'Memoriaren Plaza Unibertsitatean' erakusketa Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi da

Argitalpen-data: 

Erakusketa martxoaren 21etik 29ra egongo da ikusgai Carlos Santamaría zentroan

'Memoriaren Plaza Unibertsitatean' erakusketa Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi da

(Iturria: UPV/EHU)

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak gaur goizean inauguratu du “Memoriaren Plaza Unibertsitatean” erakusketa. Erakusketa hori Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu dute. Inaugurazioan izan da, halaber, Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakasle eta Adi-adian proiektuaren UPV/EHUko koordinatzaile Pello Urkidi.

Gogora Institutuak gure memoria hurbilari buruz bildutako lekukotzak entzun ahalko dituzte erakusketara bertaratzen direnek. Euren esperientziak kontatzen dituzten biktimen lekukotzak dira, baita gatazka lehen pertsonan bizi izan ez duten arren gertatutakoari buruzko hausnarketa eskaintzen duten gazteen kontakizunak ere. Erakusketa amaieran, bertaratzen direnek idatziz utzi ahalko dute euren hausnarketa.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen iritziz, “Euskal Herriko Unibertsitatearen bizikidetza bultzatuko eta oroitzapena berreskuratzeko konpromisoa tinkoa eta etengabea da. Gogora Institutuarekin elkarlanean aurrera daramatzagun ekimenak ez ezik, EHUgune foroarekin gai horri buruzko mintegi, eztabaida eta topaketak ere antolatu ditugu. Oroimena ez da iragana gogoratzeko tresna bakarrik. Oroimena iragan horretaz gogoeta egiteko eta etorkizun hobea eraikitzeko tresna izan behar da.

“Memoriaren Plaza Unibertsitatean” erakusketa unibertsitatera ekarrita, ikasleek Euskadin azken hamarkadetan gertatu denari buruzko historia kritikoa ezagutu dezatela bultzatu nahi da; izan ere, egungo ikasleen belaunaldiak ez zuen lehen pertsonan bizi izan. Halaber, UPV/EHUko ikasleen eta irakasleen artean hausnarketa kritiko partekatu eta belaunaldi-artekoa izateko gune bat sortu nahi da, iraganari buruz hausnartzeko eta memoriaren orainaldi eta etorkizunaren esanahiari buruzko elkarrizketa pedagogiko bat bilatzeko. Era horretan, erakusketarekin batera tailer didaktikoak ere egingo dira; bertan, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Lehen Hezkuntza Graduko ikasleek (180), Haur Hezkuntza Graduko ikasleek (80) eta Pedagogia eta Gizarte Hezkuntza Gradukoek (50) parte hartuko dute.

“Tailerretan, biktimen lekukotzak jasotzen dituzten grabazioak erabiliko dira, baita lehen pertsonan bizi ez arren euren esperientzia partekatzen duten herritar eta gazteen lekukotzen grabazioak ere. Hezitzaileen laguntzarekin, banakako nahiz taldeko hausnarketarako gune bat sortuko da”, azaldu du Pello Urkidik, Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakasle eta UPV/EHUko Adi-adian proiektuko koordinatzaileak.

“Memoriaren Plaza Unibertsitatean” ekimena Eusko Jaurlaritzak eta hiru euskal unibertsitateek bizikidetzarekin eta giza eskubideekin duten konpromiso partekatutik jaio da. Hala, 2017ko urriaren 4an, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen hiru euskal unibertsitateekin, giza eskubideen eta bizikidetzaren arloko hezkuntza jarduerak sustatu eta dinamizatzeko unibertsitatearen esparruan. Zehazki, lau jarduketa gauzatu dira akordio horren barruan: Memoria hurbilari buruzko hausnarketa kritikoa gauzatzeko programa bat; unibertsitateetan Adian-adian programa txertatzea, biktima hezitzaileen aurrez aurreko testigantzekin edo testigantza grabatuekin (2018-2019 ikasturtean programa hori UPV/EHUko hiru campusetako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Graduetan txertatu da eta 800 ikasle inguruk hartu dute parte); unibertsitateek Memoriaren Egunean parte hartzeko proposamen bat gauzatzea, eta “Memoriaren Plaza” erakusketa Euskadiko unibertsitate campusetara eramatea.

“Memoriaren Plaza” erakusketa martxoaren 21etik 29ra egongo da ikusgai, UPV/EHUko Carlos Santamaría zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, 9:00etatik 20:30era egongo da irekita astelehenetik ostiralera, eta 9:00etatik 14:00etara, berriz, larunbatetan. Martxoaren 29an, erakusketak 15:30ean itxiko ditu ateak. Sarrera doakoa da.