Antzuategi 1 hobia (Elgeta, Gipuzkoa)

KOKAPENA Antzuategi baserria, Elgeta (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 3
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 1
DATA 2003ko ekainaren 16tik 22ra

Jesús Zuazua Mondragón (¿? Arrasate-Mondragón, Gipuzkoa– 1937 Elgeta, Gipuzkoa) gerra garaian bere jaioterrian sortutako gazte sozialisten "Dragoiak" izeneko 22. Batailoian (Meabe 5) borrokatu zen. Matxinatutako tropak Elgetan sartu ondoren hil zuten 1937ko apirilaren 24an. Inguruko bizilagun baten testigantzak haren gorpuzkiak aurkitzea ahalbidetu zuen.

1936ko urriaren hasieratik 1937ko apirilaren amaieraraino, fronte-lerroa finkatuta geratu zen Ondarroatik Gatzagarainoko lerroan; Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza frankisten kontrolpean, eta Kalamendi, Eibar, Elgeta eta Udalatik Aramaioraino, errepublikazaleen agindupean.

Borrokak berriz ere hasi ziren 1937ko apirilaren 20an, Bergara eta Arrasatetik, Nafarroako VI. Brigadaren erasoa eta artilleria indartsua tarteko. Halaber, abiazio frankista eta alemanaren etengabeko bonbardaketak izan ziren Intxorta mendigunearen gainean. Aldi berean eraso bat egin zen Otxandiotik, mendigunearen atzeko parterantz, taktika inguratzailea erabiliz.

Hainbat egunetan borroka gogorra eta baja ugari izan ondoren, 1937ko apirilaren 24an tropa matxinatuak Elgetan sartu ziren. Errepresio-egintzen ondorioz, gutxienez hamar pertsona erail zituzten.

Antzuategi Bastarrekoa baserrian, matxinatuek armada errepublikarreko sei gudulari atxilotu zituzten. Errepresio-egintza hartan, sei miliziano eta baserriko jabea (José Vicente Garai Arenaza) erail zituzten. Azken horren hilotza bere familiak berreskuratu zuen eta kanposantura lekualdatu. Beste sei gorpuak etxetik hurbil lurperatu ziren, obusen inpaktuak lursailean eragindako bi sakonunetan.

Víctor Garairi (baserriko auzokidea) egindako elkarrizketa batean berretsi zenez, 1937ko apirilaren 24an, larunbata, Antzuategiko baserrira iritsi zirenean, etxean ezkutatuta zeuden, bonbardaketa bizietatik babestuta, bere aita Vicente Garai eta zazpi gudari. Guztiak erail zituzten, eta horietatik sei lurperatu zituzten "bere baserriaren atzean zegoen bonba batek eragindako zuloan".

Berez, bi hobi ziren, eta bakoitzean hiru pertsona zeuden ehortzita, bonben inpaktuen eraginez sortutako bi kraterretan.

Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak ekainaren 16tik 22rako egunetan egin ziren, informazioa eman zutenek adierazitako bi kokapenetan. Lursailean ez zegoen kanpo-seinalerik, baserriaren atzeko partean maldan zegoen larre-inguru bat baitzen.

Lehen hobia eraikinetik metro gutxira zegoen. Geruza naturalen arteko zulo batean jarri ziren hiru pertsonen eskeletoak. Horietatik bi ahoz gorako etzanera zeuden, eta lurzoru naturalaren gainean zegoena, bestalde, ahoz beherako etzanera. Bi gizonezko heldu gazteren eta gizonezko heldu nagusi baten gorpuak ziren.

Erail ondoren zelan ehortzi ziren aintzat hartuta eta janzkerari eta soinean zituzten objektuei erreparatuta, borrokalariei buruzko informazioa jaso daiteke.

1. gizabanakoak koilara eta sardexka bat zituen; 2. gizabanakoak gasolina-txiskero bat, hodi-giltza bat, arkatz bat, urrezko eraztun bat eta granatezko harri bat itsatsita. 3. gizabanakoaren ondoan, beroki baten botoiak, metxa-txiskero bat, urrezko eskumuturreko erloju bat, eta ezohiko identifikazio-plaka bat aurkitu ziren.

Azken hori larruzko uhalean errematxatutako txapa bat zen, baina nabarmenena zen bertan Euzkadiko Gobernuaren 2 pezetako txanpon bat ikus zitekeela, eta haren atzean, titularrak bere gudari-zenbakia grabatu zuela: 71513.

Identifikazio-plakaren zenbakiari esker jakin ahal izan zen nori zegokion gorpua, Euzkadiko Gudarosteko nominen zerrenda kontsultatu ondoren. Jesús Zuazuaa Mondragónen gorpua litzateke. Arrasaten jaiotako auzokide hau Dragoien Batailoian borrokatu zen.

Beste bi gizabanakoen kasuan, ez dago haiek identifikatzeko daturik.

Jesús Zuazua Mondragonen gorpuzkiak eta hobi horretan identifikatu gabe zeuden bi pertsonenak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren 2017ko urtarrilaren 30ean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.