Udalak eta Gogora Intitutuak Burdin Hesia, Gueñesko Memoria Ibilbidea Aurkeztuko
Argitalpen-data:
Gueñes, 2018ko azaroaren 23a
Gueñesko Udalak eta Gogora Institutuak gaur goizean aurkeztu dute “Burdin Hesia, Gueñesko memoria ibilbidea” izeneko ibilbidea. Informazio-panel berria eta norabide-seinaleak izango ditu. Ibilbide horrek Gueñesko Burdin Hesia osatzen duten elementu gehienak bisitatzeko aukera ematen du, eta 2017az geroztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Ibilbidetzat hartzen da.
Seinale berriak Eusko Jaurlaritzak sustatutako Gogora Institutuak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) lagundu ditu diruz. Zehazki, informazio-panel eta seinaleztapen-zutoin berriak jarri dituzte, Burdin Hesiko hondarrei dagozkien zenbait elementu lokalizatzen lagunduko dutenak.
Hauek dira aurkezpenerako programatutako jarduerak:
- 10:00h.
- Kristalezko eraikinean elkartzea.
- “Bilboko Burdin Hesia. Cinturón de Hierro de Bilbao” bideoaren proiekzioa.
- Argazki-erakusketa.
- 11:00. Arborirantz irteera. Eremu horretako metrailadoreen kokalekura bisita.
- 12:00h. Itzulera..
Ibilbide honi esker, Burdin Hesia zeharka daiteke, 12 kilometroan, Gueñes kontzejuan barrena. Luxar eta Ganzabal mendietan banatzen da, baita Arbori eta Taramona eremuetan ere. Defentsarako obra horren hondarrak ezagutu daitezke: metrailadore-habiak, mortero-postuak, tropentzako babeslekuak eta hainbat lubaki-zati. Elementu horiek guztiek Burdin Hesiaren eraikuntza sustatu zuen espiritu demokratikoa gogorarazten digute.
Burdin Hesia Eusko Jaurlaritzak eraiki zuen Gerra Zibilean, Bizkaia matxinatuen eskuetan eror zedila saihesteko. Defentsa-lerro estatikoa zen, Bilbo defendatzeko xedez eraikia, Alberto de Montaud jeneralaren argibideei jarraituz. 50 milioi pezetako inbertsioa egin zen hura eraikitzeko, eta 1936. urtearen erdialdera hasi ziren lanak, lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu eta egun gutxira.
Proiektuaren arabera obrak 80 kilometroko perimetroa zuen, eta 14.000 langile aritu ziren hori eraikitzen. Denen artean egin zituzten Burdin Hesiko babeslekuak, lubakiak eta metrailadore- eta artilleria-postu ugari.
Nahiz eta ahalegin guztiak egin, hegazkin aleman eta italiarren erabateko nagusitasunaren eta bando kolpistaren artilleriaren eraginez, Burdin Hesia hautsi egin zen 1937ko ekainaren 12an, Gaztelumendi inguruan.
Gaur egun aurki daitezkeen hondarrak askatasunaren aldeko borrokaren lekuko baliotsuak dira. Hori dela eta, Gogora Institutuak, Arabako eta Bizkaiko forualdundiek eta defentsa-lerro horrek zeharkatzen dituen 33 udalerriek lankidetza-protokolo bat sinatu zuten 2017an. Protokolo horretan ezartzen da defentsa-lerro hori babestu, sendotu, mantendu eta garrantzitsutzat jotzeko lanesparrua.