Proiektuak

Soraluzeko zinegotzi izan eta gerrazibilean preso egon zen Venancio Iñurrietak eskuz idatzitako gutunen funts baten dohaintza jaso du Eusko Jaurlaritzak

Gutun sorta oso kontserbazio-egoera onean gorde du familiak, eta Soraluzeko zinegotziak 1936tik 1940ra bitarte ezagutu zituen espetxeetan idatzitako gutunez osatuta dago nagusiki

Dokumentu-funtsa garrantzitsua da, balio historiko handia izateaz gain Gerra Zibileko gertaera azpimarragarrien ikerketarako datuak bil baititzake (1938. urtean San Kristobal gotorlekuan egindako ihesaldiari buruzko datuak, adibidez)

Artxiboen entrega egin ondoren, “A duras penas” liburua aurkeztu da. Liburua Venancio Iñurrietaren biografia da, Benan Oregi bilobak idatzia eta GOGORAK argitaratua

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak, GOGORA Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk balio historiko eta ikerketa-balio handiko gutun sorta baten dohaintza jaso dute gaur goizean, Venancio Iñurrieta euskaltzale, bertsozale eta Soraluzeko zinegotzi abertzalearen familiaren eskutik. Armada frankistak 1936an Soraluzen sartu zenean atxilotu zuen lehenengo pertsona izan zen Venancio Iñurrieta. Irailaren 25ean eraman zuten etxetik, berehala itzuliko zela aginduta, baina ez zen 1940ko uztailera arte itzuli, atzean lau urte, bederatzi espetxe eta gerra bat utzita.

Dokumentu-funtsa kontserbazio-egoera onean dago, eta 257 gutunek osatzen dute. Gehienak Venancio Iñurrietak berak hainbat espetxetan bizi izan zuen lau urteko gatibualdian (1936tik 1940ra bitarte) eskuz idatzitakoak dira. Besteak beste, Tolosan, Ondarretan eta San Kristobal gotorlekuan (Nafarroan) egon zen preso, eta, azken horretan, zuzenean bizi izan zuen 1938ko ihesaldi historikoa. Hori dela eta, gutun batzuek, balio historiko handia ez ezik, garrantzi handia ere badute, Gerra Zibileko gertaera ospetsu horri buruzko ikerketari egin diezaioketen ekarpenagatik. Gutunetan, balio handiko deskribapen, datu, izen eta data ugari eta zehatzak daude jasota.

Gutun sorta Venancio Iñurrietaren familiak gorde du urte hauetan, eta semeek frontean (langileen batailoietan preso zeudela) edota soldadutza egiten ari ziren lekuetan idatzi zituzten gutun batzuk ere biltzen ditu.

FUNTSEN ENTREGA

Dokumentu-funtsaren entrega Venancio Iñurrietaren Katariñe alabak eta Venancio semeak egin dute. Ekitaldia Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin da, eta seme-alabek bertso bat bota dute 1964an zendu zen aitaren omenez. Hain zuzen ere, Venancio Iñurrietak lau urteko gatibualdiaren ondoren etxean sartu zenean kantatu zuen bertsoa aukeratu dute. Bertso horren hasiera Venancio Iñurrietaren biografia eta oroitzapenak biltzen dituen euskarazko liburuari izenburua jartzeko erabili da: "Zutik ozta-ozta nator".

Aurrerantzean, gutun sorta hori GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko dokumentu-funtsaren parte izango da, eta Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko da. Halaber, kontserbatu egingo da eta herritarren eta ikertzaileen eskura jarriko da, kontsultatu, aztertu eta zabaltzeko.

"ZUTIK OZTA-OZTA NATOR"-"A DURAS PENAS"

Funtsen entrega egin ondoren, Venancio Iñurrietaren biografia biltzen duen “Zutik ozta-ozta nator”-“A duras penas” liburua aurkeztu da. Liburua Benan Oregi bilobak idatzi du, eta gaur Eusko Jaurlaritzari entregatutako 257 gutunak biltzen ditu.

"A duras penas" liburua GOGORA Institutuak argitaratzen duen "Memoriak" bildumako bigarrena da. Bilduma horren bidez, gure herrialdeko memoria demokratikoaren puzzlea osatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Benan Oregiren lanaren jatorrizko bertsioa euskaraz idatzi eta argitaratu zen hasieran (“Zutik ozta-ozta nator”), eta orain, berriz argitaratzeaz gain, gaztelaniara itzuli da. Helburu bikoitza dauka liburuak: alde batetik, aitonari omenaldia egitea, eta bestetik, gutun-legatuak dituzten familiak animatzea gutun horiek ezagutzera eman ditzaten.