.gl/FLa8RL