Gogorak Gerra Zibilean borrokan hildako gudari eta milizianoen izenak argitaratu ditu

Argitalpen-data: 

Gudari bataloia Bizkaian 1937an

Liburutegi Nazionalaren funtsak

  • Bihar, ekainak 19, Eusko Jaurlaritzak Euskadiren demokrazia eta askatasuna defendatzeko borrokatu zuten gudari eta milizianoei urtero egiten zaien omenaldian parte hartuko du. Ekitaldia Artxandako "Aterpe 1936" eskulturaren ondoan egingo da, Bilbon, hiria erori zeneko 84. urteurrenean.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Gerra Zibilean borrokan hildako gudari eta milizianoen zerrenda osoa jarri du jendearen eskura, gehienak izen-abizenekin identifikatuta.

Horrela, Gogora Institutuak Euskadin demokrazia eta askatasuna defendatzeko borrokatu zuten pertsonen oroimena eta duintasuna berreskuratzen lagundu nahi du. Gobernu demokratikoa defendatzeagatik gudu-zelaian bizia eman zutenak gogoratzea justizia- eta duintasun-ekintza bat da; izan ere, borroka galtzean, errepublikar borrokalariak inolako aitortzarik gabe utzi zituzten.

Institutuaren webgunean eskuragarri jartzen den zerrenda osoa[1] aurtengo otsailean aurkeztu zen Euskadiko Gerra Zibileko hildakoen datu-basearen ustiapenaren emaitza da.

Guztira, 7.318 gudari eta miliziano dira, 154 identifikatu gabeak; horietatik 7.297 gizonak dira, 13 emakumeak eta beste 8 pertsonetatik ezin izan da sexua zehaztu. Guztiak hil ziren, bai Gerra Zibilean Euskadin, bai hiru lurralde historikoetatik kanpo.

Gudari eta milizianoak omentzeko ekitaldia

Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institututuko zuzendaria izango dira urtero gudari eta milizianoei, Bilbon, Artxandako “Aterpe1936” eskulturaren ondoan, egiten zaien omenaldian.

Bihar izango da ekitaldia, ekainaren 19an, Euskadiren demokrazia eta askatasuna defendatzeko borrokatu zuten gudari eta milizianoak omentzekoa, Aurten, hiria erori zeneko 84. urteurrenean.

[1] https://labur.eus/gudarietamilizianoak