Antzuategi 2 hobia (Elgeta, Gipuzkoa)

KOKAPENA Antzuategi baserria, Elgeta (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 3
DATA 2004ko ekainaren 16tik 22ra

1936ko urriaren hasieratik 1937ko apirilaren amaieraraino, fronte-lerroa finkatuta geratu zen Ondarroatik Gatzagarainoko lerroan; Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza frankisten kontrolpean, eta Kalamendi, Eibar, Elgeta eta Udalatik Aramaioraino, errepublikazaleen agindupean.

Borrokak berriz ere hasi ziren 1937ko apirilaren 20an, Bergara eta Arrasatetik, Nafarroako VI. Brigadaren erasoa eta artilleria indartsua tarteko. Halaber, abiazio frankista eta alemanaren etengabeko bonbardaketak izan ziren Intxorta mendigunearen gainean. Aldi berean eraso bat egin zen Otxandiotik, mendigunearen atzeko parterantz, taktika inguratzailea erabiliz.

Hainbat egunetan borroka gogorra eta baja ugari izan ondoren, 1937ko apirilaren 24an tropa matxinatuak Elgetan sartu ziren. Errepresio-egintzen ondorioz, gutxienez hamar pertsona erail zituzten.

Antzuategi Bastarrekoa baserrian, matxinatuek armada errepublikarreko sei gudulari atxilotu zituzten. Errepresio-egintza hartan, sei miliziano eta baserriko jabea (José Vicente Garai Arenaza) erail zituzten. Azken horren hilotza bere familiak berreskuratu zuen eta kanposantura lekualdatu. Beste sei gorpuak etxetik hurbil lurperatu ziren, obusen inpaktuak lursailean eragindako bi sakonunetan.

Víctor Garairi (baserriko auzokidea) egindako elkarrizketa batean berretsi zenez, 1937ko apirilaren 24an, larunbata, Antzuategiko baserrira iritsi zirenean, etxean ezkutatuta zeuden, bonbardaketa bizietatik babestuta, bere aita Vicente Garai eta zazpi gudari. Guztiak erail zituzten, eta horietatik sei lurperatu zituzten "bere baserriaren atzean zegoen bonba batek eragindako zuloan".

Berez, bi hobi ziren, eta bakoitzean hiru pertsona zeuden ehortzita, bonben inpaktuen eraginez sortutako bi kraterretan.

1. hobitik gorpuzkiak atera ondoren, bigarren hobiko lanak hasi ziren, aurreko hobitik metro eskasera, hegaleko maldan.

Lurperatzeak, kasu honetan, lurreko estratu batean azaleratutako horma harritsuaren kontra egin ziren. Hezurduren kokapena ikusita, pentsatzekoa da azkar egin zela, aurrez pentsatu gabeko moduren batean. Izan ere, 1. gizabanakoa ahoz gorako etzanera dago eta 2. gizabanakoaren gainean oso tolestuta.

Hiru borrokalarietako bi 20 urtetik beherakoak ziren, eta hirugarrena heldu gaztea zela kalkulatu zen.

Berreskuratutako objektuen artean: 1. gizabanakoak gerriko-belarri bat, bi txanpon eta kartutxo-kaxa bat zituen. 2. gizabanakoak ere gerrikoa zuen eta baita zilarrezko kate bat ere, zilarrezko domina arrauzkara batekin (Ama Birjinaren irudiarekin) eta zeluloidezko hortzetako eskuila. Era berean, goiko masailezurrean erdiko ebakortzen ordez Steel portzelanazko protesi finko bat eta urrezko zorroak zituen.

2. gizabanakoaren garezurrean, sarrera-zulo bat aurkitu zen ezkerreko ezkata tenporalean, eta su-arma baten jaurtigaiaren irteera eskuineko lokian.

Ezin izan da jakin gudulariak nortzuk diren.

Berreskuratutako gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan utzi ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak, antolatutako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela.