Alto de la Horca hobia (Gaubea, Araba)
KOKAPENA | Alto de la Horca, Bóveda, Gaubea (Araba) |
BIKTIMAK | 2 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
DATA | 2014ko irailaren 29a |
Ángel Antuñano Salazar (1900 Castriciones, Burgos – 1936 Gaubea, Araba) Kubara emigratu zuen, eta han bizi ohi zen. 1936ko irailaren 7an, bere jaioterrian oporretan zegoela, atxilotu eta hil egin zuten. Bere gorpuzkiak Alto de la Horca-ko hobi batean, Bovedan, lurperatu zituzten. 2014ko irailaren 29an atera zituzten gorpuzkiak lurpetik eta familiari eman zizkioten.
Patxi Domínguez elorriarrak adierazita jakin zen Bóvedan (Araba), Alto de la Horcan, bi pertsonen gorpuak gordetzen zituen hobi bat egon zitekeela. Informazio hori Orencio Gonzálezek eman zion, Bóvedako herritarra bera. Patxik berak datu gehiago bildu zituen, eta halaxe jakin zuen “1936ko irailean beren etxeetatik aterarazi zituztela, indarrez: batetik, Ángel Antuñano Salazar, 36 urtekoa, Castriciones herrikoa (Lausa Harana, Burgos), eta, bestetik, Pérex herriko (Lausa Harana) beste auzokide bat, zeinaren izena gaur egun ezezaguna baita. Biak (ez dakigu beraiekin batera jende gehiago ote zihoan) eraman ziren egungo A-2622 errepidetik, Lausako San Pantaleónetik (Burgos) “Alto de La Horca” mendikatera, Bóvedan (Araba). Bertan erail zituzten. Gorpuak Bóveda herrian, errepidetik 50 metro ingurura, ehortzi ziren".
Informatzaileek adierazitako lekuan prospekzioak egin ondoren, hobia 2014ko irailaren 23an aurkitu zuten. Beraz, Horca gainean, A-2622 errepidetik 50 bat metrora, pinuz betetako baso batean zegoen hobia, eta lursailak eta bide zaharraren trazadura banatzen dituen harri lehorreko hormatik 2,5 metrora. Luzetarako zanga bat zen, 6,25 metro luze eta 75 cm zabal. Hildako bi pertsonen gorpuak zangaren muturretan lurperatu zituzten, eta tarte bat hutsik geratu zen.
Patxi Dominguezek lortutako dokumentazioari esker, jakin ahal izan zen eraildako pertsonetako bat Ángel Antuñano Salazar izan zitekeela, Castriciones de Losako (Burgos) bizilaguna.
1. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen, ezkerreko besoa gorputz-enborrean zehar luzatuta, eta eskuineko besoa tolestuta, eskua burutik oso gertu. Eskuineko hanka luzatuta zuen, eta ezkerrekoa eskuinekoaren gainetik tolestuta.
Gizonezko heldu gazte baten gorpua dirudi, 30 urtetik gorakoa. Bertan dauden objektuen aniztasuna eta kalitatea kontuan hartuta, maila sozio-ekonomiko ona zuela ondorioztatu daiteke. Larruzko gerrikoa zuen, laukizuzen formako zilarrezko plaka eta guzti, albo batean "Silver Front” zioela. Lorez apaindutako koadro batek apaintzen zuen, eta “A” hizki larria ikus zitekeen goiko aldean. Eskuineko eskumuturraren parean, urrezko mahuka-biki oktogonal bat aurkitu zen, eremu zuri bat nakarrez apainduta. Era berean, toraxean kate metaliko bat aurkitu zen, alde batean zirrindola bat zuena. Poltsikoko erloju baten katea izan liteke (beharbada, berak eduki eta ostu egin ziotena). Labana metaliko bat ere berreskuratu zen.
Bestalde, nabarmentzekoak dira hortz-tratamenduak: urrezko zorro trokelatuak hainbat hortzetan, bai beheko masailezurrean, bai goikoan.
Su-arma baten tiroak hil zuen. Jaurtigaia hezur okzipitalaren ezkerreko erdian sartu zen. Bertan, izan ere, 9 mm-ko diametroa daukan sarrera-zulo bat antzeman daiteke.
2. gizabanakoa alboko etzanera zegoen, eskuineko aldearen gainean, hobiaren albo bateko hormaren kontra bermatuta. Besoak buruaren aurretik erdi tolestuta zituen, eta beheko gorputz-adarrak zertxobait tolestuta paraleloan.
Gizonezko heldu gazte baten gorpua dirudi, 30 urtetik gorakoa. Berari lotutako objektuen artean gerriko baten belarria eta itxitura-giltza bat berreskuratu ziren.
Tiro bat jaso zuen kopeta-hezurraren ezkerreko partean, alde horretako begi-orbitaren gainean, eta jaurtigaia hezur okzipitalaren ezkerreko aldetik atera zen.
Hezur-laginak hartu ziren, genetikoki aztertzeko. Lagin horiek Gasteizko BIOMICs laborategira bidali ziren, Ángel Antuñanoren senideei hartutako laginekin batera.
Hala, 1. gizabanakoa Ángel Antuñano Salazar zela identifikatu ahal izan zen, Castricionesen jaioa (Burgos), 1900eko urriaren 2an. Kubara emigratu zuen, eta, bertan bizi izan zen. Hala ere, 1936ko udan bere jaioterrira itzuli zen. Dirudienez, bere egoera sozio-ekonomikoa ona zen, bere gorpuzkiekin batera berreskuratu diren objektu batzuetan ikus daitekeenez. Horren lekuko dira urrezko mahuka-bikiak edo zilarrezko gerriko pertsonalizatua, bai eta hortzetako konponketak eta zaintzak ere. Kuban bizi eta oparotasuna izan zuenez, eta, ziur aski, ideologia zabalagoa zuenez, altxamenduaren aldekoekin desadostasunak izan zituen.
Gerrikoaren belarrian grabatutako “A” hizkia bat dator bere jabearen izenaren lehen hizkiarekin.
Momentuz, ez dago elementu garbirik hobian ehortzitako beste pertsonaren nortasuna orientatu ahal izateko, baina Pérex herriko (Burgos) bizilaguna zela baieztatu da.
2015eko maiatzaren 2an Udaletxean egindako ekitaldi batean, Ángel Antuñano Salazarren hezur-hondarrak entregatu zitzaizkion haren familiari, eta omenaldi-monolitoa inauguratu zen hobia zegoen lekutik hurbil.
Identifikatu gabeko pertsonaren gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan zuen inaugurazio ekitaldian.