Urbasako Soilguneko Leizea (Nafarroa)
KOKAPENA | Sima de El Raso de Urbasa (Navarra) |
BIKTIMAK | 10 |
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
DATA | 2013ko martxoaren 23tik 29ra |
José Urbizu Berastegi, (1916 Zegama, Gipuzkoa – 1936 Ameskoabarrena, Nafarroa) Zegaman jaio zen, eta ikazkina eta baso-langilea izan zen. Bere aita, Martín Urbizu Otaño, 1936ko abuztuaren 6aren eta 7aren artean desagertu zen (1). Abuztuaren 8an, José Urbizu Sakanara joan zen (Nafarroan), bere aita non zegoen galdetzera. Atxilotu egin zuten, eta kotxe batera sartzera behartu. Urbasa mendira eraman zuten. Uko egin zion kotxetik irteteari, bazekielako zein izango zen bere amaiera. Toraxean eta buruan egin zioten tiro, artean kotxearen barruan eserita zegoela. Bere gorpua Urbasako soilguneko leizera bota zuten, 1936ko abuztuaren 8an.
(1) Fusilatu egin zuten eta herritarrek Errebuelta Txikia izeneko eremuan, Etxegaraten, lurperatu zuten.
Balbino García de Albizuk (Urbasako soilguneko leizean eraildako biktima baten biloba) eta Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak (AFFNA) eskatuta, leizea aztertu zen, eta bertan aurkitutako hezur-hondarrak hobitik atera ziren.
Leizea Urbasako soilgunea zeharkatzen duen NA-7182 errepidearen eskuineko sakonunean dago. Zulo bertikal bat da, 10 metro ingurukoa, 40 metrotik gorako espazioa duen barrunbean zabaltzen dena. Lizarrako espeleologia-taldeko hainbat kidek aztertu zuten barrualdea eta, bertan giza hezurren hondarrak antzeman zituztenean, horren berri eman zuten. Era berean, inguruko artzainek gogoratzen dutenez, 1936ko udazkenean hainbat pertsona hil eta leizearen barrura bota zituzten. Gutxienez hiru biktimaren berri bazuten, 1956an leizeko zuloa itxi zenean jarri zen hilarrian inskribatuta baitzeuden.
Hezur-hondarrak hobitik ateratzeaz arduratu zen taldeak lehen azterketa-lanak 2013ko martxoaren 23an egin zituen, eta, gorpuzkiak, berez, hil horretako 27tik 29ra bitartean atera ziren.
Gizakien hainbat hezur-talde deskubritu ziren, batzuk anatomikoki lotuta, baina baita sakabanatuta eta nahastuta ere. Guztira 10 pertsonaren gorpuzkiak ziren. Hilotzak leizearen bertikaletik jaurtiko ziren, higakinen konoko plano inklinatutik leizearen barruraino joateko eta ia horma ukitzeko. Gutxienez bi kasutan, plano inklinatuan sakabanatuta zeuden. Ondorioz, pentsatzekoa da leku horretan geratu zirela harrapatuta, barruraino sartu gabe. Beste batzuetan, erretiratu ziren harrien artean aurkitu ziren hezur-hondarrak. Hamar pertsonak multzotan batuta zeuden, partzialki, zuloaren hormaren eta higakinen konoko oinarriaren artean zegoen kanalean modu erradialean jarrita.
Halaber, bost txakurren hezur-hondarrak ere berreskuratu ziren, horietako bat osorik. Gizakien hezur-hondarrek txakurren marka nabarmenak zituzten.
10. pertsona gizonezko heldu gazte bat zen, 20 eta 25 urte artekoa. Garezurrean hezur bat galduta zeukan, ezkerreko parietal-frontalean. Su-arma baten jaurtigaiaren sarrera-zuloa izango zela interpretatu zen. Era berean, bularrezurraren erdialdean mozketa bat ikusi zen, eskotean, atzeko aldeko perimortem hausturarekin eta kanalarekin lotuta. Su-arma baten jaurtigaiak bularrezurra eta toraxa zeharkatuko zituen aurretik atzera, ezkerretik eskuinera, eta beherantz, eta, seguru asko, bide horren kanala izango zen.
Ondorioz, bi lesio zituen, su-arma baten jaurtigaiak eraginda, eremu zefalikoan eta toraxean.
"Navarra. 1936" liburuan (Altaffaylla) jasotzen dena kontutan izanda, eta senide zuzenei jasotako testigantzen arabera, José Urbizu Berasategi nola hil zuten jakin da. Informazio hori bat dator leizean aurkitutako 10. gizabanakoaren ezaugarriekin, adina eta eskeletoko lesioak batik bat. Proba genetikoak egin ziren, eta orientazio hori berretsi zen.
2015eko ekainaren 7an, Zegamako Udalean eta kanposantuan omenaldi-ekitaldi bat egin zen. Bertan, hezur-hondarrak familiari entregatu zitzaizkion, eta, ondoren, "Oroimenaren Txokoa” panteoian ehortzi ziren. Panteoi horretan, zehazki, frankisten errepresioaren biktima izan ziren Zegamako bizilagunei egiten zaie aitortza.
Ekitaldi formal hartan egon ziren, senide eta auzokideak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiko burua, Martín Garikano; Zegamako alkatea, Edurne Albizu; Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro; eta Gipuzkoako Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria, Marina Bidasoro.