- "Trantsizioan desagertutakoen familiek bilaketa horretatik behin betiko atseden hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen dut"
- María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Biktimarik gabeko desagerrarazpena’ erakusketaren irekiera-ekitaldian parte hartu du
- Erakusketa Donostiako Okendo plazan egongo da ikusgai, azaroaren 2a bitartean
"Trantsizio garaian desagertutakoen familiek bilaketa horretatik behin betiko libratu eta atseden hartzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dut gaur hemen. Estatuari eskatzen diot bere erantzukizuna bete dezala, ez dezala etsi krimen horiek argitzeko lanean. Baina hitz egiten ausartu gabe urteak daramatzatenei ere eskatzen diet aurrerapauso bat emateko. Beldurra hautsi eta lagundu dezatela. Horrela bakarrik orbaindu ahal izango dugu, hainbat hamarkada geroago, bere absentziaren zauri sendaezina ".
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuaren hitzak dira, gaur goizean Donostian esandakoak, ‘Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Biktimarik gabeko desagerrarazpena’ erakusketaren irekiera-ekitaldian. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren ekimena da hau eta ekitaldian sailburuarekin batera izan dira Jon Insausti hiriko alkatea eta Alberto Alonso Gogorako zuzendaria.
Lurdes Auzmendik, Eduardoren bikotekidea desagertu zenean, aurkezpen ekitaldian parte hartu du bideo-mezu batekin. Entzuleen artean, Eduardoren anai-arrebak, senideak eta gertukoak izan dira, Lurdesen ahotsa jarri dio Moreno-Bergaretxe familiak aho batez egiten duen eskariari: "desagertzeari buruz zerbait dakitenek, gertatutakoari buruzko zantzurik edo xehetasunik txikiena ezagutzen dutenek hitz egin dezatela, modu anonimoan bada ere; oso krudela da desagertutako pertsona batekin gertatutakoari buruz dakiguna ezkutatzeko gizatasunik eza".
Lurdesek Eduardoren gurasoak izan ditu gogoan, eta haiek bizitza osoan egindako alferrikako bilaketari buruz hitz egin du: "Eduardoren gurasoak tristura eta mina bihotzera itsatsita zituztela hil ziren, semearen gorpuzkiak non zeuden ez zekitelako, eta lekukoa pasatu ziguten, eta konpromiso horretan irmo jarraituko dugu, haren memoria betirako izan dadin”.
Haiei, gurasoei, familiari eta lagunei buruz ere hitz egin du Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak: "ez zuten atsedenik hartu, ez duzue atseden hartzen, ez atseden hartuko ere, absentziak sortutako min sakona sendatu nahi duzuelako, hain zauri sakona izanik, arlo pertsonala gainditzen duena eta herentziazkoa bihurtzen dena, hurrengo belaunaldiengan hutsune gisara betikotzen dena. Gabezia horrek gizarte gisa itauntzen gaitu, eta urte hauetan guztietan hura aurkitzeko, gertatutakoa argitzeko eta, ahal den neurrian, familiaren sufrimendua arintzeko beharrezko ahaleginak egin ote diren galdetzera behartzen gaitu", gaineratu du sailburuak.
Gaur goizeko hitzorduan Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko arduradunak bertaratu dira, hala nola Arritxu Marañón Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea eta Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria
Gainera, erakundeetako ordezkaritza zabala izan da irekiera-ekitaldian: Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Xabier Barandiaran eta Markel Aranburu legebiltzarkideak; Donostiako Udaleko EAJ-PNV, EH-Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia alderdietako zinegotziak; bertan izan dira baita ere, Gogorako Zuzendaritza Kontseiluko kideak eta fundazio eta memoria-elkarteetakoak.
Herritarrak itauntzen dituen erakusketa urbanoa
Erakusketa Donostiako herritarren aurrean aurkezten da, Eduardok 76 urte beteko zituen egunean. 22 panelek osatzen dute, eta hiriburuko erdigunean dago, Okendo plazan. Hiri-erakusketa honen helburua da oinezkoa interpelatzea, kasu hau eta bere inplikazioak ezagutzen ez dituenaren jakin-mina piztea, baita indarkeriaz betetako iraganari begiratzea zaila egiten zaionaren jakin-mina piztea ere.
Eduardo Moreno Bergaretxeren desagerpenaren kasuak, duela 50 urte, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari bete-betean dagozkion funtsezko gai batzuk jorratzeko aukera ematen du erakusketa honek: motibazio politikoko indarkeriak kolpatutako familia bati eragindako sufrimendua aitortzea, indarkeria deslegitimizatzea eta giza eskubideak eta balio demokratikoak defendatzea.
Ildo horretan, María Jesús San José sailburuak bere testuinguru historikoan kokatu du Eduardoren militantzia. ETA politiko militarreko kidea zen Eduardo, eta teorizatu egin zuen, bide politikoan sakontzeko, lehen urratsa izan zen “urte batzuk beranduago, ETA politiko-militarrak armak uztea ahalbidetu zuena. Bere planteamenduak izan ziren, halaber, bere kide askok, asko hemen daudenek, politikaren bide esklusiboaren alde egin zuten apustu irmoaren oinarria. Ulertu zuten, Mario Onaindiaren hitzetan, demokrazia zela benetan iraultzailea”.
Erakusketak ikuspegi historikoa, giza eskubideen eta memoriaren ikuspegia uztartzen ditu, eta, bisualki, familiako argazkiek, Eduardoren eskuz idatzitako gutun batek, garaiko prentsako profesionalen argazkiek eta hemerotekak osatzen dute.
Elementu horiekin, testuinguruaren lehen atal batean, frankismo berantiarreko garaia eta Trantsizioa jorratzen dira, lehenik eta behin 70eko Euskadi nolakoa zen ulertzeko, ilusio, muga eta aktibismo haundikoak.
Baina, aldi berean, indarkeria handiko urteak izan ziren, heriotza eta sufrimenduzko arrasto sakona utzi zutenak. Erakusketak indarkeria-giro horren eta askatasunik ezaren ondorioak kontatzen eta jasotzen ditu: heriotzak eta giza eskubideen urraketa larriak. Ildo horretan, biktimak oso presente daude erakusketan zehar; izan ere, azken batean, indarkeria ekintza politikorako bide gisa baliatzearen inguruko hausnarketa kritikoa sortu nahi du.
Bigarren bloke batean, erakusketak Perturren bizitza eta ibilbidea aztertzen ditu ETA politiko militarrean, eta bere bizitzako azken hilabeteak xehetasunez jasotzen ditu. Bigarren zati honetan, desagertzearen egunari buruz ezagutzen diren datuak ere zehazten dira, eta 50 urte hauetan egiletzari buruz aztertu diren hipotesiak aztertzen dira.
Ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik. Desagerpenak eragindako trauma
Erakusketaren azken zatian desagerpena eta haren deribatuak aztertzen dira, giza eskubideen eta memoriaren ikuspegitik.
Erakusketak desagertzeak familiari, batez ere gurasoei, eragindako ondorioak nabarmendu nahi ditu: gertakarien egia ez ezagutzeak sortzen duen sufrimendua eta biktima gisa errekonozitzeko prozesuei nola eragiten dien. Moreno-Bergaretxetarrek 50 urte hauetan gizartearengandik eta erakundeengandik jaso duten arreta salatzen da, Eduardok biktima gisa errekonozimendurik izatea ere ez baitute lortu. Izan ere, nahiz eta azken hamarkadetan aurrerapausoak eman diren giza eskubideen urraketen biktimei dagozkien eskubideen aitortzan, Perturren kasuan, haren familiak ez du ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik lortu. Ondorioz, etengabeko birbiktimizazio-prozesua jasan du.
Ildo horretan, gogorarazten da, halaber, Euskadik iragan hurbilean jasan duen motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan desagerrarazi diren beste pertsona batzuek antzeko erantzun sozial eta instituzionala jaso dutela, berez oso mingarria den trauman sakonduta. Alde horretatik, erakusketaren hainbat puntutan gogorarazten da Perturrez gain desagertuta jarraitzen dutela: José Humberto Fouz, Jorge Juan García, Fernando Quiroga eta José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra".
Familiaren testigantza
Familiaren memoriak, eta bereziki Eduardoren gurasoen memoriak, erakusketa osoa zeharkatzen du, baina batez ere azken panelean jasotzen da, bertan QR kode baten bidez bideo-laburpen bat ikus daiteke Ines Moreno Bergareche Eduardoren arrebaren, Andrés Müller-Thyssen Bergareche lehengusuaren eta Lurdes Auzmendi orduko bere neska-lagunaren testigantzekin.

