Burdinazko zubia 1 hobia (Donostia, Gipuzkoa)

KOKAPENA Burdinazko zubia, Donostia (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 3
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 2
DATA 2009ko ekainaren 29tik uztailaren 1era

Millán Zabala Fernández (1881 Nájera, Errioxa – 1936 Donostia, Gipuzkoa) Nájeran (Errioxa) jaio zen, Donostiako Udaleko langilea zen eta gauzain gisa lan egiten zuen. 1936ko irailaren 27an hil zuten, 55 urte zituela.

José Zubiarrain Zabaleta (1894 Leitza, Nafarroa – 1936 Donostia, Gipuzkoa) basozaina zen. Leitzan jaioa zen eta Donostiako Egia auzoko bizilaguna. CNTko kidea zen. Falangeko kideek atxilotu zuten bere auzoan eta desagertua izatera pasa zen.

Donostian, 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak porrot egin zuen lehen fasean, baina urte bereko irailaren 13an hainbat zutabe sartu ziren hirian, erregimen errepublikazalea baztertzeko. Matxinatuen eta leialen arteko borroken ostean, errepublikazaleek Donostiako 156 bizilagun fusilatu zituzten, hirian bertan. Hilketa horietako gehienak 1936ko uztailaren 30ean izan ziren, eta hauetariko asko, Burdinazko Zubia izenekoaren inguruan gertatu ziren (orduan, Iparraldeko Trenbideko Zubia izenez ezagutzen zen horretan). Donostian sartu, eta ondorengo hilabeteetan, tropa matxinatuak hiriko 400 bizilagun, errepublikazaleak, erail zituzten. Fusilamendu gehienak Hernanin, Oiartzunen eta Beran izan ziren, baina beste leku batzuetan ere egon ziren, besteak beste, Bidebietako tiro-poligonoan, Ulia mendian, bai eta Burdinazko Zubiaren inguruan ere.

Beraz, Burdinazko Zubi ingurua hilketak egiteko erabili izan zen gerraren hasieratik. Ondorioz, heriotzak nork egin zituen ez zegoen argitzerik.

2009ko uztailean, lan batzuk garatu ziren Burdinazko Zubiaren inguruan, hirira sartzeko sarbide berri bat egin eta trenbidearen trazadura aldatzeko. Lan horietan, lehen hobi bat deskubritu zen, eta, egun batzuk geroago, bigarren hobi bat, aurreko hobitik oso gertu.

Honen harira Iñaki Egañak egindako ikerketa historikoaren arabera, hobi hauetan aurkitutako gizabanakoak altxatutako indarrek hil zituzten, Donostiako udal-langileak bait zirela uste zen. Ideia horri eusteko, gakoa izan zen 6 botoi agertu izana, langile horien uniformearen bereizgarri zirenak.

Aurkikuntza horren berri eman zitzaion Donostiako Auzitegiari, eta hark, Prozedura Kriminalaren Legearen 778. artikuluaren arabera, gorpuzkiak hobitik ateratzeko eragiketan auzitegi-medikuek ikertu eta esku hartzeko agindu zuen. Hala, Luis Miguel Querejeta eta Patricia Rodríguez-Martínez auzitegi-medikuak arduratu ziren hondarrak hobitik ateratzeaz. Era berean, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Saileko kideen lankidetza eskatu zen, zeregin horietan zuten ezagutzagatik eta esperientziagatik.

Hobiak kono itxura zuen. Ibaiak ekarritako lohi eta hareazko lur batean zegoen. Bertan ehortzita zeuden hiru pertsona, guztiak ere gizonezkoak.

1. gizabanakoa eskuineko aldearen kontra bermatuta zegoen, eta heldu nagusi baten gorpua zen. Berakin batera zeuden elementuen artean zapata bat, gerriko-belarria, eta alkandorako nakarrezko hainbat botoi berreskuratu ziren.

2. gizabanakoa ahoz gorako etzanera zegoen, eta 30-50 urte zituela kalkulatu zen. Harekin lotuta, nakarrezko sei botoi aurkitu ziren.

3. gizabanakoa jesarrita eta osorik zegoen. Eskuineko humeroan perimortem haustura bat zuen, jaurtigai batek eragindakoa. Toraxean, bost botoiek osatutako lerro bat aurkitu zuten, "SS” inskripzioarekin; horixe izan zen elementurik nabarmenena. Izan ere, udaleko funtzionarioa zela ondorioztatu zitekeen. Ondoan, nakarrezko botoiak, gerriko-belarri bat eta gerrikoko zati batzuk ere aurkitu zituzten.

Pertsona horiek identifikatzeko lanak orientatu ahal izateko elementu nagusia “SS” inskripzioa zeramaten botoiak ziren. Udaleko uniformea zeraman langilea zela ondorioztatu ahal izan zen horrela: su-hiltzailea, hiriko guardia, gauzaina, udal-bandako kidea, eta abar.

Errepublikazaleek eraildako hainbat pertsona eta frankistek hildako beste hainbat baztertu ondoren udal-agenteen artean, hipotesi bat zegoen: Millán Zabala Fernández izan zitekeelako hipotesia. Bestalde, José Zubiarrain Zabaletaren senideak Aranzadirekin harremanetan jarri ziren, hura ere hobitik ateratako gorpuen artean egon zitekeelakoan.

Hezur-hondarrak eta lagin ez-zalantzazkoak erkatzeko proba genetikoak egin ziren Toxikologiako Institutu Nazionalean. Emaitza positiboa izan zen, eta, beraz, berretsita geratu zen lehen proposatutako bi biktimak zeudela 1. hobian, eta 1. pertsona eta 3. pertsona gisa identifikatutakoak zirela, hurrenez hurren. Biktima horiek 1936ko irailaren 27an erail zituzten.

José Zubiarrainen gorpuzkia familiari eman zitzaizkion.

Millan Zabala eta hirugarren gizabanakoarena, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2018ko otsailaren 9an antolatutako ekitaldian.