Imanol Pradales: "Gaur demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizia arriskatu zutenei omenaldia egiten diegu"

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzak demokrazia eta giza eskubideak defendatzeko euskaldunek Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan izandako parte-hartzea aldarrikatu du

Imanol Pradales Lehendakaria buru izan da gaur goizean Gernikan, Eusko Jaurlaritzak, Gogoraren bitartez, Gernika Batailoiari, Gernika-Lumoko Udalarekin lankidetzan, egin dion oroitzapen-ekitaldian. Point de Graveko guduaren 80. urteurrenaren testuinguruan, 1945eko apirilean, gaur goizeko ekitaldia totalitarismoaren kontra, demokraziaren eta bakearen aldeko ekitaldia izan da.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, "gaur Gernikan, gure Herriaren eta giza eskubideen sinboloa, urrats bat aurrera eman zuten milaka euskal herritarrei omenaldia egiten diegu. Demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizia arriskatu zutenak ".

Era berean, Lehendakariak adierazi duenez, "Euskadin gerra galdu ondoren ere, gure herriak demokrazia eta giza eskubideak defendatzen jarraitu zuen Europan". Pradalesen hitzetan, Gernika Batailoia Euskadiren sinboloa da, egoera dramatiko eta ohiz kanpokoetan, diktadurak eta erbesteak ahulduta, totalitarismoari aurre egiteko lankidetzan aritzeko eta antolatzeko gai izan zena. "Ohoratzeko modurik onena sakrifikatu zireneko hura baloratzea eta babestea da. Europa baketsua, oparoa eta demokratikoa. Horregatik, irmo eutsi behar dugu, diskurtso populista eta autoritarioen aurrean. Harresiak jaso eta hesiak eraiki nahi dituztenei aurre egin. Baita indartsuenaren legean oinarritutako mundu-ordena defendatzen dutenei ere".

"Europak batera jardun behar du, gerra-diskurtso eta justifikaziorik gabeko alarmismoetan erori gabe, baina bere askatasuna, segurtasuna eta sorrerako balioak babesteko behar diren neurriak hartuz. Bakearen defentsak bere prezioa duelako. Bai duela 80 urte eta baita orain ere", amaitu du Pradales lehendakariak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak, Alberto Alonsok bere hitzaldian azpimarratu du memoria demokratikoa eraikitzeak "gure iraganari begiratzea dakar, egungo eta etorkizuneko herritarrak eraikitzeko balio duten balioen bila". "Gernika Batailoiaren oroitzapenak bakearekin, askatasunarekin eta Europarekin dugun konpromisoa islatu behar du", gaineratu du.

Gernika Batailoia hainbat sentsibilitate politikotako pertsonek osatu zuten, totalitarismoaren aurkako demokrazia eta askatasunaren defentsan bat eginik. "Beraz, herri honek aniztasunarekin, eta diferentziarako eskubidearekin duen konpromisoaren isla izan zen", esan du Alonsok.

Era berean, Gogora Institutuko zuzendariak gaineratu du, Gernika Batailoiak "euskal gizarteak askatasunean oinarritutako Europa eraikitzeko eta defendatzeko duen konpromisoa islatzen du. Demokrazian bizi den Europa bat, ongizatearen eraikitzailea, Zuzenbide Estatuaren bermea eta kontinente honek azken milurtekoan izan duen bake garairik luzeena ekarri duena".

Alberto Alonsoren hitzetan, gaurko oroitzapen-ekitaldiak, gaur egun, ohartarazpen gisa balio du "gorroto-mezuen ugaritzearen aurrean" eta "proiektu totalitarioak indarraren bidez inposatu nahi dituzten ideologiek sor dezaketen minaren aurrean".

Gernika Batailoia

Gernika Batailoia Euskadiko behin-behineko gobernuak sortu zuen, Kepa Ordoki ANVko militanteak gidatuta. Batailoi honetako kideek garaiko alderdi eta sindikatu ezberdinetako gudulariek osatu zuten, ideologikoki plurala zen.

1945eko apirilean,−ideologia anarkistako errepublikano espainiarrek osatutako− ‘Libertad’ Batailoiaren ondoan, Gernika Batailoiak alemaniar posizioen aurka borrokatu zuen Pointe de Graveko batailan, Médoc eskualdean. Guztira Gernika batailoiko bost kide hil eta 35 zauritu ziren.

Hauek izan ziren hildako bost borrokalariak: Félix Iglesias Mina, Atarrabiakoa; Juan José Jausoro Sasia, Alonsotegikoa; Antonio Lizarralde Garamendi, Durangokoa; Antonio Mujika Arrizabalaga, Donostiakoa; eta Prudencio Orbiz Uranga, Villabonakoa.

Ekitaldian borrokalarien ondorengoek parte-hartu dute: Txomin Arruti, Gotzon Arrutiren iloba; Joserra Atorrasagasti, Jokin Atorrasagastiren semea; eta Koro Mujika, Antxon Mujikaren iloba, eta ekitaldian izan dira Gernika Batailoiko kideen beste hogeita hamar senide. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Point de Graveko batailan hildako bost gudularien senideek -lehendakariak eta erakundeetako ordezkariek lagunduta- lore eskaintza egin dute.

Era berean, erakundeen presentzia garrantzitsua izan da – José María Gorroñoko alkatea buru –: Ricardo Ituarte Azpiazu Segurtasuneko sailburuordea, Victoria de Jesús Ertzaintzako zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzako burua. Eusko Legebiltzarraren izenean, Bakartxo Tejeria presidentea, Eba Blanco bigarren presidenteordea, Jon Aiartza lehen idazkaria, eta Irune Zuluaga, Ima Garrastatxu, Pau Blasi eta Xabier Barandiaran legebiltzarkideak izan dira.

Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, Ana Otadui presidentea eta Rakel Goñi bigarren presidenteordea izan dira. Bertan izan dira, halaber, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kide Ion Gambra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria; Ager Izagirre, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatua; eta Amaia Agirre, Getxoko alkatea.