Areceseko hobia (Las Regueras, Asturias)
KOKAPENA | Areces (Las Regueras, Asturias) |
BIKTIMAK | 1 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
DATA |
2008ko martxoaren 8a |
Cándido Maria Saseta Etxeberria1 (1904 Hondarribia, Gipuzkoa- 1937, Areces Asturias) Intendentzia Akademian ikasi zuen. Afrikako iparraldera bidali zuten, eta, bertan, teniente bihurtu zen. 1936ko martxoan, kapitain mailara igo zuten. Gerra hasitakoan, Saseta Loiolako Santutegira (Azpeitia) bidali zuten, euskal milizien (Euzko Gudarostearen hazia) komandante izateko. Euzkadiko Gobernuak 1936ko urrian sortutako Gerra Batzordean, atal militarreko arduradun izendatu zen. Cándido Sasetak. Gerran parte hartu eta zauritu egin zuten. Euzkadiko Gobernuak 1937ko otsailean Asturiasera lekualdatu zituen bi brigadetako komandante buru izendatu zuten. Borrokan hil zen, Arecesen (Asturias), 1937ko otsailaren 23an.
1 Cándido Sasetaren biografiako datuak. Egilea: Iñaki Egaña.
1937ko otsailean Asturiasera bidali ziren euskal batailoiek Oviedo eta Asturias berreskuratzeko lanetan lagundu behar zuten. Perezagua, Isaac Puente, Largo Caballero, Prieto, Euzko Indarra, Olaberri, Ariztimuño, Amayur eta Rusia batailoiak lekualdatu ziren bertara. Nalón ibaiaren eta Arecesen arteko borrokak otsailaren 21ean hasi ziren. Euzko Indarra eta Amayur batailoiek Arecesko posizioa hartzea lortu zuten, baina ezin izan zuten mantendu, altxatuek hainbat lekutatik egin baitzieten eraso. Euskal milizianoak modu desordenatuan erretiratu ziren. Asko hil egin ziren Arecestik jaistean, tartean Cándido Saseta.
Inguruko hainbat bizilaguni jasotako testigantzen arabera, bide ertz zehatz batean, arte baten epaitondo baten ondoan, euskal batailoietako ofizial bat lurperatu zuten.
2008ko martxoaren 8an, Premoñotik Arecesera (Las Regueras) doan landa-bidean hezur hondarrak atera ziren. Inguruko auzokideek ehortzi zituzten hildako soldatuetako batzuk. Auzokide horiek adierazi zuten, hain zuzen ere, euskal batailoien ofiziala bidearen ertzean lurperatu zutela, arte baten ondoan (zuhaitzaren ipurdia baino ez zen geratzen).
Horrenbestez, haren ezkerraldean hobi bat aurkitu zen, 30 zentimetroko sakoneran, lurrez eta harriz estalita, ondoko larrea mugatzen duen hormaren eta bidearen artean. Gorpua ahoz beherako etzanera ehortzi zen, besoak aurrerantz luzatuta. Garezurraren azpian, fusil baten jaurtigaiaren zorroa berreskuratu zen. Hezur-hondarrak partzialki kontserbatu ziren.
Hobitik hurbil aurkitu ziren, era berean, britainiar jatorriko luma estilografiko bat, bi txiskero, eta disko metaliko bat. Azken horrek honako hauek zituen grabatuta: "Fábrica de Vagones de Beasain" eta "857” [2] zenbakia.
[2].Langileek erabiltzen zuten “xafla” bat da. Beasaineko CAFeko artxiboak kontsultatuta egiaztatu ahal izan dugunez, Jesús Antolín Expósitorena da, Ordiziako bizilaguna bera. 1936an, herri horretako Izquierda Republicana taldeko burua zen. Urte hartako uztailaren 18an, zehazki, Bagoien Lantokian lan egiteari utzi zion. Gerra Kontseiluan epaitu zuten, Bilbon, 1938ko ekainaren 28an, eta urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zitzaion. Hau da, ez zen hil Arecesko posizioan, 1937ko otsailean.
Arecesko hainbat bizilagunek lagundu zuten gudariaren gorpuak aurkitzen. Bidearen ondoan, leku jakin batean, euskal batailoien ofizial bat zegoen hauek esan bezala. Ofizial hau Cándido Saseta zen, 1937ko otsailaren 23an zendua.
2008ko apirilaren 28an, Hondarribian omenaldi-ekitaldia egin zitzaion Cándido Sasetari, eta, bertan, hondarrak familiari entregatu zitzaien. Ondoren, herriko kanposantuan ehortzi ziren.